Baso babesleak, lehorteen plana eta plan hidrologikoa

Edu Zabala Garagartza
2022ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Zorionez edo tamalez, natura irizpide politiko, etiko eta moralen gainetik dago, eta ez zaizkio axola alderdi politikoen desadostasunak, ideologien eztabaidak eta gure utzikeria; izan ere, gogotik ordaintzen ari da guk sortutako kalteak, baina orain guri tokatzen zaigu klima larrialdiaren ondorioak pairatzea. Berandu gabiltza, berandu zabiltza, Jaurlaritza.

Ez gara gu katastrofismo zaleak, bide egingarriak, ekosozialak eta positiboak hartzearen aldekoak baizik. Gu baino askoz lehenago, ekologisten eta naturazaleen kolektiboek, zientziaren laguntzarekin, egoera hau aurreikusia zuten, baina, zoritxarrez, ez diete jaramonik egin; kapitalak agindu du basoan ere, eta ustiaketa basati horrek kalte larriak sortu dizkie lurrari, urari eta bioaniztasunari, hainbat hamarkadaren ostean.

Proposamenak egiteko eta gauzatzeko garaia da, eta Jaurlaritzak berea egin du lehorteak, uholdeak eta ur eskasia ate joka dituenean, hanka motz geratu dena, geure iritziz. Gure plataforma baso bizien aldarrikapenaren inguruan sortu zenez duela urtebete, basora ekarri nahi dugu gogoeta; izan ere, aurkeztu berria den plan honetan ez da basoa hitza inondik inora agertzen, funtsezko ardatzetako bat denean; plan hauek hiriburuetako ikuspegitik eta hiriburuen mesederako diseinatu dira.

Bertan aipatzen direnak, besteak beste, honako hauek dira: Lehorteen planean: urak leku batetik bestera aldatzea, erabilerak murriztea, ura moztea. Plan Hidrologikoan: uraren kalitatea bermatzea, uraren segurtasuna eta hornidura bermatzea, uraren saneamendua hobetzea; eta, bukatzeko, Uholde Planean: iragarpen eta alerta sistemak hobetzea. Eta kito, basoak ez dira existitzen.

FAOren txosten batek dio urak garrantzi handia izan beharko lukeela basoen kudeaketan, jarraipenean eta balorazioan, biodibertsitaterako bizi-zerbitzu hidrikoak ematen baitituzte, eta funtsezkoak baitira nekazaritzarako, industriarako, ingurumenerako eta etxerako.

Hala ere, askotan alde batera uzten den alderdi bat basoek uraren hornikuntza eta kontserbazio egokirako duten garrantzia da: baso arro hidrografikoek gure ur geza eskuragarriaren horniduraren %75 inguru ematen dute, eta, beraz, gure segurtasun hidrikoaren zati integrala dira.

Onartu behar dugu basoek funtsezko zeregina betetzen dutela segurtasun hidrikoan, eta ura lehenetsi behar dugu basoen kudeaketaren eta gobernantzaren arloko erabakietan. Ura baso-kudeaketaren erdigunean jartzeak abantaila handiak izango lituzke erresilientzia-mailan.

Horiek guztiak esanda, gogora ekarri nahi dugu Jaurlaritzak berak egindako Euskadiko Baso Plangintza 1994-2030, non beste proposamen askoren artean honelakoak esaten zituen:

-Komenigarri gertatzen da natur arriskuetarako gestio-unitate gisa ibai-arroak hartzea.

-Baso babesleak zeintzuk diren zehaztu eta izendatzea premiazkoa behar litzateke arrisku handiko lurretan.

-EAE: Herri-basoak 38.590 / Baso pribatuak 73.561/ Denera: 112.151. EAEn baso pribatuetako 77.000 Ha. izendatuko dira baso babesle.

-Lurralde osoan berezko landarezko tarte-sarea ezartzea erreketan oinarrituta.

Plan horretan jasotako hainbat neurrirekin bat gatoz, baina duela 28 urte martxan jarrita egon behar zuten, eta 2030era iristeko zortzi urte falta direnean badakizue zenbat hektarea baso babesle sortu, berreskuratu diren? Zero. Zergatik ez da inbertitzen plan horretan bertako baso babesleetan, zergatik ez dira basoak kontuan hartzen? Baso babesleek, gainera, landaketa pirofitoekin alderatuta suteen aurrean bestelako babesa eskaintzen digute. Basoak diogu, ez landaketak, zeren azken hauen monolaborantzak sortzen duen defizit hidrikoa askoz nabarmenagoa da bertako basoena baino. Horren inguruan Busturi Eginez orrian Erroxeli Ojinagak plazaratutako Una reflexión sobre el llamado deficit hídrico de Busturia, Mundaka y Sukarrieta artikulutik entresaka bat egingo dugu.

«Hala ere, biztanleriari ematen zaion informazioan ez dira ageri bi elementu garrantzitsu: eukalipto generoko espezieak dituzten egur-enpresen landaketek lehorte hori larriagotzean eta gure hiru udalerrietarako eskuragarri dauden baliabide hidrikoak nabarmen murriztean duen eragina, alegia. Landaketa horien errendimendua ur-kontsumo handi batean oinarritzen da.

Nabarmentzekoa da udalerriko ibaiak eta errekak Urdaibaiko Ibai Sareko parte direla. Basoen kudeaketa intentsiboak, hazkunde azkarreko espezieekin txandaka egiten denak eta matarrasaz mozten denak, inpaktu garrantzitsuak eragiten ditu udalerriko sare hidriko babestuan».

Badakigu basoek bakarrik ezin diotela aurre egin klima larrialdiari, baina izan daitezke bidelagun eraginkorrak lehorteen, suteen eta uholdeen aurrean; horregatik, zera eskatzen diegu Jaurlaritzari eta Tapia andereari: Euskadiko baso plangintza 1994-2030 martxan jar dezala oraintxe bertan, ahalik eta partaidetza sozial zabalenarekin, hau da, kontuan hartuta erakundeez gain arlo horretan gizarte mailan gabiltzan gainontzeko eragileok. Era berean, eskatzen diogu ez ditzala baztertu ur hornidura duin eta seguru batetik hainbat eskualde, Busturialdea kasu, gainontzeko guztiei «ur hornidura bermatuta dagoela datozen asteetarako» esanez. Datozen asteetarako? Klima larrialdia geratzeko etorri da, ez aste batzuetarako. Ausartagoak izan behar duzue, hau bai dela herri honek behar duen funtsezko azpiegitura eta erronka, baldin eta herri gisa biziraun nahi badugu.

Baso babesleak deitzen diegu larrialdi honetan eta datozenetan gu babestuko gaituztelako, ziur egon.

Naturak ez gaitu behar, guk natura eta basoak behar ditugu, ez landaketa, monolaborantza zurrupatzaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.