Benetako udaberria urrian izan zen

Gabirel Ezkurdia Arteaga
2017ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Gertakari historiko paregabe bat izan zen 1917ko azaroaren 8an. Herriak, herri xumeak, langileriak, boterea bere esku hartu eta bere beharrizanak asetzeko historiako lehenengo estatu sozialista eratu zuen.

Horrek dena laburtzen du. Boterea ez da inoiz «hutsik» egon, beti egon da norbaiten eskuetan. Eta ordura arte beti egon zen gutxiengo zapaltzaile baten eskuetan.

Botere guztia Sobietentzat aldarrikatu zutenean, ikaragarrizko urratsa eman zen, ez bakarrik adierazpen historiko bat plazaratu zelako, benetan 1917tik aurrera Errusian legean eta egunerokotasunean berba horiek errealitate bihurtu zirelako, baizik.

Esanguratsua da. Emakumeek Iraultza martxoaren 8an, Emakume Langilearen Egunean, Petrogradon piztu zuten. Gero hilabeteetako gorabeherak: Mentxebike eta eseristek Sobietak ezarritako 33 helburu eta promesak hitz huts bihurtu zituzten; hori zela eta, Leninen apirileko tesi garrantzitsuak; ondorioz, uztaileko errepresio zabala; erantzun herritarra; eta azkenez, Korniloven estatu kolpea: udazkeneko matxinada boltxebikea behartu zuten giltza.

Erregimen Zaharrak giza aurpegiko demokrazia burges baten bitartez herria liluratu nahi izan zuen. Horretarako beraien burua iraultzailetzat zuten erreformista mentxebike ete eseristak ezinbesteko aliatuak bihurtu zituen.

Urriko iraultzak «hitz hutsak» baztertuz, hainbat ekarpen bermatu zizkion herriari, 1918ko konstituzioan jasoz eta praktikan jarriz; herriaren boterea finkatzeko sobieten errepublika aldarrikatuz; zapaltzailerik gabeko botere organoen eraketaz; ekoizpen baliabideen langileriaren jabetzaz; iraultzaren defentsan, herri langilearen armatzeaz; lan egiteko beharraz; banka eta kapitalen publikotasunaz eta nazionalizazioaz; lurrarekiko jabego pribatuaren deuseztatzeaz; herrien autodeterminazioaz; bakegintzaren inposaketaz...

Herrien autodeterminazioarekin bat, iraultza emakumearen askapen prozesuan emandako urrats paregabea izan zen. Usadioen askapena; dibortzioa; abortoa; homosexualitatearen despenalizazioa; soldata negoziatzeko ahalbidea; lanarekiko kontziliazioa; haurdunaldia eta lana erregulatzeko neurrien aukera; bozkatzeko eskubidea...

Eskola publiko, laiko eta dohainekoa (1918an 38.000 eskola ziren Errusian, 1919an 64.000); analfabetismoaren erradikapena; umezurtzen (milioiak) formakuntza; kulturara heltzeko aukera unibertsala; ondare kultural osoaren nazionalizazioa...

Sinestezina gainera, iraultzak aldarrikatutako eskubide eta neurrien garapena ikaragarrizko egoera ezkor eta basati batean hedatu zela, kontuan hartzen badugu. Alemania eta bere kideen aurkako nazioarteko gerrak eragindako kaosa; gosetea; kontrairaultzak sortutako gerra zibil terrorista; tifus izurria... Baldintzarik zailenetan urriko iraultzak ekinez estatu sozialistaren bidea sendotu eta finkatu zuen.

100 urte eta gero, neoliberalismoak bere eredua mundiala egin duenean eta gizartea banakatuz eta zibernetikoki eratuz erabat alienatuta, urriko iraultzak eskainitako ikasgaiak baztertu ditugu. Egun, sistemak iraultza hitza hustu du, bereganatuz, eta kotxe edo mailegu lehiakorrenak dira iraultzailetzat jaso ditzakegun «produktu» aurrerakoi eta erosgarrienak.

Gure «ongizate iraultzaileak» itsutu gaitu. Ez dugu 1917ko iraultza bere neurri paregabean ikusi nahi. Orduko gizarte errusiar atzeratuan orain normaltzat hartzen ditugun eskubideak tresnatzea, iraultzaren ondare ukaezina da.

Haustura. Iraultzak erreformaren bitarte faltsua biluztuz, helburuak benetan iraultzaileak izateko, sistemaren hausketa ezinbesteko bidea zela argi utzi zuen. Gaur egun «ezkerrak» entzun ere egin nahi ez duena, alegia.

Sozialdemokraziaren paper erreformista kontrairaultzaren bizkarrezurra da. 1945etik aurrera argiago ongi izatearen giza aurpegizko kapitalaren ereduaren kudeatzailea izanik. Gaur sistemak asimilatu ezingo lituzkeen eskarien ezabatzearen arduraduna: bankuen nazionalizazioa eta publikotasuna; eskola pribatuen indargabetzea, energi zerbitzuen nazionalizazioa; laikotasunaren tresnatzea...

Klase kontzientzia munduko gizaki gehienak bateratzeko leloa da. Orduan nazionalismoa gizakien zatiketaren erantzule bazen, egun identity politics klixearen bidez garatutako eskubideen sektorializazioaren arabera, kapitalak eskubide zapalduen eskaera bereganatu, asimilatu eta epeldu du eta talde ezberdinen arteko bizkar hezurra litzatekeen klase kontzientzia ezabatu du. Klase kontzientziarik gabeko borrokak (feminismoan, LGTBn, ekologismoan...) arimarik gabeko jardun erreformistak bihurtu dituzte.

Aberri Sozialista. Nazionalismoaren gainditzetik dator. Abertzaletasuna komunitarismoan sortzen da. Egitura kolektiboetan identitate kultural eta sozialen arteko dialektika enpatikoan eta dinamikoan oinarrituz, bideratzen diren esperientzia kolektiboek, taldekide egiten gaitu, eta aberri kontzeptua eratzen dute. Eskola, ospitalea, lantegia, unibertsitatea... eguneroko esperientzia kolektibo gune bezala, aberri anitz eta komunaren jatorri dira. Horregatik abertzaletasuna nazionalismotik at eraikitzen den nortasun sozial kolektibo baten adierazpena da. Aberri sozialista burujabeaz gain,herritarra da eta horregatik demokratikoa.

Lidergo eraginkorra. Zeharkako politikagintzen garapenean batzuetan batze dinamikak ase ezinak bihurtzen dira eta helburua, ariketa hegemonikoa alegia, inoiz ez da iristen. Prozesu politiko iraultzaileak hegemoniatik garaitzen dira. Zeharkako dinamikak gehiengo heterodoxoak biderkatuz hazten dira, gero kontsentsu taktikoak eratzeko. Baina horren harira, sarritan malgutasun taktikoak helburu estrategikoak ezinezko bihurtu ez ditzan, oinarrizko ortodoxia bat ezinbestekoa da. Horretarako boltxebikeek argi utzi zuten gehiengoa, sobietak, garaipenera eramateko lidergo tinkoak eta eraginkorrak galbide erreformistak ekiditen zituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.