Alternatibako kidea

Begirada estrabikoak Ukrainako gatazkari

2025eko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun

Gerraren eta faxismoaren aurkako manifestazioa antolatu du EHKS alderdiak. Biziki txalotuko nuke, ekimen horretara deitzen duten kartelek zeharo txundituta utzi nauten arte. Kartelak bost aurpegi azaltzen ditu: Trump, Marine Le Pen, Netanyahu eta Abascal, laurak faxista porrokatuak eta gerrazale peto-petoak, baina bosgarrenarekin huts egiten dute: Putinen ordez (laukotearen adiskide mina) Zelenski azaltzen da. Hau da: Ukrainaren inbasioarekin gerra hasi zuena inbaditutako estatuburuarekin estaltzen dute.

Nola justifikatu daiteke hori? Ezin, ezpada ezkerreko sektore batzuek, harrigarria izan arren, Putinekiko duten miresmenagatik ez bada.

Miresle horien artean azken bi urtean txapeldun dugu Joan Mari Beloki. Bere azalpen guztietan Putini gorazarre egiteaz gain, haren tesien propagandista sutsua bihurtu zaigu. 

Azken adibidea, duela egun gutxi berri paper honetan argitaratutako Ukrainan argitzekoak iritzi artikulua. Ez ditut aipatuko bertan azaltzen diren agiprop kutsua duten gezur eta manipulazio guztiak, jada nekatuegi nago gai honetaz, baina bi paragrafo hauetaz zerbait esan nahi nuke:

Lehena: «Operazio Militar Berezia abian jarri zuelarik, Vladimir Putinek desmilitarizazioa aipatu zuen helburu garrantzitsuenen artean». Ez dago lotsarik ere Putinen jazarpen gerra —alegia, inbasioa— estaltzeko sorturiko eufemismoa (Operazio Militar Berezia) ontzat hartzeko. Azala behar da gainera Errusia eta Ukraina goitik behera militarizatzea bultzatu duenari, asmo desmilitarizatzaileak emateko (zeinak gainera mehatxu nuklearrarekin erantzun duen). Jakina, denok dakigu Putin ez dela eskualde horretan dagoen militarizazioaren erantzule bakarra (NATO hor sartuko genuke), baina bai nagusia.

Bigarrena. «Errusia egun lidertzat hartua da munduko leku askotan inperialismo yankiari egiten ari zaion borrokagatik. Afrikan Burkina-Faso, Mali, Niger, Txad, Afrika Erdiko Errepublika… dira aipagarrienak». Kuriosoa da, inperialismo bat (Mendebalarena) bestearekin ordezkatzea (zein ez den bestea baino malguagoa) antiinperialistatzat jotzea. Hau da Errusiak mendebaldearen tokia hartzen badu, bere probetxu inperialistentzat izango da eta ez herri horien burujabetza sustatzeko. Hori, ur sakonagoetan sartu gabe, Wagner mertzenarioen laguntza ez baita musu truk, eta  gehienetan bertako satrapa eta diktadoreak sustatzeko alio du.

Hirugarrena. «Urriko BRICSen biltzarrean ongi ikusi zen mundu osotik etorritako estatuburuek nola erakutsi zioten Vladimir Putini beren adostasun politikoa, haren lidergoa txalotuz. Ukrainako guda amaituta Europan ere hedatuz joanen da Errusiaren aldeko jarrera».

Lehenengo bi gaiekin lotuz arrazoia ematen diot Ashley Smithi hauxe esaten digunean: «Ustezko antiinperialista batzuk, kanpista mozorroz janzten dira Errusia edo Txinarekin lerrokatzea justifikatzeko [...] Jarrera horrek alderdi komunista askok Gerra Hotzaren garaian SESBi buruz izandakoa gogorarazten digu, baina oraingoan karikatura bihurtua, Putinen erregimenaren izaera erreakzionarioa eta Txinako despotismo estatal-burokratikoaren aldekoak».

Ildo beretik doa Ilya Budraitski ekintzaile sozialista eta Errusiako Mugimendu Sozialistako kideak hauxe digunean: «Putinen erregimenak zeinak hogei urtez autoritarismo neoliberal despolitizatzaile izatetik bilakaera mailakatua izan duen diktadura basati batekiko,  herrialde oso bat suntsitzera bideratutako eskuratze inperialak eta gerra suntsitzailea  bihurtu da».

Eta batez ere arrazoia ematen diot Boris Kagarlitsky, errusiar disidente marxistari, kartzelatik idatzi duenean: «Putinen erregimena kriminala da, Ukrainaren inbasioa kriminala da, ez dago justifikaziorik horretan eta horren aurka egin behar da».

Hirugarrenari buruz, BRICSen barruan dauden Putinekiko desakordioak ez azaltzeaz gain  (bilera Errusian egin zen eta beti txalotzen da bileraren anfitrioia), okerrena daBRICS alternatiba bezala azaltzen dela. Eric Toussainten iritzia Belokirena baino askoz objektiboagoa da hauxe dioenean«Herrien emantzipazioaren aldeko alternatiba bat sustatzeko, zapalkuntza modu desberdinen aurkako borroka indartzeko eta krisi ekologikoari aurre egiteko, ezin da BRICSen laguntzarekin eta jarduerarekin kontatu.Hau da, inperialismo guztien (nagusiak edo bigarren mailakoak) aurkakoa eta eraso egindako herrien borrokekiko solidarioa den ezker internazionalista eraiki beharra nabarmendu behar da. Mundu monopolarra AEBen inperialismoan oinarritzen zenez, multipolaritatearen defentsa posizio anti-inperialista gisa ulertzeko joera du nolabaiteko ezkerrak. Nazioarteko politika, ordea, ezin da deslotu borroka ideologikotik, ezta herrialdeen barne mailako borroketatik ere. Hau da, ezin da ahaztu mundu multipolar horren alde ari diren eragileetako asko estatu autoritarioak direla, eta AEBen inperioari aurre egiteaz gain, ‘internazional erreakzionario’  baten agente direla. Horregatik nazioarteko politikaz ari garela, ezin dugu ahaztu, mundu monopolar edo multipolarraren arteko lehiaren logika hertsitik harago, herriez eta herritarrez, askapen borrokez ari garela. Hori horrela, elkartasun internazionalista garatzea AEBen inperialismoaren aurka egitea baino borroka konplexuagoa da. Nazioarteko harremanen demokratizazioa eta herri eta klase zapalduen eskubide eta askatasunen aldeko borrokak integratzen asmatzea da internazionalismoaren gakoa, aldagai horietako bat bera ere ahaztu edo lehenetsi gabe». 

Internazional atzerakoi horren partaide dira Marine Le Pen, Abascal eta antzekoak. Horiek bai, nahiago Putin Zelenski baino.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.