Belgikak xake egin dio CETAri

2016ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Ustez berreste-prozesu lasaia izan behar zena zailduz doa unetik unera. CETA Ekonomiaren eta Merkataritzaren Itun Orokorra da Europako Batasunaren eta Kanadaren artean. Iritzi publikoak hari erreparatu orduko, isilpeko negoziazioa buruturik zegoen, eta izenpetze formala urriaren 27an egin behar zen, EBren eta Kanadaren arteko gailurrean, Bruselan. Dena dela, gailur hori arriskuan dago, Belgikak airean dauka EBren apustu estrategikoa, merkataritza-arloko itunen arloan. Belgikak ezin du CETA sinatu, Valoniako parlamentuak horretarako baimenik eman ez diolako. Batasuneko beste estatu batzuk ere erreparoak jartzen hasita daude.

CETA, TTIPen parekoa, bazegoen negoziaturik gu konturatu orduko, eta itunaren edukia ukiezina zen. Ordurako, izenpetzea eta berrestea besterik ez zen behar. Baina TTIPen gainean egin den kritika eta gizarte-presioa nahikoak izan dira CETAren garaipenezko martxa zapuzteko.

Lehenengo, akordio misto gisa hartu behar izan zuen Europako Batzordeak, gizarte-presioa gero eta handiagoaren ondorioz. Hori dela eta, EBko 28 estatuek berretsi behar dute, guztira 40 parlamentuk berretsi behar dute —estatuetakoek, erregioetakoek eta europarrak—. EBren erabateko eskumeneko akordioa izan balitz, Europako Kontseiluak eta Parlamentuak onetsi beharko lukete soilik. Jadanik, mobilizazioen eta kanpainen lehen garaipena izan da.

Gero, zenbait gobernuren kritikak ere iritsi dira, herrialde askotan egin diren mobilizazio eta kanpaina ugarien bultzadaz. Hori horrela, EBk eta Kanadak adierazpen gehigarri bat txertatu behar izan dute itunaren testuan, punturik eztabaidatuenei erantzuna eman nahian. Hala ere, adierazpen horretatik jakitera eman dena ez da gogobetegarria izan denentzat. Batzuentzat, «politikoki zuzena» delakora itzuli nahi dutenentzat, adierazpenak errazten du itunaren onarpena; baina antolakunde sozial eta sindikalentzat, herri-mugimenduentzat... itunen aurkako kanpainen eragile nagusientzat adierazpen horrek ez du ezer aldatu.

Balioespen berdintsua egin du Valoniako Parlamentuak, eta orain dela zenbait hilabete CETAri eman zion ezetza berretsi egin du. Eta, beraz, Belgikako Gobernuak ezin du ituna sinatu. Belgikak sinatzen ez badu, EBk ezin du sinatu. Eta sinadurarik gabe, ez dago itunik.

Halarik ere, eta espero izatekoa zenez, Belgikaren eta Valoniaren gaineko presioa eginez hasi dira, eta ez dago zalantzarik «in crescendo» joango direla, ez baita makala jokoan dagoena.

Gure esku dago itun hori geldiaraztea; izenpetzea eragozterik ez badugu, estatu kideek egin behar duten ondoko berrespena eragozten saiatuko gara.

Milaka langile eta herritar mobilizatzen ari dira egun hauetan europar gobernuak eta erakundeak presionatzeko, eta negoziazioen behin betiko blokeoa lortzeko.

Guk ere bat egingo dugu Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak eta TTIP-CETA gelditu kanpainatik antolaturiko mobilizazioekin, Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean, azaroaren 5ean, egingo diren mobilizazioekin.

Garaiz gaude itun horiek geldiarazteko! Gure etorkizuna horren menpe dago!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.