BBK: Nahi dugu. Ahal dugu

Xabier Sagredo
2014ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Artikulu hau hasteko orduan, aurrezki kutxako presidente naizen honi mailegu txiki bat hartzeko baimena eskatzera nator. Hasierako lerro hauetarako, Jesus María Valdalisok Bilbao Bizkaia Kutxaren mendeurrenari buruz idatzitako liburuan eginiko hausnarketa ekarri nahiko nuke gogora. «Bizkaiko edozein herritarrentzat ia ezinezkoa da bere bizitza osoan aurrezki kutxen ekimenez sortu den jarduera, zentro, erakunde argitalpenen bat ez aurkitzea, edo aurrezki kutxen ahaleginez altxatutako ekimenen batean ez izatea». Konplikatua da benetan, hain hitz gutxitan 107 urteko historia laburbiltzea.

BBK-k iragana eta etorkizuna du. Eta iraganaren eta etorkizunaren artean, oraina. Diputatuen Kongresuak 2013ko abenduan onartu zuen Aurrezki Kutxen eta Banku Fundazioen Legea, eta lege horrek ezartzen du euskal kutxak banku fundazio bilakatzeko derrigorra dutela. Aldi baterako lehen xedapenak ez du interpretazio askerako aukerarik utzi: «Lege hau indarrean sartzen denean, banku erakunde bidez mailegu erakunde gisa lan egiten duten aurrezki kutxak, urte beteko epean, banku fundazio edo ohiko fundazio bilakatuko dira, halabeharrez».

Araudi berriak Kutxabanken %57 duen BBKri etxerako lan garrantzitsuak ezarri dizkigu: banku fundazio bilakatzea; kudeaketa lan profesionala bermatuko duen protokoloa egitea; finantza plan bat egitea, egoerak txarrera egiten badu bankuak izan ditzakeen kapital beharrak fundazioa asetzeko moduan egongo dela bermatzeko; bere inbertsioak dibertsifikatzea (gaur egun Kutxabanken baino ez daude, %57ko portzentaje horrekin); eta amaitzeko, bankuan portzentaje hori mantendu nahi badu, erretserba funtsa eratu behar du, oraindik kopurua ezagutzen ez delarik. Hori dena ez da hautazkoa edo negoziagarria. Kontrakoa esaten duenak ez du egia esaten.

Gure helburua BBKren funtsa eta izaera zaintzea da, gizartean duen presentzia babestea eta, aldi berean, legea betetzea. Batzuek nahiago izan dute gauak derrigorrean heldu behar ote den eztabaidatzen aritzea, gaua heltzea guk aukeratu ahal dugun zerbait izango balitz bezala. Eztabaida horien aurrean besteok nahiago izan dugu gau saihetsezin horri egoerarik onenean egiteko prestatzea. Epe laburrean egitasmo itxaropentsu eta ilusioz betea hasiko dugu. Egitasmo ona BBK, Kutxabank, Bizkaia eta Euskadi osoarentzat. Egitasmo ona pertsonentzat, BBKren izpiritu, balio eta funtsa mantenduko duena.

Egin dugun lanak patronatuari ematen dizkio BBK-k bete behar dituen derrigorrak betetzeko moduko oinarri sendoak eta, guk nahi duguna defendatzeko oinarriarekin, ahal dugun mailarik gorenenera irits gaitezen. Sarrerak baxuak badira ere, gizarte ekintzaren aurrekontua sendotu da. Hiru urte hauetan lehen aldiz, beheratu beharrean, hazi egin da. Gizarte ekintza, Euskadi osoko handiena eta zabalena, sarreren gorabeheren mende egon behar ez duena. Zentzuz eta taxuz pentsatua, jasangarria eta iraunkorra izateko sortu zena eta hala mantendu behar dena. Dibertsifikatzeko dugun derrigorrarekin eta herri aktibo estrategikoekin, bankuarentzat mantentzen zailak direnak (arrazoi tekniko eta legalak daude hori azaltzen dutenak ) dibidendu ezberdinak lortu ahalko ditugu eta diseinatuko dugun finantza planarekin lortuko dugu ondarea bateratzea, birkapitalizatea eta kudeatzea, fundazioari kaudimen, aukera eta indar handiagoa emateko.

Demagogiarik ez

Desiragarriena litzateke inork gai honen inguruko demagogiarik ez egitea. Pribatizazioaren gezur hori demagogia baino ez da. Bankuen negozioa den moduan ulertu behar da, erabat araututa dagoelako. Baina horrek merkatu guztien inguruan dagoena baino ziurgabetasun handiagoa ezartzen dio, araudi aldaketak etengabeak direlako eta europar kontrol eta gainbegiratze bakarrerako bidean gaudelako. BBK erakunde serio eta zintzoa da, eta lege derrigorrak beti beteko ditu, gustuko izan ez arren, bidegabe jotzen ditugun arren.

Alderdi politiko eta gizarte eragile batzuei eskatu nahi nieke gai honen inguruan darabilten politikakeria bazterrean uztea, eta 107 urte hauetan BBK aurrera ateratzeko gaitasuna erakutsi duten profesionalak babestea eta errespetua erakustea. Legeak, batez ere gustuko ez ditugunak, legebiltzar eta parlamentuetan aldatzen dira. Hori da zuen lana; ez itzazue zuen derrigorrak alde batera utzi. Zailtasunak zailtasun, gure lana eta ardura izango da bizkaitar guztiak harro egoteko moduko BBK eraikitzen jarraitzea. Orain arte bezala, BBK izango da Kutxabanken akziodun nagusia, eta bankuaren kontrola Euskadin geratzea bermatuko du. Eta BBKren ahaleginari esker, kontrol hori gizartean mantenduko da, ezarle eta enpresen ardurapean.

Eta fundazio hori, orain arte bezain bizkaitarra eta euskalduna (edo are bizkaitarragoa eta euskaldunagoa) izaten jarraituko du, eta bizkaitarren ondarea eraginkortasun eta zintzotasunez kudeatuko du. Berdin babestuko ditu ekonomia eta industria, eta herrialde honetako enpresak. Hazkunde ekonomikoaren eta enpleguaren aldeko apustu irmoa egingo du. Dagokion ekarpena egingo du Kutxabank orain den banku indartsu, inplikatu eta lehiakorra izan dadin. Eta orain arte bezain gobernu profesional eta eredugarria mantenduko du. Patronatu profesionala, Bizkaia osoa ordezkatuko duena eta Batzarrean onartua (BBKren erakunde gorena) izango da helburu hori zaintzeko ardura izango duena, eta bere jardunbidearen azalpenak emango ditu Eusko Jaurlaritzaren babesaren eta Espainiako Bankuaren gainbegiradapean. Kontrol publikoa erabat bermatuta dago.

Batzuetan, agerian dagoena gutxiesten dugu. Kutxabankek eta euskal kutxek finantza sektorearentzat hain beltza eta etsigarria izan den bost urteko epe hau Estatuaren laguntasunik gabegainditu izanak luze eta zabal azaltzen du bere kudeatzaileen maila, konpromiso eta profesionaltasuna. Etorkizunerako abala ere bada. Eta, etorkizuna borobiltzeko behar dugun gauza bakarra da BBKri Europar Banku Zentralaren gainbegiradapean egingo duen stress test horretan laguntzea. Zalantzarik ez dut, berriz ere, bankuaren osasuna eta lidergoa erakutsiko duela, eta fundazioentzat suposatzen duen eboluzio ona bermatuko duela.

Inguruabarrek ekarri digute aldatzeko beharra eta derrigorra, bai, baina dena orain arte bezala, edo hobeto jarraituko duelako uste sendoa dugu. Ez da arazoa aurrez aurre planteatzen zaiguna; aukera bat da. Gure etorkizuneko fundazio honek baliabide gehiago izatea, gizarte ekintza bermatzea, euskal sare produktiboa babestea eta bankuaren zutoin indartsua izatea lortzen badugu, bide honetan dugun egiteko nagusia betetzea lortuko dugu: 107 urteko oinordekotza babestea eta iraunaraztea. Gauza guztien artean garrantzitsuena da bihar gaur bezala jarraituko dugula. Nahi dugu. Ahal dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.