Basque Culinary Center (GOe): kokaleku desegokia

Idoia Santamaria Urkaregi
2023ko irailaren 20a
00:00
Entzun

Donostiako herritar eta Gros auzoko biztanle gisa idazten dut hau. Donostiako Udalak Basque Culinary Center-en egoitza berria (GOe, Gastronomy Open Ecosystem) Manteon kokatzea erabaki du, Okendo kultur etxearen inguruan. Udalaren erabakiak eztabaida eragin du, eta iritzi ugari ari gara irakurtzen komunikabideetan. Nire lanbideak ez du zerikusirik ez arkitekturarekin, ez hirigintzarekin, baina biziki interesatzen zait gaia, eta, kasu honetan, Groseko auzokide izanik, gertuagotik bizi dut; beraz, datu batzuk biltzea eta nire iritzia ematea erabaki dut adierazteko nire ustez desegokia dela egoitza berri horretarako aukeratutako kokalekua. Ez diot helduko hemen halako instalazio baten beharrari buruzko eztabaidari, hori beste eztabaida bat baita.

 

Jasotako datuen arabera, hiru dira hemen azalduko ditudan arrazoiak kokalekuaren kontrako iritzia emateko.

1. arrazoia: hirigintza

Gros auzoa eta haren ondoz ondoko Ategorrieta-Ulia ingurua Donostian XIX. mendearen amaieratik garatutako zenbait zabalgune-proiekturen emaitza da. 1933an hartutako erabaki batetik (Gros-Ategorrieta-Uliaren zabalgune-proiektuarekin lotutako erabaki batetik), oinordetzan jaso dugu gaur egun ere auzoan bizirik dagoen errealitate urbano bat. Urte hartan erabaki zen gaur egungo Nafarroa etorbidea bi hiri-eredu desberdinen banaketa-elementua izango zela: bata eredu dentso eta trinkoa, egungo Gros auzoarena alegia, eta beste bat, Ategorrieta-Uliarena, zeinak, lorategi-hiriaren ereduari jarraituz, inguru berde batean kokatutako eraikin txiki sakabanatuagoak baititu.

Erabaki haren ondorioz, Nafarroa etorbidea bi aldeen arteko harreman-mota jakin bat ezartzen duen elementu bihurtu da, Gros auzoa Uliaren inguru berdera zabaltzen baitu bisualki eta paisaiaren aldetik.

Basque Culinary Center-en egoitza berria Manteon kokatzeko proposamenak aldatu egingo luke jasotako herentzia hori eta, beraz, inguru horren errealitatea. Kokapen-proposamenari eraikinarentzat aurreikusitako tamaina erantsiz gero, garbia da ondorioa: eraikin horrek Nafarroa etorbidearen beste aldera —lorategi-hiriaren ereduko ingurura— eramango du Gros auzoaren eredu trinkoa eta, horren ondorioz, itxi egingo du auzoa bisualki Uliara zabaltzen duen aldea, eta, hala, auzoaren kalitate urbanoa murriztuko.

Hori guztia, gainera, non eta Grosen, hiriko auzoen artean etxebizitza-dentsitate handiena —270 etxebizitza inguru hektareako— eta eraikuntza-intentsitate handiena —3,40 metro karratu eraiki lurzoruaren metro karratuko— duen auzoan. Beraz, eraikin berriak areagotu egingo du, justifikaziorik gabe, eraikuntza-intentsitate hori.

Bada beste arrazoi bat erabakia are ulergaitzago egiten duena. Eraikin horrek ez lioke emango zerbitzua hiriari bakarrik, baizik eta Gipuzkoa osoari eta, are, Euskal Autonomia Erkidego osoari. Asmoa hori dela garbi erakusten du Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetza ekonomikoak, biek finantzatuko baitute neurri handi batean eraikina. Kontuan hartuz egun indarrean den Donostiako Plan Orokorrak ez duela aurreikusten leku horretan udalerria baino lurralde-eremu handiagoko instalaziorik, ez da ulertzen halako instalazio bat hor eraiki nahi izatea.

2. arrazoia: turismoa

Donostian turismoaren presioa gehien jasaten duen auzoetako bat da Gros. Horren erakusgarri da auzoan turismo-erabilerarako dagoen etxebizitza-, hotel-, eta taberna-kopuru handia. Basque Culinary Center-en egoitza berriak, ikono turistiko ororen arrandia eta ponperiaz planteatua, areagotu egingo luke turismoak Grosen eragiten duen presio jada handia.

Bestalde, prentsan irakurritako berrien arabera, Donostiako Udala zenbait proposamen aztertzen ari da establezimendu turistikoen ezarpena mugatzeko hirian. El Diario Vasco egunkarian 2023ko abuztuaren 3an argitaratutako albiste baten arabera, litekeena da udalak turismo-establezimendu berrietarako auzo jada betetzat jotzea Gros, eta, beraz, halako gehiagotarako baimenik ez ematea auzoan.

Beraz, nabaria da koherentzia falta: batetik, turismoaren presioaren ondorioz udala aztertzen ari omen da Gros turismo-establezimendu berrietarako auzo betetzat jotzea eta, bestetik, GOe Grosen ezartzeko erabakia hartu du. Ez da ulertzen.

3. arrazoia: deszentralizazioa

Udalaren webgunetik hartutako informazioaren arabera, 17 auzo ditu Donostiak (Landarbaso eta Urdaburu kontuan hartu gabe). Errealitatea asko sinplifikatuz, bi talde handitan banatu ditzakegu: hirigunetik gertuagoko auzoak, batetik, eta auzo periferikoagoak, bestetik: Erdigunea, Gros, Amara edo Antigua-Ondarreta auzoen egoera eta Altza, Añorga, Loiola edo Martutenerena ez da berdina. Faktore askorekin dute zerikusia auzoen arteko aldeek: kokalekua eta orografia lehenik, baina baita ere batzuek eta besteek dituzten (edo ez dituzten) udalaz gaindiko ekipamendu eta instalazioak, denda txikien eta beste zerbitzu batzuen presentzia kuantitatibo eta kualitatiboa, turismoaren presioa...

Zirkunstantzia horiek guztiak kontuan harturik, komeniko litzateke behingoz baztertzea GOe bezalako eraikinak beti hiriko auzo beretan kokatzeko joera eta, horren ordez, joera benetan deszentralizatzaile bat bultzatzea, protagonismo handiagoa emateko gehienetan ahaztu egiten diren auzoei. Esate baterako, halako egoitza bat beharrezkoa baldin bada, zergatik ez kokatu Loiolan, Martutenen, Añorgan edo ezaugarri bertsuko beste auzo batean? Zergatik ez eman auzo horiei merezi duten protagonismoa halako erabakien bidez?

Hemen aletutako arrazoiak kontuan harturik, beraz, uste dut ez dagoela justifikatua Basque Culinary Center-en egoitza berria Manteon kokatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.