Begirunea eta elkarlana

2015eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Berriki, ekainaren 21ean hain zuzen, sedukzioa eta sendotasuna aldarrikatuz, Martxelo Otamendik egoera-nahaski berezi xamarra eskaini digu berak zuzentzen duen egunkarian.

Bere idatzian, zuzen-zuzenean jo du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuen kontra. Oso oker dabil Otamendi jauna eta okerreko informazioa ematen die irakurleei. Agerikoa da Martxelo Otamendik ez nauela ezagutzen. Sailburu honek ez du inor lelotzat hartu. Nik ez dut inor mozolotzat hartzen, ez hartuko ere. Are gehiago, begirune osoa diet herritar guzti-guztiei. Bai, Otamendi jaunari nirekiko exijitzen diodan besteko begirunea.

Agerikoa eta bistakoa da ez dituela irakurri ezta entzun ere kargua hartu nuen unetik egin ditudan adierazpenak. Hainbat aldiz hitz egin dut osasun arloan euskararen erabilera normalizatu beharraz baina inoiz ez aitzakiak aurkitzeko. Guztiz kontrakoa, osasun arloan euskararen normalizazioa ekarriko duten urratsak landu eta ezartzeko gogoa, borondatea eta konpromisoa erakutsi ditut beti.

Osasun sailburu honen uste-asmoek ez dute zerikusirik Otamendi jaunak esaten dituenekin. Nire helburua eta zuzentzen dudan lantaldeko kide guztien helburua argia da: kalitatezko osasun-zerbitzua eskaini eta eman nahi diegu herritar guztiei. Kalitatezkoa bai, kalitatezkoa arlo desberdinetan, baita hizkuntzen erabilerari eta herritarren hizkuntza eskubideei dagokienez ere.

Bai, Otamendi jauna, ikasteko ahalegina egiten ari naizen arren,ez naiz elebiduna baina errespetu osoa diet euskal hiztunei, errespetu osoa herritar ororen hizkuntza eskubideei.

Jaurlaritzak berak euskararen normalizazioarekin eta bizikidetza linguistikoarekin hartutako konpromisoaren baitan, euskara ardatza da nik zuzentzen dudan Sailean. Hala behar du izan gero eta kalitate hobea eskainiko duen osasun sistema landu eta garatzeko bidean aurrera egin nahi badugu.

Aspaldi esan nuen bezala, osasun arloko langileek gaixoekin eta osasun zerbitzuen erabiltzaileekin dituzten harremanetan euskara erabiltzeak emandako osasun zerbitzuaren kalitatea handitzea dakar, ezbairik gabe. Pertsonen osasuna inportantea da oso, osasun arloari dagozkion zerbitzuak herritarrak nahi dituen hizkuntzan eskaintzea ere.

Osasun arloan euskararenerabilerari dagokienez zegoen egoera aztertu eta Osakidetzan Euskararen erabilera normalizatzeko II. plana jarri genuen abian. Ezaguna da goizetik gauera Osakidetzako langile guztiak ez direla bat-batean euskaldunduko, goizetik gauera zerbitzu guztiak ezingo direla leku guztietan euskaraz eskaini. Hori ez lukeplan honek ezta bestelako planbatek lortuko. Horiek ez dira aitzakiak.

Bide luzea dugu aurretik etaaurrera egin nahi badugu, ezinbestekoa da aitortzea. Datu argigarri bat: 1990 eta 2011 bitartean,gizartean euskara gaztelania beste edo gehiago erabiltzen dutenen kopurua batez beste %4'3 puntu igo zen eta epealdi berean Osakidetzan euskara gaztelania beste edo gehiago erabiltzen dutenen kopurua %11'8 puntu igo zen. 7'5 puntu gehiago igo zen euskararen erabilera Osakidetzan hogei urte horietan euskal gizartean batez beste igo zena baino.

Begirunea eta elkarlanerako borondatea eskaintzen ditut eta bidezkoa deritzot gainontzekoei ere gauza bera eskatzea. Iradokizunak, gomendioak, kritika eraikitzaileak ongi etorriak izango dira beti baina ez oinarririk gabeko kritika eta baieztapen bidegabeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.