Gazte boterearenindarrak kolpatu zuen Urduña. Erresistentzia hutsa ez zen aukera bat. Boterea nahi genuen. Eta guk geuk eraikiko genuen. Euskal Herriaren independentziarako bulkada berri bat. Ipar argia: Euskal Herri aske, sozialista eta feminista eraikitzea. Baina noiztik feminista? Hori ez al genuen sozialismoarekin lortu behar?
Olatu feminista gure egin genuen, eta neska* gazteok antolakundea goitik behera astinduko zuen tsunamia sortu genuen. Autodefentsa feminista gure armarik onena izan zen eta neska* gazteon ukabil itxiaren indarra, gazte boterearen indar bilakatu genuen. Ernai geunden eta Aitzina gindoazen.
Estrategia aldaketa ere gurea izan zen. Gure —eta guk geuk— egin genuen. Orri zuri bat marrazteko. Bueno, orria ez zen zuria guztiz, baina guk kolorez bete genuen. Aurrean geneukan agertokia ederra zen, topaguneko ekitaldi nagusi baten handitasuna sumatzen genion; jendez gainezka eta emozioak dardarka, baina lanari ekiteko gogoz. Ez geunden prest BuruGABE izateko, BuruJABE izan nahi genuen eta Burutakzio asko, mahai gainean kolperen bat eta etxe barrura begira jarri ostean, 11 borroka, 11 subjektu, 11 ildo, 11 estrategia hasi ziren ernaltzen.
Kolektiboan sinesten genuelako etengabeko eraldaketa beharrezkoa geneukan, teoria eta estrategia bat geneukalako —eta daukagulako— tematzen ginen —eta gara— praktikan. Praktika bat, Herria Mugarri bai, baina gure militantzia eredua, borroka moldeak eta gu geu ere mugarri gintuena. Epika zaharrek ez ziguten balio aurrean genuen erronka berriari heltzeko. Ikasi, desikasi... olatu sozialak esna harrapa gaitzan (eta harrapatu gintuen, bai). Praktika horretan ikasi genuen ezin bagenuen dantza egin hori ez zela gure iraultza, eta Zornotzatik Igorrera sugarren artean dantzan sartu ginen!
Gure dantzak piztutako sugarretatik Akelarrea burutu genuen. Euskal Herri aske eta burujabe baten aldeko aldarria lau haizeetara zabaldu zen Oiartzunen sorginkeriatan genbiltzala; baina magiarik ez, behar genuena euskal gazteria independentistaren askatasun bulkadak ziren!
Hartu, bizi, borrokatu... «No cantó Tafalla, pero sí Euskal Herria», baina oraingoan etxetik; izan ere, zerbait gertatu omen zen munduan 2020an.
Aisialdirik gabe, elkar zaintzarik gabe, lanik gabe... topatzeko gunerik gabe utzi gintuzten, baina ez topagunerik gabe. Jakin genuen konfinamenduan ere gure artean topatzen eta, zergatik ez, desobeditzen. Ez ginen geratu neurriak noiz kenduko zain, ez geunden inoren zain; ikurrina eta nafar banderak bizkarrean, Urbia, Serantes, Bianditz eta Tafalla konkistatu genituen, eta horrela, elkar zaintzeaz gain, gure bazterrak ere zaindu genituen.
Gure bazterrek eta guk bostehun urteren ondoren zutik jarraitzen dugu; Amaiurren ez genuen dena galdu, herri honen bihotz taupada ez da inoiz eten. Eta bihotz taupada horrek ematen digu gaur egun ere indarra eta gogoa borrokatzeko, boterea lehiatzeko, erabakitzeko, maitatzeko, gozatzeko, desobeditzeko...
Euskaldunak eta euskaltzaleak gara, independentistak, ekologistak, feministak, antirrazistak, sozialistak, marikak, bollerak eta genero disidenteak! Eta jarraituko dugu gure borroka beste borroka batzuekin txirikordatzen, bizitzeko beste modu bat posible dela badakigulako!
Izan ere, hori da Gazte Topagunea, bizitzeko modu bat. Ariketa kolektibo bat. 1994an Etxarri Aranatzen elkartu ziren gazteak mugitu zituen bihotz taupada bera daramagu guk barnean. Indibidualismoa gainditu eta beste Euskal Herri bat posible dela dakigun gazteak —eta ez hain gazteak— elkartzeko momentua da. Elkar zaindu, gozatu, ikasi eta borrokatu nahi duen komunitatea gara.
Hamar eta zutik, ez diogulako utzi borrokatzeari, eskaintzen diguten errealitatea ez zaigulako gustatzen eta autogestioan eta kolektiboan eraikitako alternatiba bat badagoela badakigulako. Apirilaren 6tik 9ra Elorrion alternatiba hori ukitu, edan, entzun, sentitu, jan, eztabaidatu eta eraikitzera goaz, eta zin egiten dizugu aukeratu duzun bizitzeko modu honek merezi duela. Zin egiten dizugu bizitzeko modu egokia aukeratu duzula.
Borrokan bizi gara. Eraldatzen bizi gara. Zaintzen bizi gara. Gozatzen bizi gara. Beste herri bat eraikitzen bizi gara.
Bizi dezagun Gazte Topagunea!
ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE IZENPETZEN DUTE: Amaia Etxabe Goikoetxea, Maddi Isasi Azkarraga, Jon Iker Aramendi Jimenez, Xabi Iraola Larraia, Gotzon Elizburu Beristain, Itsasne Fernandez Duarte, Iker Alcedo Cano, Lur Albizu Etxetxipia, Paul Laka Garamendi eta Asier Zamorano Arri,Sortuko Nazio Kontseiluko kideak eta Ernai gazte antolakundekoak izanak.
Belaunaldi oso bat Topagunera!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu