Ane Labaka Mayoz.

Ber-

2018ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Lagun bati ikasi nion behin inor ez dela ezinbestekoa inon. Beti defendatuko dut, hala ere, badirela ordezkaezinak diren pertsonak. Objektuekin gertatu izan zait aurkakoa; liburu batek ordezkatu izan du egun batzuk lehenago ohe ondoko mesanotxean utzitako beste bat, lore bildu berrien sorta batek aurrez ximeldutako bestea, more koloreko hortz eskuila distiratsuak dagoeneko ertzak zabalduak zituen gorria edo udaberriko maindire finek neguko edredoi astuna, automatikoki. Pertsonekin, batzuetan, ez da hain sinplea.

Horregatik, ez dakit zenbateraino den zuzena Bertsozale Elkartearen baitan ile kizkurdun gizon maitakor/-garri batek lehendakaritza kargua utzi eta zortzi pertsonak osatutako lantaldeak bere gain hartuko duela esatea. Batez ere, taldekide berrien hasierako diskurtsoak des- aurrizkia aipatzetik urrun ber- aurrizkiari gorazarre egin dionean. Hogeita hamar urteko ibilbide oparoa izan duen elkartearen «oinarrizko ideiak berrestea eta neurri batean berridaztea» dute helburu, beraien hitzetan «mugimenduak berak zor baitio bere buruari eta gizarteari etengabe berpentsatzea eta berkokatzea».

Berrantolaketak eredu aldaketa ausarta ekarri du berarekin eta, aldi berean, indartzea. Iruñean martxoaren hamarrean egindako batzar orokorrean jakinarazi bezala, orain arteko aurpegi bakarreko lehendakaritzak izaera poliedrikoa izango du aurrerantzean. Askok ordezkaezintzat daukagunak «ekipo humano indartsu» gisa definitu du, duela urte batzuk hasitako prozesua tarteko, azken urte luzeetan esku artean zeraman lekukoa konfiantza osoz eta goxotasunez askatzen lagundu dion taldea.

Miren Amurizari www.bertsoa.eus atariak egindako elkarrizketa batean entzun genion duela gutxi bere ustez bertsolaritza jada ezin dela singularrean deklinatu, aitzitik, bertsolaritzak daudela. Pluraleko marka horren indarra azpimarratzera nator ni ere. Ziurrenik aurreko asteburuan egin nituen plazek ez dutelako antzekotasun handiegirik asteburu honetan edo hurrengoan egin ditzakedanekin, edo are, beste bertsolari jakin batek egin zituenekin edo egin ditzakeenekin; entzule mota eta kopuruan, espazioari eta agertokiari dagokienez, formatuan, bertsokideetan, giroan, edukian, bertsomodu eta moldean... Eta, hala ere, egia da denak direla elkarren osagarri, denak hartzen ditudala mugimendu beraren zatitzat.

Mugimendu horren zati diren moduan hilabetero Ahalduntze Bertso-Eskolaren baitan larunbat goiza beste hamalau emakume bertsolarirekin partekatzeko dudan aukera, gabonetan sorkuntza diziplina ezberdinetan dabiltzan gazteentzat antolatzen dugun Sormen Egonaldia, egungo (eta etorkizuneko) bertsolaritzaren oinarritzat ditudan urteroko bertso-udalekuak, bertsolaritzaren inguruan ikertzea ahalbidetzen didan ikerketa-beka, astero-astero herriko gaztetxoekin euskara jolasgai bilakatuta gozatzen dudan bertso-eskolako ordubetea, gaztetxo horiei bertsolaritzaren lagin bat erakutsi nahi diedanero eskura dauzkadan sareko plazak nahiz dokumentazio zentroa... eta beste hainbat.

Ederra litzateke, ezbairik gabe, mugimendu honetako partaide sentitzen garen norbanako bakoitzak horrelako zerrenda bat osatu eta elkarreraginak, harremanak eta sinergiak irudikatzeko asmoz norberaren hari muturrak besteenekin lotuz sortuko genukeen marrazkia. Kolore, forma, ehundura eta jostura ezberdinetako txatalez osatutako oihal zabal bat irudikatu dut nik neure buruan, adabaki berriak josteari beldur handiegirik ez dion oihal gero eta zabalago bat.

Aniztasun hitza azalean urtikaria sorrarazteraino errepikatzen den garaiotan, goraipatzekoa iruditzen zait bertsolaritza eta bertsogintzaren mugimenduaren zabaltasun eta aniztasunarekin barkatuko didazue erredundantzia bat etorri eta ardura taldean hartuz ikuspegi ugariko lehendakaritza modua lehenestea. Lekukoa hartu dutenetako batek adierazi bezala, gainera, aldaketak «gizarte irakurketa bati erantzuten dio, bertsolaritza ziklo aldaketan dagoenez Bertsozale Elkarteari ere badagokiolako berritze horretara egokitzea».

Elkartea jende askok eta, ondorioz, ikuspegi askok osatzen dutela bistakoa da. Bertsozale Elkartea inurritegi bizi bat da zerbait izatekotan; etengabeko mugimendua. Soldatapeko nahiz borondatezko inurri lana du oinarritzat eta horregatik da, nire iritziz behintzat, horren aberasgarria gidaritza karguetan ere aniztasunari leku egitea, hain zuzen ere, oinarri-oinarriko bezain oinarrizko inurri lanetan ari direnek ere gainerako guztia mugiarazteko gaitasuna izan dezaten.

Aurtengoa, gainera, mugimendu hori oraindik eta biziago bilakatzeko urtea izango da, kanpora begirako aurrez aipatutako aldaketez gain, barrura begirako gogoeta sakon bat burutzeko urtea izango dela iragarri baitu dagoeneko zuzendaritza-talde berriak. Badirudi, beraz, inurriek mugimenduan jarraituko dutela, ingurukoen azaletan kilimak egin eta tarteka azkura eragiten eta, nola ez, aldiro azala aldatu eta mamia berrasmatzen.

Ondo joan (ez urrutiegi, badaezpada). Eta, batez ere, ondo etorri.

Bide on.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.