Abokatua

Bastoak agintzen du

2024ko irailaren 20a
05:00
Entzun

Europan bastoak agintzen du. SIPRIren arabera (Stockholmgo Bakea Ikertzeko Nazioarteko Institutua), 2023an, gastu militarra %16 hazi zen Europan 2022koarekin alderatuta, eta 552.000 milioi eurora iritsi. 2024ko datuak oraindik jakin gabe, ez du irudi joera hori moteldu denik, kontrakoa baizik, Ukrainako gerra dela kausa. Hori hala izanagatik ere, Europako Batzordeak, NATOk joan den uztaileko gailurrean finkatutako urratsari jarraikiz, kopuru hori modu garrantzizkoan emendatzen jarraitzeko hautua egin du.

Espainiako Estatuan, Defentsako aurrekontua %60,8 igo zen 2012tik 2022ra. Gutxi izan balitz bezala, 2023an jauzi ikusgarria egin zuen, %26 areagotuta. Horri gehitu behar izan zitzaion %38ko soldata igoera Polizia eta Guardia Zibilarendako. Hemendik gutxira jakinen ditugu 2024an izandako gastuak eta 2025erako Aurrekontu proiektua, baina beldurra ematen digute.

Horrek guztiak zerikusia du Pedro Sanchezek hartutako konpromisoarekin, hots, NATOk erabakitakoari men egitea eta aurrekontu militar espainiarra urtez urte emendatzea, 2029an Barne Produktu Gordinaren (BPG) %2ra iritsi arte. Dena den, erran dezagun kontu-sail militarrak direla, diferentziaz, opakutasun eta marro mailarik handiena aurkezten dutenak aurrekontu orokorren barnean. Eta hori hala da zeren eta Defentsa ministerioari esleitutako zenbatekoa hark zuzenean kudeatzen duen kopuruari bakarrik baitagokio. Bertze gastu aunitz gehiago egoten dira bertze ministerioetako kontu-sailetan ezkutaturik.

Hala, adibidez, Ekonomia ministerioak armen erosketak eragindako aparteko kredituak eta zorra kitatzeko kontu-sailak ditu, izaera militar nabarmena dutenak. Bertze sail garrantzizkoa mundu militarraren pentsioek eta osasun prestazioek osatzen dute, Defentsaren aurrekontuan sarturik ez daudenek. Edo industria militarrari dagozkion pizgarriak, kredituak eta ordainketak, Ogasun ministerioari edo Industria, Zientzia eta Teknologiakoari esleituak. Defentsak ez du kanpoan egindako operazio militarren gastua ere biltzen, ezta nazioarteko erakunde militarrei ordaindutako kuotak edo enbaxadetako agregatutzak ere.

Horregatik, maila ofizialean gastu militarra, egun, BPG espainiarraren %1,28 dela erraten badute ere, errealitatea da portzentaje hori baina hagitz handiagoa dela. Gauzak horrela, 2023an Defentsa espainiarraren aurrekontu ofizialak 12.827 milioi euro egin bazuen ere, SIPRIk 27.617 milioi eurotan finkatu zuen benetako gastua, hau da, BPGaren %2,15, eta horrek aise gainditzen du NATOk 2029rako finkatutako %2ko helburua.

Kopuruekin maltzurki jokatzearen xedea argia da. Egiten ari diren areagotzeak justifikatu nahi dituzte, parte-hartze espainiarra NATOren aurrekontuetan bere partaideen artetik baxuena dela argudiatuta. Eta, aldi berean, neurrigabeko gastu baten errealitatea ezkutatzen dute, herriaren begikotasun handirik ez baitu. Gastu horrek 121.000 kideko armada elikatzen du, agintariak eta soldaduak baturik, ratio hipertrofiatua duena: agintari bat 1,27 soldaduko. Eta horiei 76.642 guardia zibil gehiago gehitu behar zaizkie. Frankismoaren oinordekoa den armada, aldian-aldian zornatzen dituena ehunka koronel, jeneral, fragata-kapitainek eta bertzek sinatutako agiriak eta eskutitzak Francisco Franco entzutetsuaren bertuteak eta mirakuluak laudatuz.

Bertze aldetik, gastu militarrek badute zerikusia aberriko industria militarra elikatzen duen gerraren eta heriotzaren negozioarekin. Espainiako Estatuak bere ekonomia munduko hamalaugarren tokian badu ere, armak esportatzeko orduan zortzigarren tokian dago (Saudi Arabia eta Golkoko lurraldeak, Maroko, Ukraina, Filipinak, Israel, Mali...) eta aurrekontu publikoek erabat babestu eta diruz lagundutako ekoizpena eta merkataritza ditu.

Nahiz eta Israel Gazan eta Zisjordanian genozidioa gauzatzen ari den, lurralde horren eta Espainiaren arteko hartu-eman militarrek ez dute funtsean aldatu. Espainiako Gobernuak Israelgo esportazioak eten dituela erran badu ere («eten», ez «ezeztatu»), 2023ko urriaren 7a baino lehenago onetsitakoak mantendu dira. Azpimarratzekoa ere Espainian fabrikatutako defentsa materialaren zati handiak patente israeldarra duela edo filial israeldarrek egiten dutela, bi lurraldeen artean teknologia eta segurtasuna transferitzeko dauden akordio garrantzizkoez gain. Horretaz aparte, Navantia (Ferrol) ontzi-enpresako CGTk salatu du Kristobal Kolon fragata berriki abiatu dela hiri horretatik Israelen operazioak babesten dituzten NATOren taldeetako batean integratzeko Gaza inguruan.

Horrengatik guztiagatik, 600 GKEk (Oxfam, Munduko Medikuak, Unicef, Gurutze Gorria, Elkartasun Aliantza...) izugarrizko zentzugabekeriatzat jo dute EBren gastu militarraren gehikuntza. Aitzitik, berresten dute gerra apustu hori hausteko beharra eta bertze baten alde egitekoa, giza eskubideetan, demokrazian, garapen jasangarrian eta gatazken irtenbide baketsuan eta negoziatuan oinarritua.

Bukatuko dut. Gobernuak iragarri du heldu diren asteetan aurkeztuko duela 2025erako Aurrekontuen zirriborroa. Erraten dute antz gutxi izanen dutela aurreko urtekoekin. Ukrainako gerraren eta Gazako genozidioaren ondorioek, eta aurrekontu-egonkortasun europarraren arau fiskalak berriro indarrean sartzeak dudazko etorkizun goibela iragartzen dute. Nolanahi ere, apustua egin daiteke gastu militarrek nabarmenki areagotzen segituko dutela, Pedro Sanchezek horretarako konpromisoa hartu baitu. Bada, panorama honen aitzinean, zer eginen dute gobernu hau, «Espainiako historia guztian aurrerakoiena» deitutakoa, sostengatzen duten erakundeek? Gaitz erdi liratekeelakoan onartuko dituzte aurrekontu horiek edo, bertzelako kritikak baztertu gabe, izanen dira kontu-sail militarista horiek marra gorri onartezin bat? Agudo jakinen dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.