Katiximan ezagutu dugun Palestina hura, ingelesen kolonia izan ondoan, turkoen meneko bilakatua zen aspaldi honetan. Theodore Herls juduak akuilaturik hemeretzigarren mende hondarrean, munduan barna sakabanatutako juduak hasi ziren lehenagoko Palestina hartara etortzen, han salgai ziren lurrak erosten eta han finkatzen, hor bizi ziren arabiar giristino eta mahomatarren ondoan.
1939-45ko gerla garaian, Hiltlerrek juduak suntsitu nahi izanik, Nazio Batuen Erakundeak 1947an erabaki zuen bi estatuen sortzea Palestinan, bat juduentzat eta bestea hor bizi ziren palestinarrentzat: Israel eta Palestina. Baina palestinarrek ez zuten onartu lur horren parte bat juduen esku uztea. Juduek, aldiz, Palestina oso-osoa nahi zuten, Nazio Batuek palestinarren esku utzi zituzten parteak barne. Ordukoa da Georges Habache palestindar giristinoaren inguruan sortutako FPLP edo Front Populaire de Libération de la Palestine, beren lehen talde armatua. Geroztik ez da bakerik izan palestinarren talde armatuaren eta Israelgo armadaren artean: 1967an sei egun iraun zuen gerla hura, 1987ko Intifada eta beste. Geroztik armak dira mintzo.
Emeki-emeki israeldarrek beretu dituzte palestinarren Zizjordaniako lur hoberenak, Nazio Batuen erabakiak zangopilatuz, horretaz nehork arrangura handirik izan gabe.
Tupina tapatuaren azpitik sua 70 urtez akuilatzearen bortxaz, tupina zapartatu da, eta hortarik joan den eguneko izugarrikeriak, denek kondenatu baitituzte.
Orokorki, denak palestinarren gain eman ditu Frantziako prentsaren gehiengo handiak, nondik heldu zen hori aipatu ere gabe gehienek. Eta Mendebalde osoan berdintsu izan da. Mugaz zuen aldean, askoz ere hobeki informatuak izan zarete.
Frantzian, Melanchon diputatua denek kondenatu dute ez zituelako palestinarrak terrorista deitu nahi. Baina beren kontraerasoan israeldarrek 13.000 palestindar baino gehiago hil dituzte, eta ez dut aldi bakar batean entzun «terroristak» zirenik media beretan, palestinarrak zirelakotz lehen hobendunak. Israelgo bonbek hil dituzten haurrak ote ziren hobendunak? Ala milaka hil dituzten zahar eta emazteak? Aitortu behar da Mendebaldeko herri gehienak ere bide horretarik ibili direla. Duela gutxi baizik ez dira «hasi» beste aldea ere aipatzen. Ordu arte palestinarren alde zerbait erraten zuena, antisemita izateaz akusatua zen. Pentsa zertaratuak ziren, ez zen gehiago Ukrainarik bazela ere ikusten, ordu arte luze eta zabal aipatzen zutelarik.
Hemen, Gure Irratia-k elkarrizketa bat egin du, euskaraz gainerat, israeldar batekin, gertakariaren erroak ere garbiki aipatuz. Zinez salbuespena izan da. Txaloak merezi ditu.
Egiaren erraitea ez zen bada palestinarren edo israeldarren zuritzea izanen. Alderdikeria horrek palestinarren sarraskiarekin hasi eta segitu du, Israel Gazako lurretan sartu delarik. Israeldarren aldetik ikusiak ziren denak.
Geroari buruz ez dugu Nazio Batuen erabakia errespetatzea beste aterabiderik ikusten. Nazio Batuek bi eremu emanak baitzizkieten palestinarrei, horiek palestinarren esku uztea, aspalditik Israelek beretu dituenak barne. Zisjordania barne. Bakoitzari berea: Israeli berea, eta Palestinari berenak. Aments egin baditake! Alde horretarat mintzatzen entzun ditudan bakarretarik, frantses Aita Saindua eta Vesco Aljerko apezpiku katolikoa. 22an, astezkenean, Aita Sainduak erran du, denetaz mintzatuz: «Hau ez da gerla. Terrorismoa da».
Bururatzeko ez nagoke erran gabe nor diren palestinarrak kondenatu dituzten bakezaleak. Ingelesak? 1945an, 22 minutuz beren 380 hegazkinek botatako bonbek 18.000 lagun hil zituzten Alemaniako Pforzheim hirian (soldado egon naizen hirian), hiritarren herena, deus militarrik ez zelarik hor.
Frantsesak? 1914-18ko gerlarik izanen ote zen, Frantziak ez balitu berreskuratu nahi izan 1870an alemanek beretutako Alsazia eta Lorena, orain palestinarrek beren lurrak bezala? 1,4 milioi hil ziren. Horietan 19-22 urteko gazteen herena pasa Frantzian!
Berak idatzi duenaz, Aljerko Kasbah auzoaldean bakea egiteko, sei hilabetez, 3.000 arabe garbitu zituen Aussaresses komandanteak bere komandoekin? Jeneral bururatu zuen erretiroan sartu aitzin, Légion d'honneur xingolarekin?
Japoniako gerlan, 1945ean, bedera bonba atomikorekin, Hiroshima eta Nagasaki hirietan, kolpez berrehun mila hil zituzten amerikarrak?
1947tik orain arte, isil-isilik, israeldarrak nahi zutena egiterat utzi dituzten Nazio Batuak?
Beleak zozoari beltza entzun diot behin amatxiri.