BBK eta Vitaleko batzarkideentzako gutun irekia

Mikel Noval, Bea Martxueta
2014ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Ekainaren 30ean, BBK eta Vitaleko batzarrak izango dira, eta, horietan egingo den bozketa bereziki garrantzitsua denez, zuengana publikoki jo nahi dugu.

Alderdi politikoekin (EH Bildu, PSE eta EAJ) bilerak izan eta Eusko Legebiltzarreko Ogasun batzordean agertu gara, bertan talde parlamentario guztiak zirelarik, gure iritzia eta argudioen berri emateko. Frankismo garaitik hona baliabide komunitarioekin egin den espoliaziorik handiena egitekotan direnek, ordea, ez dute argudio politiko, ekonomiko edo sozial bat ere eman halako ez egitekoa azaltze aldera.

Marko normatiboaren notario eginkizuna usurpatuta, ematen duten arrazoi bakarra da legea bete beharra dagoela; bost axola lege hori euskal jendartearen interesen aurkakoa izatea, edota arrapaladan eta ad hoc egindako lege batek harrapaketa bat babestea, hain zuzen Euskal Kutxekin fidatu ziren pertsonen aurrezkiekin metatutako aktiboen harrapaketa.

EAEko parlamentuak ezin du bere jarrera argudio horiekin zuritu, ez; beste zerbait egin behar du: euskal jendartearen eskariarekin bat ez datozen legeak aldatu eta euskal herritarren interesak babestu, banku eta espekulatzaileen interesen gainetik.

Baina hori aski ez balitz ere, gezurretan ari dira; legeak ez du behartzen egiten ari direna egitera. Araudiak beste alternatiba batzuk eskaintzen ditu, esaterako bankarizazioan atzera egitea edota aurrerantzean ere banku izatea, baina kapitalaren %100 Kutxen esku dagoelarik.

Oso zaila da justifikatzen lehenago Euskal Kutxetan Gizarte Ekintzara edota gure lurraldean inbertitzera bideratzen ziren irabaziak pribatizazioa, bankarizazioa eta akzioen salmenta dela medio akziodunentzako dibidendoak banatzeko izango direla.

Azaldu ezinekoa da jauzia: lehenago, zuek osatzen duzuen batzar batean hartzen ziren erabakiak, zeinetan erakunde publiko sortzaileak, ezarleak eta langileak ordezkatuta zeuden. Aurrerantzean, aldiz, banku-fundazio bihurtuz gero, erabakiak hatzez izendatutako hamabost lagunek hartuko dituzte, hain zuzen Kutxak-Kutxabank pribatizatzea erabaki dutenek bizi guztiko eperako hautatutako hamabostek. Horiek izango dira, gainera, ondorengoak hautatuko dituztenak (gero diote monarkia ez dutela maite!).

Ez dago inolako argudiorik Kontseilukide orokorrentzako informazioa izenburupean BBK-k helarazitako paperetan agertzen diren mehatxuak botatzeko; horien xede bakarra botoa baldintzatzea da.

Gezurra da alternatibarik ez dagoenik pribatizazio prozesu honentzat, zeina hasieratik taxutu dutenak BBVA eta Santander bankuen zerbitzura erabakitako estrategia baten konplizeak diren.

Alternatibak badaude, eta astia ere badago.

Badira alternatibak, geurea den marko normatiboa oinarritzat hartuta Kutxen izaera publiko eta sozialaren alde egiteko, eta banku-fundazio bihurtzea saihesteko.

Badira alternatibak euskal finantza-sistema publiko bat sortzeko, zeinetan Kutxak izango diren osagai nagusi.

Badira alternatibak kutxak erakunde publiko eta sozial gisa kudeatzen jarraitzeko, banku-fundazio bihurtzeko beharrik gabe.

Badira alternatibak, eta hala froga dezakegu, baina borondate politikoa falta da. Borondate politikorik eza eta epekako espoliazio hori defenditzeko argudio gabezia eskutik doaz; erabaki horren ardura zuzenean zuei leporatu nahi dizuete, ematen duzuen botoa dela medio; ziurrenik zerikusi zuzena dute horrekin benetan erabakiak hartzen dituztenen, hots, espainiar banku handien itzalean egoteari esker lortzen diren prebendek.

Hainbat galdera datorkigu burura:

Zergatik da Euskal Herrian ezinezkoa Alemanian, Frantzian eta EBko beste estatuetan posible dena, non Aurrezki Kutxek irauten duten, batez beste aurrezkien %52 kudeatuz?

Zer dela eta bihurtu behar dira Euskal Kutxak banku-fundazio?

Zergatik ez dira alternatibak bilatzen Kutxa eta Banku-Fundazioen Legeak ezarritako abenduaren 27ko epea amaitu baino lehenago?

Zer dela eta likidatu nahi dute hau presaka eta aitaren batean?

Dei egiten dizuegu prozesu honi ezezko botoa emanez berma dezazuen Euskal Kutxen izaera publiko eta soziala, horrela ekarpena eginez euskal kreditu eta aurrezkia sozializatzeko, euskal sare sozial eta produktiboaren alde eta Euskal Kutxak-Kutxabank-en kudeaketa eredu demokratikoa defenditzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.