Belarriak itxiak

2023ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Uztailaren 1a, Irungo jaien azken eguna. Urdanibia plaza ganaduz eta jendez gainezka. Oholtza gainean Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Angel Mari Peñagarikano eta Amets Arzallus, haien aurrean ari ziren harri-jasotzaile eta aizkolarien lana komentatzen. Herri kirolariek bukatu zutenerako euria hasi zuen, baina amaginarreba eta bioi ez zitzaigun axola, bertsolariak entzuten liluratuta baikeunden. Euri tanten laztana bezalaxe, bertsolarien hitzak larruazalean sartzen zitzaizkigula zirudien. Hitz horiek, entzuleen irribarreak, barreak eta adostasuna adierazten zuten begiradek lotzen gintuzten plazan geundenoi. Nahiz eta elkarren artean ezagutu ez, une baterako konpartitzen genuen komunitate izatearen sentsazioa.

Herri kirolaren gaia agortuta, alardearen aferari heldu zioten bertsolariek. Aurtengo San Miguel konpainiaren kantinerari buruz abesten hasi zen Peñagarikano. Kantineraren arropa jantzi, eta konpainiarekin batera desfilatu zuen lehenengo gizonaz, hain zuzen. 27 urteko aldarrikapenaren ondoren, lehen aldiz Jose Antonio Santano alkatea alarde parekideari harrera egitera balkoira atera izana ere aipatu zuten. «Alkate jauna, horrelako keinu bat egiteko inoiz ez da berandu», abestu zuen Martinek. Esaldi hau egia dela zion amaginarrebak, egia da inoiz ez dela berandu. Eta Arzallusek «hala da», erantzun zuen, «baina lehenago ere egin izan bazuen, askoz hobeto».

Une horretan, plazaren beste aldean entzuten ari zen lagun baten begirada harrapatu nuen, harriduraren begirada, alardearen gatazkari buruz hainbeste esatera ausartzen zirelako bertsolariak. Nik thumbs up keinua egin nion behatz potoloa gorantz jarrita, eta entzuten jarraitu genuen. Bat-batean, beste lagun talde bat agertu zen gure atzean, gu agurtzera. Nahiz eta beraien artean euskaldunak egon, gaztelaniaz ari zen taldea. Alai agurtu genuen elkar, jai egun polit horretan plazan topatzeaz pozik. Baina ez zuten bertsolariak entzuteko intentziorik, eta nik bai; beraz, bertsolariengan jarri nuen berriro belarria eta gogoa.

Lagunek nire atzean hizketan jarraitzen zuten. Horietako batzuek alarde diskriminatzailean parte hartu eta laguntzen dute. Nahiz eta irundarrak izan, betidaniko irundarrak, ez dira euskaldunak. Ez zituzten bertsolariak ulertzen, eta ez zuten entzuteko ere inolako interesik erakutsi. Eta ez zidaten entzuten uzten.

Istant hartan, bonbilla bat piztu balitzait bezala, Clifford Geertz antropologoak aipatzen dituen «argi iturriek», alegia, ekintza kulturalak ulertzeko behar ditugun pistek eszenatokia argitu zuten. Izan ere, konturatu nintzen gure jendartearen eta mende laurden honetako gatazkaren problemarik handienetako bat elkarri kasurik ez egitea izan dela, ez dugula gure artean hitz egiten eta ez diogula elkarri entzuten. Nolatan, ba, ulertuko diogu elkarri? Ideia ederra bezain xinplea.

Buelta eman, eta talde horretan zegoen betiko alardean ateratzen den lagun bati hitzezko zaplaztekoa eman nion: «Zuk, justu zerorrek, entzuten egon beharko zenuen, zuentzat dira hitz hauek, eta ez dituzue entzun nahi...». Horrelako zerbait.

Geroztik ideia horren inguruan bueltaka nabil. Beste lagun batek dio txikitan ikasi zuen esamolde bitxienetako bat honako hau dela: «Bi belarri eta aho bat dituzu, proportzio horretan erabil itzazu». Has gaitezen, ba, belarriak erabiltzen.

Kontua da ez entzutea ere jarrera bat dela, performance bat ere, non gure bideari jarraitzen diogun, legeak, giza eskubideak, sen onari kasurik egin gabe. Argi dago arazo bakarra ez dela entzutea edo ez entzutea, zer eta nori entzuten diogun baizik. Ekainaren 28an, alarde diskriminatzailearen buru den Paco Carrillo jeneralak Radio Irun-en adierazi zuen berak «herri mugimendu bati» entzuten diola, San Martzial eguna ulertzeko modu berezi honi eusteko eskatzen diotenean. Alarde pribatizatu horrek zer du berezia? Kantinerez aparte, ez duela emakumerik onartzen. Hala ere, Carrillok zioen ez zekiela nori bururatzen zaion pentsatzea beraiek baztertzaileak direnik.

Alarde diskriminatzaileek bere liderra erraz eta eroso entzuten dute. Beraien indiferentzia bertsolarien aurrean sumatu nuen axolagabetasunarekin konparatu dezakegu. Indiferentzia hori askotan hegazkineko-laguntzaileari erakusten diogunaren parekoa da, segurtasun azalpenenak ematen ari den bitartean. Bidaiari guztiei eskatzen diete audifonoak kendu eta entzun dezatela, sarritan bidaiatzen badute ere. Askotan galdetzen diot neure buruari pantailari so jarraitu edo aurikularrak kentzen ez dituztenek zer egingo ote zuten benetako larrialdi batean.

Zer entzun edo ez entzun, ikusi edo ez ikusi... Garai batean, planteatu nuen tradizioa ulertzeko moduak itsutzen zituela alarde diskriminatzailearen aldekoak. Baina gaur ez entzutearen gaia inporta zait. Entzuteko prestasuna. Belarriak irekiak izatea.

Sanmartzialetako entsegu baten ondoren txilibitua jotzen ari ziren neska gazte batzuk iraindu zituzten mutilek, ez omen dituzte entzun gizon eta emakumeon arteko berdintasunari buruzko irakaspenak. San Migueleko kantinerari arrautza bat bota zionak ez omen zuen inoiz entzun genero aniztasunari buruzko azalpenik. Antortxeren gaueko isilpeko desfilean parte hartzen duten emakumeek eta gazteek ere ez omen dute entzun egunsentian, plaza erdian, desfilatzeko eskubidea aldarrikatzen duten emakumeen musika zaratatsua. Eta zer esanik ez, nire lagunak ez ditu bertsolarien hitzak entzun.

Zerk ixten ditu gure belarriak? Gizarte- liderrek, erakundeek, iritzi jakin batzuk sustatzen dituzten heinean, gorreria hori ahalbidetzen dute. Irungo alkatea 21 urte karguan egon da, belarriak itxiak. Eta bere jarrerarekin ahalbidetu du beste askoren belarriak tapatuta jarraitzea, baita baimentzea eta babestea ere. Ez dakit hasi ote den entzuten, ekainaren 30ean berriro ere alarde publikoaren parte-hartzaileek eskaini zizkioten hitzak: «Emakumeak alardean! Emakumeak alardean!». Hitz horiek entzuteko belarriak prest dituzu, Santano jauna?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.