Beldur kolektiboa eta maitasun komunitarioa

2016ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Gizarte Zientzietan, identitate kontzeptua lagungarria da gizakien garapen psikologiko eta soziala ulertzeko. Askotariko identitateak bizi dira elkarrekin gu guztiongan: sexuala, generoari dagokiona, familiakoa, kulturala, sozioekonomikoa, nazionala, politikoa, erlijiosoa... Identitateak erreferentzia egiten die gizabanakoen jokabideari, abileziei, sinesmenei eta historiari, haien beren irudi sendo batean bildurik.

Emozio primario bat da beldurra edo ikara, zeina ezaugarritzen baitu sentipen desatsegin bizi batek, arrisku baten pertzepzioak eraginak, arrisku benetako edo balizkoarenak, oraineko, etorkizuneko edo, are, iraganeko batenak. Arriskuarekiko edo mehatxuarekiko herra naturalak eragina da, eta animalia guztietan ageri da, baita gizakietan ere. Zerikusi zuzena du antsietatearekin.

Identitateak eta beldurrak bat egiten baldin badute —maizegi, sarritan—, arrisku pertzepzio bat ernaltzen da, bai eta ustez «daukagun» zerarik intimoen horren —identitatearen— arriskuarekiko edo mehatxuarekiko herra halako bat ere. Beldurra oso handia baldin bada, zoroaldi kaskarin zentzugabe halako batean, tematu egiten gara —kosta ahala kosta— sentipen desatsegin bizi halakoa saihesten, bai eta betikotzen ere —leher edo zapan— norberaren irudi propioa eta geure inguruarena, zeinaren bidez elikatu ahal baitugu «denak bere hartan» dirauelako sentipena eta, hortaz, kontrolatzeko modukoa delako irudipena.

Norberaren irudiari bere hartan eta ukigabe iraunaziz, berriz, kaltetu ageriko bat dago: gu geu. El Canto del Loco taldekoek ezin hobeto adierazi zuten beren kantu didaktiko haietako batean: «Con miedo despiertas, cada mañana/ Con miedo tú empiezas, con miedo tú juegas/ Con miedo a vivir, tú tienes miedo a vivir (...) Corazón, ahora tienes que pedirte perdón/ por creerte siempre feo y culpable/ y sufrir cada vez que sale el sol».

Horren harira, Miguel Ruiz mediku toltecak ederki azaldua du zertan bereizten diren beldurraren bidea eta maitasunaren bidea: 1) Beldurra, esana dugunez, modu egoistan ahalegintzen da kanpoarekiko harremanak eragindako oinaze emozionaletik babesten; ateak ixten ditu, zakarra da./ Maitasuna, berriz, eskuzabala da, hartzen duena baino gehiago ematen du, nahiz eta gizaki egoistei ez dien uzten hartaz baliatzen./ 2) Beldurra baldintzez eta betebeharrez josia dago./ Maitasuna baldintzarik gabekoa da, ez dakar betebeharrik, askea eta boluntarioa da./ 3) Beldurrak, betebeharrez josia izaki, bete beharreko hainbat itxaropen sortzen du, eta, horiek bete ezean, frustrazioa eta sufrimendua dakartza./ Maitasuna jolasa da, libertimendua, plazera, eta ez dakar sufrimendurik, ez baitu bete beharreko itxaropenik. 4) Beldurra tristeziaren, jelosien, gorrotoaren eta erruaren eskutik doa. Beldurra gezurtia da, eta, benetan zoriontsua ez bada ere, adeitasun plantak egiten ditu./ Maitasuna adeitsua da, zoriontsua baita: «Zuri darizun maitasunaren emaitza da zoriontasuna». 5) Beldurra ahalegintzen da bere egintzen erantzukizuna saihesten./ Maitasuna, pertsonak axola zaizkionez, bere egintzen ondorioen erantzule da, iraganekoena, orainekoena eta etorkizunekoena. 6) Beldurra mingarria da, ez du errespeturik, gehiegi eskatzen du, eta bere buruarekiko errukibera da./ Maitasunak errespetuz jokatzen du, errukiorra da, baina ez du penarik sentitzen, uste osoa du nork bere burua garatzeko gaitasunean. 7) Beldurrak zigortu egiten du etengabe, bidegabe, eta zauri emozional ugari eragiten ditu./ Maitasuna justizian oinarritzen da, eta behin bakarrik ordainarazten du hutsegiteengatik, eta, horrez gainera, haietatik ikasten ahalegintzen da. 8) Beldurrak errukirik gabeko gerra bat pizten du inoren erabakiak kontrolatzeari dagokionez./ Maitasuna bere erantzukizunaz arduratzen da, eta ahalegintzen da taldean partekatzen eta gozatzen.

Guaranien kondaira batek dioenez, behin batean izugarrizko sute bat gertatu zen oihanean. Animalia guztiak beldurrak airean omen zihoazen ihesi, ikaragarria baitzen sua. Eta, bat-batean, jaguar batek kolibri bat ikusi zuen, buruaren gainetik zebilkiola hegan, kontrako bidean… suterantz. Harri eta zur begiratu zion jaguarrak, baina ez zen geratu. Handik gutxira, berriro ikusi zuen txoria; ordukoan, jaguarraren biderantz hegaka. Behin baino gehiagotan ikusi ahal izan zuen txoria hegan, joan-etorri. Harik eta txoritxoari berari galdetzea erabaki zuen arte, oso bitxia iruditzen baitzitzaion haren jokabidea: «Zer ari zara, kolibri?», galdetu zion jaguarrak. «Aintzirarantz noa», erantzun kolibriak. «Ura mokoan hartu, eta surtaraino daramat, hala sutea itzaltzeko». Jaguarrak ezin sinetsi zuen entzundakoa. «Erotu al zara?», esan zion. «Zer uste duzu, zure moko txiki horrekin eta zeuk bakarrik itzaliko duzula?». Eta kolibriak erantzun zion:«Badakit nik bakarrik ez dudala itzaliko. Nik neure partea egiten dut».

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.