Gipuzkoako Caritaseko gotzain ordezkaria

Behartsuei eskuzabalik

Patxi Aizpitarte
2023ko azaroaren 18a
05:00
Entzun

Behartsuen Munduko Eguna dugu igandean, Frantzisko aita santuak 2017an sortua eta pixkanaka Eliza osoan errotzen ari dena. Aurtengo goiburua Ez eman bizkarrik behartsuei da, Bibliako esaldi bat da, Tobiten liburukoa, aita santuak miresgarritzat eta jakinduriaz betetzat jotzen duena.

Baliteke batzuek pentsatzea pobrezia ia gaindituta dagoela gure gizartean, alegia, gero eta pertsona eta etxe gutxiago daudela estu eta larri gure lurraldean. Izan ere, inkesta eta txosten batzuek hala diote: euskal biztanleen %92 bizi-maila onean dagoela (%75 nahiko ongizate maila onean eta %17 oso onean), eta %4 besterik ez benetako pobrezia egoeran. Egia da enpresari, profesional, langile eta administrazio nahiz erakunde publikoen hamarkadatako ahalegina zinez erabakigarria izan dela pobreziaren aurkako borrokan eta Europako herrialde aurreratuenen pareko ongizate estandarrak lortzeko. Nolanahi ere, badira ezin bizirik daudenak oraindik, duintasun gabe, guretzako nahiko ez genukeen egoeretan.

Hirugarren sektorea delakoan lan egiten dugunok egunero ikusten ditugu ekonomiak eta gizarteak baztertzen dituzten pertsonak. Nahiz eta gehiengo bat ondo bizi, izen-abizenak dituzten gizabanako dezente dago oraindik ongizatearen mahaitik urruti, kaletik ateratzeko borrokan edo gure gizartean leku bila, lan eske eta beren egoera arautzeko ahaleginak egiten, etxebizitza aurkitu nahian, euren bizitza-proiektua aurrera eraman ahal izateko. Magrebeko edo Saharaz hegoaldeko etorkinak dira sarri, etxegabeko gazteak edo kartzelan daudenak, baita andrazko aurpegia dutenak ere, emakume ausartak, Atlantikoaren beste aldetik etorriak, estutasunak eta ezinak gogortzen dituen pertsona helduak.

Begirada zabaldu eta munduari so egiten badiogu, nabarmen areagotzen da txirotasuna. Horregatik dio Frantzisko aita santuak: «Pobrezia-ibai batek zeharkatzen ditu gure hiriak, eta gero eta haziago doa».

Hala izanik, pobreziarekiko immunizatu gaitezke «gogobetetasunaren kultura» dela medio; nolabaiteko «elkartasunaren nekeagatik» eta errukiaren akiduragatik, baita ezkutuan izan dezakegun «aporofobia» dosi batengatik ere. Erlatibotasun birtuala ere ez da lagun ona, izan ere egiazko bizitza zurrupatzen du eta erraz nahasten dira bi munduak. Honela, behartsuak bat-bateko zirrara eragiten duten irudi bihurtzen dira, kalean hezur-haragizko gizon-emakume horiek ikustean arin-arin igarotzen baikara ondotik, hunkitzeko astirik gabe, beren egoeraz galdetzeko asmorik gabe.

Fratelli tutti entziklikan, Frantziskok Samariar Onaren ikonoa ekartzen du gogora, hain baliotsua oraindik giza espirituaren onena irudikatzeko. Parabolan argi geratzen da bi eratako pertsonak daudela: besteen egoera eta mina bizkarrean hartzen dutenak eta hor konpon egiten dutenak. Guztioi dei egiten digu aita santuak, batez ere kristauoi, arazoei guk geuk hel diezaiegun.

Gipuzkoako Caritasen eta gure Elizbarrutiko sozio-karitatezko pastoraltzan, gizon-emakume ugarik egiten diete harrera egoera prekarioan, pobrezian eta bazterkerian dauden hainbati. Parrokietako boluntarioak dira, eliz-laguntzaileak, diru-emaile eskuzabalak, beren onena ematen duten profesionalak... Ez dute sorospen erara laguntzen, baizik eta harrera eginez, entzunez, ondoan egonez, zerbitzuaren bihotzean pertsonak jarriz eta behar materialei nahiz heziketa eta sustapen alderdiei arreta ipiniz. Aurrerantzean ere beharrezkoa da politikaren, legeen eta administrazioaren konpromisoa, gizarte kohesionatu, integratzaile, berdintzaileetarantz joateko, baina, Frantzisko aita santuak dioen bezala, ez du balio herritarrok besoak tolestuta egotea, «goian» daudenek egoera konpontzeko zain. Elkartasuna eta subsidiariotasuna dira Ebanjeliotik isurtzen den mezu sozialaren funtsezko bi oinarriak, hortaz, behartsuek gure gizatasuna ugaritzen dute, geure onena ateratzen baitigute eskuzabalak izatera bultzatzen gaituztenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.