Horra Libération egunkariak berriki argitaratu duen idazkia:
«Bayonne bukatu da, Libération-ek Baiona idatziko du.
»Hiri baten izenaren erabilpena ohiturazkoa delarik, egunkari batean izen horren erabilpena aldatzea zaila da. Alta, irakurleen ohiturak bestelakoak badira ere, helburu politikoek aldaketa behartzen dute. Libération-entzat, frantsesetik etorritako Bayonne-k ez du gehiago izaterik eta hemendik goiti Baiona idatziko da.
»Gauzak gaizki izendatzea munduaren zorigaitza handitzea da aipamena guttitan hain zuzena izan da. Nola Ipar Euskal Herriko hiriburuaz hitz egin bere zorigaitza handitu gabe? Nola izendatu? Gaur arte hiriburua izendatzeko erabili ohi den hitza Bayonne da, baina hitz hori zein errealitateren izena da? Bayonne: zazpi hizki hauek euskal toponimiaren frantsestearen sinbolo bilakatu dira, hizkuntza bat eta kultura bat erregetiarren eta ondotik Jakobinoen baitan urtarazi dituenak. Beraz, duda izpirik ez baldin bada, izendapen honen gibelean den nahikari inperialista hain argia baldin bada, zergatik Baiona-ra pasatzea hain zaila da?
»Libération-en, 2023ko apirilaren 22an, oraindik Défense du basque: à Bayonne, une manifestation «pour la survie de la langue» izenburua idazten genuen, ohar franko eragin duena. Egunkari batean bi logika aurka doazelako: logika tipografikoa eta irakurgarritasun logika. Baina bi logika hauek, garrantzitsuagoa den beste batengatik baztertzen ahal dira, logika politikoarengatik. Zeren egunkari bat hor baita ere aitzindari izateko, bere hautu tipografiko xumeetaraino. Libération-en jada hori egin genuen, Biélarussie izena ukatuz Bélarus sistematikoki erabiltzeko. Horregatik, gaur, Libération-en zutabeetan eta gure Internet gunean, aldatzen dugu. Hemendik goiti Bayonne Baiona da».
Libération-ek zoritxarrez ez du oraindik holakorik idatzi, salbu 2023ko apirilaren 22ko izenburua. Ametsa da. Hau da 2022ko martxoaren 1ean egiazki idatzi zuena:
«Kiev bukatu da, Libération-ek Kyiv idatziko du
»Hiri baten izenaren erabilpena ohiturazkoa delarik, egunkari batean izen horren erabilpena aldatzea zaila da. Alta, irakurleen ohiturak bestelakoak badira ere, helburu politikoek aldaketa behartzen dute. Libération-entzat, errusiarretik etorritako Kiev-ek ez du gehiago izaterik eta hemendik goiti Kyiv idatziko da.
»Gauzak gaizki izendatzea munduaren zorigaitza handitzea da aipamena guttitan hain zuzena izan da. Nola Ukrainako hiriburuaz hitz egin bere zorigaitza handitu gabe? Nola izendatu? Gaur arte hiriburua izendatzeko erabili ohi den hitza Kiev da, baina hitz hori zein errealitateren izena da? Kiev: lau hizki hauek ukrainar toponimiaren errusifikazioaren sinbolo bilakatu dira, hizkuntza bat eta kultura bat tsartiarren eta ondotik sobietarren baitan urtarazi dituenak. Beraz, duda izpirik ez baldin bada, izendapen honen gibelean den nahikari inperialista hain argia baldin bada, zergatik Kyiv-era pasatzea hain zaila da?
»Libération-en, martxoaren 1ean oraindik Kiev haragi bizitan izenburua idazten genuen, ohar franko eragin duena. Egunkari batean bi logika aurka doazelako: logika tipografikoa eta irakurgarritasun logika. Baina bi logika hauek, garrantzitsuagoa den beste batengatik baztertzen ahal dira, logika politikoarengatik. Zeren egunkari bat hor baita ere aitzindari izateko, bere hautu tipografiko xumeetaraino. Libération-en jada hori egin genuen, Biélarussie izena ukatuz Bélarus sistematikoki erabiltzeko. Horregatik, gaur, Libération-en zutabeetan eta gure Internet gunean, aldatzen dugu. Hemendik goiti Kiev Kyiv da».
Euskal Herrian Euskaraz mugimenduak berriki hau gogoratu du: ez da dudarik Xiberoko, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko herri abantzu guzien izenen jatorria euskalduna dela. Alta, frantsestuak dira. Inperialista da.
Herrien euskarazko eta frantsesezko izenak erabiltzen dira, baina izen ofizial bakarrak frantsesezkoak dira, eta biak erabiltzen direlarik, bide-seinaleetan adibidez, lehentasuna frantsesezkoei ematen zaie. Zapaltzailea da.
Euskal ortografiarekin idatzitako izen batzuk frantsesez ahoskatzean, ahoskeran ez da ezberdintasunik eragiten, baina hala ere frantses ortografiarekin idatziak dira, adibidez Banka / Banca. Irrigarria da.
Izenen frantsestearen ondorioz, euskarazko eta frantsesezko ahoskerak gehienetan ezberdinak dira, adibidez Bustintze / Bustince. Kaltegarria da.
Izen ainitzen jatorria tokiaren izaerari lotua da, eta ondorioz izen horiek euskaraz erran nahia badute, aldiz frantsestuak direlarik ez dute erran nahirik. Adibidez Larresoro, larre eta soro-tik dator, aldiz Larressore-k ez du erran nahirik. Zentzugabea da.
Horiek hola, herrien izen euskaldunak frantsestea euskara eta euskaldunak gutxiestea da. Begirune eskas hori Ipar Euskal Herriko bide bazter guzietan da, herrien frantsestutako izenak seinale tauletan idatziak direlako eta izen hauen ondoan edo azpian doazelako izen euskaldunak. Adeigabea da.
Euskarari eta euskaldunei zor zaien begiruneagatik, eta euskararen erabilpenaren egoera larriagatik, Xiberoko, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko herrien izen euskaldunak ofizializatzea eta izen ofizial bakarrak izatea eskatzen dugu. Beharrezkoa da.
Horrela, euskara ez dakitenek euskal ortografia eta ahoskera ikasten ahalko dituzte, eta Euskal Herriko jatorrizko hizkuntzaren ikasketan lehen urratsak egiten ahalko dituzte. Ongi etorri euskararen mundura. Ederra da.
Baionako epaileek 2024ko irailaren 10ean epaitu ninduzuen eta 1.000 eurotik gora ordaintzera zigortu ninduzuen, euskal toponimia frantsestearen aurka egin genituen ekintzengatik. Hain zuzen, euskal herrien frantsestutako izenak dituzten bide seinaleak kendu eta Getxoko Bizkaia zubiaren ondoan ezarri genituen, 2024ko agorrilaren 27an igorri nizuen gutunean azaldu nizkizuen arrazoiengatik.
2024ko azaroaren 11n igorri nizuen bigarren gutunean, isun hori ez genuela ordainduko adierazi nizuen. Gure aurka eragiten duzuen errepresioak ez gaitu geldituko. Aterabide bakarra euskal herrien izen euskaldunak ofizializatzea eta izen ofizial bakarrak izatea da.
Joan den abenduaren 3an Baionako epaitegiaren horman Justizia euskararentzat idazteagatik, apirilaren 11n berriz epaituko nauzue, Intza Gurrutxaga Loidirekin batera. Epaiketa horretan ere euskaraz deklaratu nahi dugu.
Gutun honen kopia bat Libération-eko kazetariei igortzen diet, gure ametsak egia bilaka ditzaten laguntasunez eskatzeko.
Epaile andre-jaunak, har itzazue nire agur adeitsuak.