Egia da. Euskararen presentzia eta erabilera-maila egoera larrian daude ofizialtasuna aitortzen ez zaien eremuetan. Baina ez dago askoz hobeto ofizialtasun hori aitortua daukan beste eremu guztietan. Aldeko diskriminazioan oinarritutako politika orokorrik ez da egiten, bai ordea jartzen etengabeko zangotraba instituzionalak, betiko etsaien jazarpen ideologikoa, hizkuntzaren ezarpen sozialean bizi den inhibizioa aprobetxatuta.
Euskararen Herriaz ari gara, bere osotasunean, baina kasu honetan Arabako lurraldeaz ari gara bereziki, Araba Euskaraz bertan daukagula ohartuta, datorren igandean Bastidan hain zuzen ere.
Erlaxatu egin gara. Euskara erabilpen eta nortasun balio gisa hartu eta horren aldeko apustua kanpora adierazteko beharra oso barneratuta dago euskal gizartean oro har, ziur gaude horretaz, baina ez da ekintzetara eramaten maila berean. Atsekabez azaltzen dugu pertzeptzio hori, baina gai honetan aktiboak izateko prest daudenek, bakoitza bere neurrian, astindu eraldatzailea behar dute eta ez dugu gordintasuna leunduko gure mezuan.
Errepara bedi gizartean jartzen dugula azpimarra, ez instituzioetan, administrazioan. Ez haiei ezer aurpegiratu beharrik ez daukagulako. Ezaguna da haien politikekiko daukagun ikuspegi kritikoa. Bada ordea jakiniko zerbait egoera honen jatorrian: Politika instituzionalak eta euskararen erabileraren aldeko giro soziala zuzenean lotuta daude horren aldeko apustua egiten dutenen eraginarekin, jarrerarekin, aburuak kanpora agertzeko erabakimenarekin.
Euskal gizarteak salatu zituen frankismoaren garaiko injustiziak, zilegi bekigu aipamen historikoa, besteak beste eta zehazki euskararen erabilpenari eta garapenari zegokiona. Salaketarekin batera, haien aurkako ekinbidea gauzatu zen, jarrera eta joera aktibo eta orokorrean.
Gaur ez da desagertu injustizia, gure hizkuntza ofiziala den eremuetan ere. Etengabea da, esate baterako, euskara bezalako hizkuntza gutxituen alde, eta azpimarratu nahi dugu gutxitu hitza, nazioartean ematen diren Zuzenbidezko gomendioen gutxiespena. Eta hala ere euskal gizartea, orduko sektore aktibo haien oinordekoak, edo ez dira gai egoera honetaz jabetzeko, ez behintzat lozorrotik ateratzeko adina, edo garai bateko euskal gizartearen ezaugarria zen kontzientzia kritikoa historian galdu da.
Gurea ez da itxaropenik gabeko kausa. Idatzi hau bera horren adierazgarri da, nahiz eta beste itxura bat eman. Kezkagarriak diren adierazleekin batera, badira beste norantzan direnak ere. Kontua da gure jarrera pertsonal zein kolektiboek eragina dutela, ez direla neutralak testuinguru ezegonkor honetan. Gu guztion esku dago iragarri ilunei aukera eman ala ez.
Esandako guztiak balio beza agertoki orokor gisa jarraiko lerroetan Arabako aipamen zehatza egiteko. Adibide bat jartzeko, hemen euskara ofiziala da, baina D ereduan ari den eskola bakarra ikastola den zenbait herritan, euren seme-alabentzako eskaintza horren alde egiten duten hainbat familia beste eskola batzuetara joatera behartu nahi izaten du Hezkuntza Administrazioak. Batzuetan lortzen da politika horiek ekiditea, baina ez borrokarik gabe.
Denok dakigu Trebiñu zer den, alegia, gaztelar administraziopean dagoen euskal eremu hori. Hemen ere badago ikastola bat, baina gaztelar hezkuntza administrazioak ez dio kontzertaziorik eman nahi. Eta euskal administrazio autonomikoak eremu horretan eskumenik ez daukanez, han bizi diren euskal familiak bakarrik aurkitzen dira batzuen etsaigo eta besteen gogoezaren aurrean.
Ez gara zehaztasunetan galduko. Kasu zehatzak lagungarri dira azaldu nahi dugun gaiaren dimentsiora hurbiltzeko.
Euskarak jarrera sozial aktiboa eskatzen du. Ez da inhibizioetarako garaia, gure aburuak kanpora ateratzerakoa baizik. Bakoitzak bere erara, baina denok nola edo hala. Horretan ere ez gara orain xehetasunetan murgilduko.
Araba Euskaraz, euskararen aldekoak garenok bertan egotea, jai giroan, giro ludikoan, baina eraginkorrean, aukera paregabea da aipatutako kanpora adierazpena gauzatzeko. Araba eta Arabako Errioxa, euskal Errioxa, Bastida oraingoan, lurralde bereziki aproposa da horretarako.
Baliteke eguraldiak ez laguntzea, distantziak nagia eragitea, baina ez bata eta ez bestea ez dira inoiz eragozpena izan gure aburuen alde modu aktibo eta kontsekuentean agertzeko. Ezetz esaten digutenean baietz ihardesteko pizgarria beharko luke guretzat, gutaz, gure burugogorkeriaz, esaten dutena egia bilakatuz.
Ez da hutsala gure presentzia, gure agerraldi multzotsua, behar gaituzten tokietan. Eta Araban, Arabako Errioxan, Bastidan, beharrezkoa da gure presentzia, beharrezkoa euskararen presentzia. Hemen ere, edo agian bereziki hemen, gurari zabala da munduaren aurrean dagokigun nortasuna adieraztea ahalbidetzen digun hizkuntzaren aldekoa.
Artikulu hau honako hauek ere sinatu dute: Xabier Arrietak (Arabako Ikastolen Batzarreko lehendakaria),Ainhoa Gonzalezek (Bastida ikastolako lehendakaria), Alfonso Facesek (Oiongo San Bizente ikastolako lehendakaria) eta Adela Chavarrik (Lapuebla de Labarcako Assa ikastolako lehendakaria).
Bastidara, ongi merezita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu