Ane Larrinaga Renteria.

Belaunaldi arteko etenaz

2016ko irailaren 11
00:00
Entzun
Pertsona helduentzat kezka iturri izan ohi da beti belaunaldi berrien txertatze-modua beraiek bizi izan duten mundu sozialean eta politikoan. Hortaz, arretaz begiratzen dituzte, baita ondo begiratu ere, ustez gazteen egokitzapen hutsa beharko lukeen integratze prozesu horretan sor litezkeen aldaketak eta gatazkak. Azken batean, helduek beren bizitzez eta beren munduaren zentzuaz eta jarraipenaz dituzten ardurak islatzen dira neurri handi batean gazteen inguruko eztabaidetan.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeen emaitzen harira, eztabaidagai izan dira, bai egunkari honetako orrialdeetan, bai bestelako hedabideetan, euskal gazteen jokabide politikoan azkenaldi honetan gauzatutako aldaketak. Nabarmendu da tradizio sendoa eta fideltasun-maila handia izan duten alderdi abertzaleen hautesleriaren barnean gertatu den belaunaldien arteko etena, batik bat ezker abertzalean. Besteak beste, ikusi da boto-emaileen adinak gora egin duela eta ohiko boto-emaileen hainbat seme-alabak bestelako aukeren alde egin dutela.

Itxura batean, irudi luke helduok gazteriaren inguruan bizirik dauzkagun errepresentazio sozialek kutsatu egiten dutela behin baino gehiagotan gure begirada. Esparru politikoan, batik bat. Azken batean, belaunaldi bakoitza bere historiaren eta garaiaren emaitza da. Adibidez, gaur egun adin eta ibilbide jakin bat duten euskal herritar askoren iruditeria kolektiboan errotuta daude oraindino beren belaunaldiko gazte antifrankisten imajinak, baita 80ko gazte abertzale politizatuen figurak ere, gazte eredu horiei esleitzen zitzaizkien esanahi guztiekin horniturik: konpromisoaren balioa, ezarritako ordenaren aurkako jarrera, berrikuntza eta aldaketa nahia. Eta, XXI. mendearen hastapenetan badirudi,zergatia ondo jakin barik, irudi horiek guztiak gain behera datozela eta beste aldeko muturrekoek hartu dutela haien lekua, esaterako, gaurko gazteen aldakortasun politikoak eta, areago, haien axolagabetasunak edo despolitizazioak. Eta, hala ere, aurreiritziak aurreiritzi, nonahi ikus daitezke gazte asko harreman sozial eta praktika politiko desberdinak esperimentatzen eta ikasten: soziabilitate-estilo eraberrituak frogatzen herri eta auzoetako lonjetan, gune autogestionatuetan trebatzen, herri harresiak eraikitzen, bestelako organizazio feministak antolatzen...

Baina, jokabide politikoan ez ezik gainerako bizitza esparruetan ere, gero eta argiago ikusten dira belaunaldien arteko etenaren zantzuak gure inguruan. Eguneroko bizitzan sumatzen ditugu, nabarmen. Sozializazio ororen tresna gisa, transmisioa eginkizun gero eta neketsuagoa da aldaketa sozialak eta kulturalak oso azkar gertatzen diren garaiotan. Gazteen jarrera, balio eta jokabideetan hezurmamitzen dira, hain zuzen ere, aldaketaren norabide berriak. Hala, gure artean ere, gurasoak kezkati agertzen dira ez dakitelako ondo umeei beren balioak helarazten familia barruan. Zer esanik ez, helarazte horrek zailtasun bereziak dituenean, euskararekin gertatzen den bezala. Lehen hezkuntzatik unibertsitatera bitarteko ikasgeletan, berriz, handituz doa irakasleen nora eza nerabe eta gazte askoren jarreren aurrean. Sindikatuek, beren aldetik, alarma gorria pizturik daukate langile berriek ez diotelako jarraitzen aro modernoan lan munduan indarrean egon den tradizio sindikalistari. Eta ohiko alderdi politikoek gero eta urrunago dute gazte-jendearen atxikimendua. Hitz batean, orain arteko mundu soziala egituratu eta zentzuz hornitu duten instituzioak, familia, eskola, lana eta politika, besteak beste, kolokan daude gazteen begietan. Hartara, gero eta modu ahulagoan lortzen da identitate pertsonalak eta sozialak belaunaldien artean helaraztea. Jakina, gizarte destradizionalizatuetako astindu global horrek modu berezian eragiten die birsorkuntza kulturalerako eta politikorako eragozpenak dituzten gurea bezalako talde sozialei.

Gazteen jokabideak, jarrerak eta balioak beren osotasunean ulertu ahal izateko, baldintza sozialetan jarri beharra dago fokua. Helduok auzi kolektiboei buruzko konpromisoaren frogak eskatzen dizkiegu sarri gazteei, baina, batetik, auzi horiek gazteek definitu ez dituzten terminoetan emanda daude, gazteenak ez beste aro batekoak dira; eta, bestetik, indarrean dagoen sistema sozialak ukatu egiten die haien integrazioa eta protagonismo soziala bermatuko luketen tresnak eskuratzeko bidea. Ez gara ohartzen ezarrita dagoen mundu instituzionaletik ez zaiela eskaintzen belaun gazteei estatus subordinatu batetik irteteko aukera handirik. Hala, zalantzaz eta ziurgabetasunez jositako bizi ibilbideak egitera kondenatuta daude, gero eta trinkoagoa den dependentzia-sare batean gatibaturik, beren bizi proiektuen inguruan erabakimena duten subjektu autonomo gisa garatu ezinik.

Helduarorako gazteen trantsizioak gero eta konplexuagoak dira, bai. Eta trantsizio horiek ertz asko eta zio korapilatsuak dituzten arren, badago bat azpimarratu beharrekoa: lana. Lan merkatuan jarraipenez integratzeko zailtasuna eta lan baldintza duinetan aritzeko ezintasuna datozen belaunaldiek gainditu beharreko desafiorik handiena dira. Lana da, gaur-gaurkoz, banakoaren emantzipazioaren giltza, pertsonaren autonomiaren lehen baldintza, haren esparru publikorako sarbidea eta herritartasun politikorako oinarria. Lanak ahalbidetzen dio pertsonari bizi ibilbidea askatasun erlatibo batekin diseinatu ahal izatea, eta erabateko ziurgabetasunetik babesten du. Gazte askok itxia dute lanaren aukera, eta frustrazioa zabaltzen ari da gure inguruan. Horrenbestez, gaur egun gazteen interesa ordezkatu nahi duen edozein proiektu politikok lanaren inguruko eskaintza serioa eta erakargarria garatzea izan behar du bere lehentasunen artean. Lanaren merkatua globala dela eta haren esparrua dagoeneko desaraututa dagoela argudiatu dezake norbaitek. Hala da. Baina sistema politiko burujabe batek susta dezake enplegua, arau ditzake lan harremanak eta har ditzake babes neurriak bere esparruan —politika sozialak, besteak beste— langileei eta, bereziki, langilegaiei aterki sozial eta juridiko egokiak jartzeko. Kohesio sozialaren onurarako litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.