Bataila kulturala beti izan da oso garrantzitsua eta horretarako boteretsuek diru asko erabili izan dute. Bigarren Mundu Gerra bukatu zenean, Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) administrazioak zinema propagandarako armatzat erabili zuen Europako eremuan. Marshall plan delakoa jarri zen martxan. Marshall plana, itxuraz, Mendebaldeko Europaren gosetea indargabetzeko eta ekonomia berpiztekozen; baina, azpian, Sobietar Batasunaren aurkako gerra psikologikoa egitean zetzan. AEBek bazekiten Europa indartsuak eta oparoak geldiaraziko zuela komunismoaren aurrerakada. Horiek horrela, Marshall plana ordaintzeko, Mendebaldeko Europak hitzartu zuen beren zinema aretoetan Hollywoodeko filmak proiektatzea. Filmen bitartez, AEBek lortzen zuten, batetik, American way of life-ri buruz propaganda egitea; eta, bestetik, komunismoaren hutsegite eta izugarrikeriak handituta zabaltzea. Hori izan zen orduko bataila kulturala. AEBetako Gobernuak interes berezia zuen zineman. Kontziente zen zinema eraginkorra zela beren mezua zabaltzeko; eta, mundu libreko lidergo moduan, beren helburu politikoak zabaltzeko.
Hemen, Euskal Herrian, frankismoaren diktadurarekin propaganda frankista argi eta garbi ikusten zen. Aldiz, trantsizioan hasi zen hedabideen manipulazio sotila. Berriz bataila kulturala. Hala ere, hedabide ofizialek izan zuten kontrapuntua; EMK-LKI, Zutik eta HBko afixek ere itxuratu zuten kontrakulturaren lubakia. Egun, haietako kartel asko, Mozal legea dela eta, debekatuta egongo lirateke; adierazpen askatasunaren galeraren isla.
Gaur egun ere, gu doktrinatzen jarraitzen dute; ez bakarrik Elizak Erdi Aroko aldarrikapenekin, baita boteretsuen menpe diren hedabideek eta haien zerbitzura daudenek ere. Bataila kulturala gero eta sotilagoa da. Neflix, HBO, Amazon eta antzerakoen telesailetan kontatzen dizkigute istorio batzuk Marshall plan berri batean. Espainiako hedabideak, orokorrean, eskuindarren edo ultraeskuindarren menpe daude, batez ere telebistakoak. Hemen, Euskal Herrian, daukagun telebista entretenitzeko pentsatuta dago, eztabaidatzeko saioak ia desagertu egin dira. Gure telebista pentsamendua lantzeko izan beharrean pentsumentala dela esan daiteke.
Madrilgo hauteskundeetan, Manuela Carmenatik Diaz Ayusora, bataila kulturala. Ayusok ezkertiar ikurra den askatasunaren kontzeptua lapurtu du, eta libertinajeko portaeretara bultzatu du biztanleria. Euskal Herrian, Eusko Jaurlaritzak propagandarako auzolana hitza erabiltzen du. Aldi berean, osasun publikoa desegituratzen du eta ezkutuan osasun pribatua sustatzen du. Publiko ahula, pribatua indartsu, hori bai auzolana!
COVID-19a dela-eta, keinu autoritarioak ere agertu dira, COVID ziurtagiria, hain zuzen. Noam Chomskyk zioen moduan, oharkabearen maniobrak oso eraginkorrak dira: ziurtagiriagatik biztanleria liskarrean; horrela gobernuak bere ardurak estaltzen ditu. Osasun publikoan lehen mailako arreta erreta, baina errua osasun publikoaren eskasiari bota beharrean, txertoa hartu bako gazteak errudun. Ziurtagiriak lortzen duena da jendartea haustea eta kaleko giroa gaiztotzea, herritarrek beste herritarren gainean kontrola ezartzea. Gure bataila kulturalak autoritarismoaren aurkakoa izan behar du: komunitatea sendotzearen aldekoa, saretzearen aldekoa eta ezberdinen arteko elkar ulertzearen aldekoa. Pertsonak erdian, ez interes ekonomikoak. Osasun publikoa, ez pribatua. Eztabaida libreak, ez diktadura mediatikoa.
Auzolana eta auzo-lotsa termino biak enpatian oinarrituta. Auzolana hitza euskal komunalismotik dator, publikoa denarekin lotura dauka; elkartasuna, zaintza kolektiboa eta elkar laguntza sinonimoak dira. Aldiz, auzo-lotsa-k deserosoarekin lotura dauka; irrigarria, patetikoa, eta hipokrita ere sinonimoak dira. Beraz, osasun publikoa gutxitu eta osasun pribatua handitu, auzolana edo auzo-lotsa? Eta, pertsona erdian jarri beharrean porlana eta interes ekonomikoak jarriz gero, auzolana edo auzo-lotsa?
Gure jendartean pentsamendu hegemoniko ezkertiarra, feminista eta ekologista lortu ahal izateko, bataila kulturala borrokatu behar dugu. Berdindu ditzagun, ausardiaz Bigarren Errepublikako irakasleak edo ikastola ilegaletako andereñoak, artaldeko ardi beltzen kopurua handitu dadin. Doktrinak alienazioa sortzen du; pedagogiak, aldiz, askatu egiten gaitu. Doktrinak indargabetzeko erantzukizuna daukagu, eta, horretarako,beharrezkoa dugu pedagogia soziala. Hezi behar ditugu pentsalari aske, pentsamendu kritikoarekin, manipulazioaren aurka txertatuak. Balioetan hezi, elkartasuna, komunalismoa, aniztasunean berdinketa, auzolana eta naturarekiko mutualismoko harremana, horiek denak dira giltza. Gure bataila kulturala da auzolan azpian dagoen auzo-lotsa azalaraztea.
Bataila kulturala: auzolana edo auzo-lotsa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu