Batera bagara eta indarra badugu

Mireia Zarate, Iratxe Esnaola, Gorka Espiau, Naiara Goia, Carlos Etchepare, Maria Elena Etcheverry, Eguzki Urteaga, Koldo Viñuales
2023ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Gaur hemen biltzen gara berriro Euskal Herria Baterak pandemia garaian abiaturiko ekimen elkartu honetan, jada ia ahantzia dugularik hain denbora gutxi pasatutako gertaera lazgarri hura. Urte bete igaro da ere nazioarteko printzipio eta oinarrien aurka Errusiak Ukrainari eraso zionetik, Europan berriro gerra piztuaz. Ikusi dugu orain arte etorkizuneko gertaera posible zirenak gurera heldu zaizkigula, eta jada hauen ondorioetara moldatzeko politikak eta bizimolde aldaketak ditugu eztabaidagai.

Gertaerak ziztu bizian doaz laster beteko dugun XXI. mendeko lehen laurden honetan. Telesforo Monzonek aipatu zuen behin: «Hartu dezagun istant bat eta inguruetara begira, nondik gatozen behar dugu jakin nora goazen ere».

Baina sorionekuak gu, ahazten ari ginela zirudienean, Irulegiko Eskuak nondik gatozen gogorarazi digulako berriki. Amaiurko indusketek eta bere 500. urteurrenak gogorarazi bezala. Edo Emakume Abertzale Batzaren 100. urteurrenak. Gure aurreko belaunaldi hauek guztiek izan zirelako baikara gaur hemen.

Gertaera hauek guztiek inoiz eten ez den kate baten azkeneko katebegia garela gogorarazten digute, etorkizunean honi lotuko diren katebegi berriek segida emango diotena. Baina, gaur eta hemen, gure gizartearena da, gurea, katea ez etetearen ardura historikoa, ez beste inorena. Eta historiaren zama hori eraman ahal izateko, euskal herritar ororen bizkarrak dira beharrezko, Xabier Letek zioen bezala itsasoan urak handiak baitira murgildu nahi dutenentzat, gure herriko lanak handiak baitira astunak, gogorrak, zatiturik daudenentzat.

Nondik gatozen behar dugu jakin, beldurrik gabe nor garen zer garen esateko: eta gu euskal herritarrak gara, gu Euskal Herria gara!

Baina ez da nahikoa nondik gatozen argi izatea, non gauden eta nora goazen ere aztertu beharra dugu. Eta gu, bederen, kezkatuta gaude. Aipatu dugun testuinguruak erronka berriak eta ez nolanahikoak ekarri dizkio eta ekarriko dizkio gure herriari.

Euskal Herrian sinesten dugunon pultsua bizkortzeak soilik eman ahal dio erantzun baikor bat testuinguru horri. Eta ez gaitezen engaina, bihotz hori gabe, gorputza egongo da baina ez da Euskal Herria izango, beste zerbait baizik.

Erronka izugarriak ditu gure herriak aurrean. Eta, katea inoiz ez bada eten ere, oso ahul jarraitzen dugu. XXI. mendera heldu gara, eta ez da gutxi, baina herri gisa zatituta, herri gisa nahi dugun subiranotasuna oraindik lortu gabe, eta demografikoki zaharkituta heldu gara.

Eta, ondorioz, XXI. mendeko erronka itzelei estaturik gabe, zatiturik, eta nazio gisa gutxiagotuta aurre egin beharrean gaude. Klimaren erronkak, teknologien garapen esponentzialak gizarte orotan eragiten duen eraldaketa sakona, aldaketa demografikoen erronka, ordenu globalaren transformazioa... Nazio ororentzat erronka itzelak direnak guretzako kolosalak dira. Ez dezagun ahantz aske ez den herri txiki eta zahar bat garela, etorkizuna ziurtatua ez duena.

Beraz, non gauden eta, batik bat, nora joan nahi dugun behar dugu adostu denon artean. Gu bezalakoherri txikientzako oinarrizko kontuetan batasuna ezinbesteko baita, eta zatiketa, baimendu ezin dugun luxua. Testuinguru historiko honek behartzen gaitu batasun hori lantzera, eta azken urteetan izandako aldaketek horretarako baldintzak sortu dituzte. Euskal Herria aintzat hartzen dugunon batasunaren unea da hau.

Eta Aberri Egunak hori izan behar du: desberdintasunetik batasunerako deiadarra. Batasuna herri erronkei aurre egiteko. Batasuna gure herriaren etorkizuna ziurtatzeko. Batasuna jendarte parekide eta aurreratua eraikitzeko, elkartasuna eta gisa kohesioa ardatz. Batasuna herriaren bihotz taupada indartzeko. Batasuna Euskal Herriaren etorkizuna nolakoa izango den euskal herritarrek erabaki dezaten, euskal jendarteak bere aniztasunean erabakimen osoa izan dezan.

Denon artean, desberdintasunen errespetutik, herri honek XXI. mendeko erronkei aurre egiteko behar duen gutxieneko zoru amankomuna eraiki beharra dugu. Ez da erraza izango, baina inoiz izan al du gure herriak erraza bere bizirautea? Batera bagara eta indarra badugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.