Eztabaida filosofiko bizia izan zen 60ko hamarraldian liberalen eta komunitaristen artean. John Rawls dugu liberalen artean buru egin zuena eta Charles Taylor, berriz, komunitaristen ordezkari nagusietakoa. Batzuek indibiduoari ematen zioten lehentasuna; norbere komunitatearen balore eta arau moralen aldekoak ziren besteak. Ronald Dworkinek joera bien arteko sintesia bilatu zuen: komunitatearekiko sentibera den liberalismoa.
2013an hil zen Ronald Dworkin, zuzenbidearen filosofo estatubatuar handia. Herioak eraman baino hilabete batzuk lehenago, «jarrera erlijiosoari» buruzko hitzaldi sorta egin zuen Bernan. Hizketaldi haiek jasotzen dituen liburua kaleratu da orain dela gutxi Frantzian (Religion sans Dieu, Labor et Fides, Paris, 2014).
Posible al da Jainkorik gabeko erlijiorik? Ateismoa ere erlijiosoa izan al daiteke? Dworkinen tesi nagusia oso argia da: erlijioa Jainkoa baino sakonagoa da. Erlijioa munduaren ikuspegi «sakon bezain desberdindu eta osoa da», eta ez du zerikusirik eliz errituekin. Dworkinek, orain ere, halako erdibide bat hautatu duelakoan nago: erlijioa bai, baina Jainkorik ez.
Dworkinentzat, erlijioa, batez ere, bi balore aintzat hartzen dituen oinarrizko «jarrera» da: giza bizitzaren zentzua zein garrantzi objektiboa, eta naturaren zein Unibertsoaren izaera gorena. Dworkinek, horrela, «baloreen metafisika» bat zehazten du (Kanten arrazoimen praktikoaren postulatuak oroitarazten dizkiguna). Baloreak errealak eta oinarrizkoak dira («zuhaitzak eta oinazea bezain errealak»).
Dworkin, beraz, Jainkoa erlijiotik banatzearen alde dago. Fedearen ekintza berez da baliotsua, ez du «naturaz gaindiko izaki» baten beharrik. «Balore berezko eta objektiboak dena barrentzen du, unibertsoa eta haren izakiak miresgarriak dira, bizitzak zentzu bat du, eta unibertsoak ordena bat». Ikuspuntu horretatik, Jainkoarekiko sinesmena aukera bat da da, eta ez premia bat.
Korden teoriak eta fisika kuantikoaren beste hipotesi batzuek baztertu egin dute gauza guztien sorburu den jainko pertsonifikatuaren ideia. Asko dira Jainko «pertsonal» batengan sinesten ez dutenak, baina «unibertsoan gu baino handiagoa den indar» bat badela diotenak. Albert Einstein aipatzen du Dworkinek, «balore transzendental eta objektibo batek blaitzen duela unibertsoa» uste baitzuen. Unibertsoaren edertasuna ulertzen dakiena erlijiosotzat zeukan zientzialari alemaniarrak.
Dworkin ez da bakarra erlijioaren defentsa horretan. Euren burua sinesgabetzat daukan pentsalari batek baino gehiagok nabarmendu du azkenaldian haren garrantzia. Erlijioa gutxiestetik berau goraipatzera pasatu da J. Habermas. «Erlijio ahul» bat proposatzen digu G. Vattimok. «Ateismoaren arimaz» mintzo daA. Comte-Sponville... Badirudi modan dagoela berriro erlijioari buruzko gogoeta. Ateoak ere erlijioaren alde, beraz?
Baina, benetan behar al dugu erlijioa? Erlijioa ez da gizakiaren «berezko jarrera», Kantek espresio horri ematen zion zentzuan. Gizakiarengan bada joera metafisiko edo moralik, baina horrek ez du esan nahi berez eta nahitaez erlijiosoa izan behar duenik. Erlijioak bizitzari zentzua ematen diola esan ohi da, baina arteak ere bete dezake funtzio hori. Musikan edo literaturan ere aurki dezakegu transzendentzia moduko bat.
Bizi al gaitezke erlijiorik gabe? Badira hura gabe moldatzen direnak euren bizitza pribatuan. Horrek ez du esan nahi guztiek gauza bera egin behar dutenik. Ateismoa ez da ez eginbehar bat ez beharrizan bat. Ezta erlijioa ere, bestalde. Etika laikoa ez da ez erlijioarekiko menpekotasunean, ezta erlijioarekiko etsaitasunean oinarritzen. Erlijiogabea da, ez erlijioaren aurkakoa («Kongresuak ez du erlijio ezarpenaren gainean legerik aterako, ezta haien praktika debekatuko ere», dio Estatu BatuetakoKonstituzioaren lehen emendakinak).
Nola jokatu behar du Estatuak konbikzio erlijiosoekiko? Erlijio askatasuna, Dworkinentzat, «eskubide orokor» bat da. Zuzenbidezko Estatu liberala ez da ez ateista ez teista, laikoa da. Estatu laikoa neutrala da eta ez du inolako hauturik egiten, ez sineste erlijiosoen kontra ez alde. Esate baterako, abortua ez zaio inori inposatzen, baizik eta haurdunaldia eteten duena ez da zigortzen.
Laikotasunak estatu neutraltasuna defenditzen du («larderia ala jazarkunderik gabe», gure Jean Etxeparek esango zukeen bezala). Hiritar erlijiosoek, beren aldetik, errespetatu egin behar dute politikaren autonomia eta bazterrera utzi ordenamendu juridikoa eliztartzeko ahalegin oro. Katoliko batek badu antiabortista izateko eskubidea, baina ezin dio inori haren iritziekin bat etortzeko exijitu.
Fedea ezin zaigu exijitu, hiritar ona izatea bai. Sinestun izatea baino garrantzizkoagoa da pertsona zintzoak izatea (grafikoki zioen B. Russellek hegazkinera igotzen zenean pilotoaren etikaz gehiago interesatzen zela haren erlijioaz baino). Azken batean, etikoki bizitzeko ez dago metafisika eta erlijio beharrik. Erlijiorik gabe badago bizitzerik, etikarik gabe ez. Mundua den bezalaxe —bizitzak dakartzan bihozmin eta nahigabeak barne— onartzen duten pertsona helduak dira ateoak.
Bizitzak, izatekotan ere, bere baitan du zentzua. Jainkorik gabeko mundu batean, guri dagokigu gauzei bere zentzua ematea. Hamaika bider entzun dugu zientziak ez duela zentzurik ematen, bizitzari buruzko erantzunik ez daukala. J. Monod frantses biologoak esana da zentzuarengatik galdetzeak zentzurik ez duela. Zentzua ez da bilatu behar, sortu egin behar da.
Erlijioa, izatekotan ere, aukera bat da, inola ere ez obligazio bat.
Beharrezkoa al da erlijioa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu