Bateragune auziaz, aho batez

Juan Jose Ibarretxe, Iñigo Iruin
2014ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Artikulu hau sinatzen dugunok ongi dakigu zertan ari garen, izan ere, kultura politiko oso desberdinekoak baikara —Eusko Alderdi Jeltzalea eta Ezker Abertzalea— eta urteetan, sarri asko, elkarren aurkakoak.

Hitz hauen bidez, ez gara ari nola konponduko gure arteko betidaniko desadostasunak, dela oinarri etikoa (ETA, indarkeria, bakea, adiskidetzea), dela oinarri demokratikoa (Herri bat: erabakigune bakarra edo hiru) edota bakoitzak babesten duen gizarte eredua. Ez gara handiusteak. Hala ere, ez genuke nahi inork arrazoi hori hartzea hemen esatera goazena balioesteko edo gaitzesteko.

Jabetzen gara gu bion hitz-ale hauek ekarpen apala direla. Hala izanik ere, urratsa egin nahi dugu, ibilian-ibilian, Herri hau bakera eta politikoki bere onera ekartzeko. Gauza jakina da ibilbide luzeena ere aitzin urratsarekin hasten dela.

Pauso honekin, gertaera jakingarriak bizi ditugun garai honetan —Eskozia, Katalunia…—, itxaropena eta gogoa indartu nahi ditugu jendearengan, guk biok bezala makina batek aldarrikatzen baitu Euskal Herria badela eta, beraz, baduela eskubidea bere etorkizuna askatasunez eta demokraziaz aukeratzeko, ez bakarrik hala sentitzen duelako, baizik eta irrikaz nahi duelako gauzak elkarrekin esan eta egin ahal izatea.

Bateragune auziaren azpian, asmo politiko jakin baten logika dago, 90eko hamarkadaren hondarrean gorpuztua eta PPk eta PSOEk2000. urtean sinatutako Itun Antiterroristan gauzatua. Estatuko botereek —zer esanik ez, judizialak— Estatuaren arrazoiaren arabera jokatzen dute: elkarrizketaren aurkako pertsekuzio penala, Alderdien Lege berria eta legez kanporatzeak —Herri honetako gehiengoak aldatuz—, salbuespenezko espetxe erregimena eta bultzada politiko nabariko erabaki judizialak.

Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez orain 5 urte sartu zituzten kartzelan. Ulertzekoa denez, ez da berbera gutako bakoitzak beraiekin daukan harremana, baina biok aski ezagunak ditugu eta gauza gara esateko ziur gaudela beren borondate argiaz, ahalegin eskuzabalaz eta lan garrantzitsuaz, Euskal Herriko indarkeriaren aldi luzea amaitzeko.

Erakunde terroristan sartuta egotea egotzi zieten Bateragune izeneko talde bateko kide izateagatik, talde hura, ustez, ETAren agindu politikoak betetzen zituen egitura zelarik. Handik bi urtera, Entzutegi Nazionalak aitortu zuen ez zela frogatu aipatutako taldekoak zirenik eta bertan esku hartzen zutenik. Hala ere, kondenatu egin zituzten.

Zigorraren oinarria zantzu hutsez osatu zuten, polizia-ekintzetan atzemandako agiri sail batean euskarri hartuta. Agiri horiek berak erabili zituzten Bildu eta Sortu legez kanpo uzteko eskaeretan, eta Auzitegi Konstituzionalak ez zituen askietsi erakunde horiek ETAren baliabide hutsa zirela ondorioztatzeko. Hainbat gutxiago balio behar zuten terrorismo delituengatik askatasuna kentzen duten zigor handiko kondena oinarritzeko.

Auzitegiak kontuan izan balu 2009ko urriaz geroztik gertatutakoa, ondorioa oso bestelakoa izango zen. Gertaeren bilakaerak ezagun du pertsona hauek egindako lan politikoak, atxilotu bazituzten ere, itzal handia izan zuela eta erabakigarria izan zela gero etorriko zenerako, bidea eman baitzion ETAren 2011ko urriko erabakiari.

Kasazio-errekurtso eta babes eskeko errekurtsoen ibilbidean, sarri izan dira kondenaren aurkako hainbat magistraturen boto partikularrak, irizten ziotelako Entzutegi Nazionalak urratu egin zuela kondenatuen eskubidea Auzitegi inpartziala izateko, edo bost pertsona haiek ETAren asmoen arabera jokatzen zutela egiaztatzeko lain kargu-frogarik ez zegoela. Auzitegi Konstituzionaleko presidenteordearen botoa, Adela Asuarena, azpimarratu behar dugu, hau da, «kezkagarritzat» dauzka Entzutegi Nazionalaren eta Auzitegi Gorenaren epaiak, eta baztertu egiten du horien «nahierako arrazoibidea», esanez ETArekiko bat etortzeak «helburu politiko batzuen lorpenarekin daukala zerikusia», ez, ordea, helburu horiek erdiesteko «baliabide bortitzak eta legez kontrakoak erabiltzen laguntzearekin».

Honenbestez, ez dago zalantzarik aurrez aurre ditugula gertatutako egia eta epaitegiko egia. Auzitegiek beren erara ulertu dituzte gertakari hurbil horiek, euskarri liratekeen frogarik aurkitu gabe, eta euskal gizartearen gehiengoak gertaerei buruz duen irudipenaren kontra.

Etsaiaren Zuzenbide Penala da kondena hauen iturburua, hala nola zigortuak gaur egun giltzaperatuta dauzkan espetxe-legediarena. Izan ere, erdi-askatasun eta askatasun erregimenak galarazteko asmoz, Aznarren Gobernuak eraginda onartu zen 7/2003 Lege Organikoaren eskakizun eta baldintza berriak ezartzen zaizkie bost kondenatuei, nahiz eta salbuespen lege horrek hitzez hitz esaten duena kontuan hartuta, hori ezinezkoa izan, ez kasu honetan eta ez euskal presoen beste zenbait kasutan ere, hemen ezin azaldu ditugun arrazoiak direla medio.

Arnaldo, Rafa, Sonia, Miren eta Arkaitzen askatasuna eskatzeak esan nahi du beren ideia politikoak defenditzeagatik kartzelan sartu zituzten pertsonen askatasunaren alde jartzea, ez baitziren inoiz delitu izan, ETAren helburu politikoekin bat etorri arren.

Jarrera bateratu hau konpartituz, lagundu egin nahi dugu adierazpenak eta ekintzak denboran hurbiltzen, eta bakoitzak bere iraganaz egin beharreko azterketa kritikoarekin batera, adostasunari eta akordioei bidea zabaltzen. Horren gainean altxatu behar da begirunez eta konpromisoz landutako oinarri sendoa, gure Herriaren eraikuntza sozial eta politikorako.

Hitz hauek konpartituz, itxaropena eman nahi diogu euskal gizarteari. Ilusioa pizten duen itxaropena, bidelagun bikaina. Ohartzen gara garrantzitsua dela hau guztia esatea, baina are garrantzitsuagoa dela biok ahots batez esatea. Egia esan, gauza asko esan eta egin ditzakegu elkarrekin. Are gehiago, ziurrenik, elkarrekin esan eta egin behar ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.