Baztan, lurralde ezatsegin

2021eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Baztango Batzar Nagusiak prozesu parte hartzaile bat jarri du abian, Magnak Erdizen meatze proiektuaren erreferendumean amaitu beharko lukeena, Baztango herrilurren gainean erabakitzeko eskubidea alegatuz. Baztango herri-lurren gainean eztabaidatzean eta nik erantsiko, Baztanen eztabaidatzean eta erabakitzean ados nago. Hala ere, edozein lurralderen suntsiketa kontsultan jartzearen kontra nago, ustiapenaren onuraduna edozein izanda ere, bere amaiera bera baita. Zergatik ez genezake aukera balia Baztanen orainari eta, batez ere, etorkizunari buruzko beste gai batzuei buruz eztabaidatzeko? Turismoa, higiezin-proiektuak, beste harrobi batzuk... Alegia, Baztango politika, gizarte, kultura eta ingurumen-alderdiei eragiten dieten gai guztiei buruz aritzeko?

Baztanen merkantilizazioa aspalditik dago martxan. Horretan lagundu dute hirigune garrantzitsuetatik hurbil egoteak (Lapurdiko kostaldea, Donostia...), lurzoruaren izaera mugatuak prezioa mugarik gabe handitzeko aukera ematen duela, eskualde-literatura eta honen euskal mitologiaren fikzionalizazio arrakastatsuak, ingurumen osasuntsu eta ongi kontserbatuak, paisaia apartak eta bertako jendearen izaera jatorrak.

Herri-ondasunei buruz hitz egitea komunitate baten historiaz, haren eraikuntza politikoaz, autonomia-mailaz, gutxi-asko lurperaturiko gatazkez eta barne-desberdintasunaz hitz egitea da. Beraz, baliabide komunen kudeaketa ez da eraginkortasun ekonomikoaren kontua, baizik eta gai soziala eta politikoa. Zergatik ez jarri eztabaidan komunala familiaren mantenu-beharretatik haratago ez erabiltzea eskatzen zuten ordenantza zaharrak, adibidez? Edo jabedunak bi urte baino gehiagoan erabiltzen ez zituen lurrak beste bizilagun batzuek erabil zitzaketela jasotzen zutenak? Horrela egingo balitz, Baztango zenbat jende gehiagok izan lezake mantenua lehen sektoretik eta autonomia handiagoa?

Agian, tokiko eta nazioarteko dimentsioa ez dira inoiz hain lotuta egon. Gogora dezagun Magna enpresa Roullier familiakoa dela, Bretainiako enpresa bat eta Frantziako hiriburu handienetako bat. Roullier nekazaritzako elikagaien industrializazioaren edo itsasoen suntsitzearen funtsezko eragileetan da. Erdizen magnesita harrobia irekitzearen aurka borrokatzen garenean, borroka antikolonialekin bat egiten dugu. Bat egiten dugu haien akuiferoak eta itsasoa pozoitzen dituen nekazaritzako elikagaien industriaren kontra borrokatzen diren bretoiekin, baita Hego Amerikako soja-transgenikoen ekoizpenak sarraskitutako herri indigenekin. Roullierrek industria eta ekoizpen horietanparte hartzen du animaliendako bere janariekin eta bere onkailuekin. Erdizen Magna-Roullierrek egin nahi lukeena baliabide naturalen arpilaketa da. Baina, aldi berean, Baztango artzain-historiari eta hiltzen ari den kultura osoari ere eraso zuzena egiten die.

Bere garaian, Magna lanpostuak eskaintzen aritu zen, kirol-taldeei finantza-laguntza ematen... Erdizen truke; baina jukutriak huts egin zion. Gaur apustu handiagoa egiten du eta konpromisoa hartzen «abeltzaintza estentsibleari eta haraneko bizimodu tradizionalari» eusteko. Proiektuak gehien hunkituko duen kolektiboari zuzentzen zaio, abeltzainei. Horrela, Baztanen duen eraginagatik eta kopuruagatik sektore garrantzitsua dena erosi nahi du Magna-Roullierrek. Gainera, Baztango herritarren arteko zatiketa handitzen eta, batez ere, proiektuaren aurka aktiboen diren jendeen isolamendua lortzen saiatzen da.

Aroztegiko proiektu turistikoaren inguruan Lekarozen gertatzen ari denak erakusten digu ez duela balio kontsulta bat irabazteak edo tokiko erakundeak kontrolatzeak. Estatuak/Kapitalak lurraldeko proiektuetarako adostasuna lortzen ez duenean, bere salbuespen-legeak ezartzen ditu Parlamentutik, kasu honetan Iruñean egoitza duenetik. Baina, batez ere, ez dugu ahaztu behar Estatu postmodernoaren botere erreala ez dagoela ez legeetan, ez lurralde geografikoaren eremuan, baizik eta gizabanakoen eta haien jardueren kontrolean. Erdizi buruzko herri-kontsulta bat egin eta irabazteak atzeratu egin dezake arazoa, baina inoiz ez du konponduko, mineralak dagoen tokian jarraituko duenez. Eta pairatzen dugunok ondo dakigunez, kapitalisten gutizia amaigabea da. Herri-galdeketaren emaitza txarra ez litzateke Magnari karta zuria ematea bakarrik. Baizik eta, seguru asko, herri-kontsultan porrota izanez gero, garai egokien zain zeuden proiektu zaharrak eta berriak aktibatuko liratekeela berriz.

Zer egin? Baztango antzinako ordenantzekin, bizilagunek zuzeneko eginkizuna zuten herrilurren erregulazioan eta defentsan. Bizilagunen batek ordenantza hauek gainditzen zituenean, gainerakoen ekintza zuzena zegoen. Azkenik, hutsezina den arma bat dugu: Baztan Estatuaren eta Kapitalaren proiektuetarako lurralde babesgabe bihurtzea, non irabaziak bilatzen zituen horrek galerak soilik aurki ditzakeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.