Baskoniako historia bat: euskal matriarkatuaren mitoa

2022ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Aspalditik ETB1en Alberto Santana Euskal matriarkatuaren mitoa aurkezten ari da. Saioa ikusi ondoren Alberto Santanak esan zuenak harritu egin ninduen. Nola liteke esatea euskaldunok ez dugula izan matriarkatua gure historian? Gezurra dela? Ez dugula ezer berezirik, patriarkalak garela? Zein den programa horren helburua galdetzen nion neure buruari.

Santanaren helburua da ukatzea eta ezabatzea euskaldunen jatorrizko historia, eta kolonizatzaileek euskaldunentzat asmatu duten historia egia izango balitz bezala kontatzea. Beraz, joko perbertsoaren aurrean gaude, hau da, kolonizatzaile patriarkalaren eraso potolo baten aurrean gaude.

Esan beharra dago Europan paleolito garaian gizaki taldeak amaren taldeko pertenentzia zeukala, eta amaren pertenentziak adierazten digu taldea matrilineala zela, taldea amaren aldetik zetorrela. Amaren taldeko pertenentzia hark bizimodu matriarkal bat egituratu zuen. Niretzat matrilineala esatea egokiago izango zena.

Zorionez, horren arrastoak euskal senide-egituran azaltzen dira: neba, arreba, izeba, osaba, loba, aitaginarreba, amaginarreba hitzetan -ba bukaera aurkitzen dugu. Atzizki horrek adierazten digu euskaldunen senidetasuna amaren aldetik datorrela. Hitz horien etimologia azterturik, aita aitaginarreba da, amaren aldetik datorrena, eta arrebaren neba dela esan nahi du. Ama amaginarreba da amaren aldetik datorrena, eta nebaren arreba dela esan nahi du, biek ala biek baieztatzen digute euskaldunok amaren aldetik datorren senide-egitura dugula, matrilinealak garela.

Horrela, haurren aita biologikoa bizi zen bere amaren etxean, eta etxean haurrekin aitaren funtzioa egiten zuena osaba zen, eta oraindik nebak bere arreben haurrekin presentzia handia dauka. Horrela, etxe horretan jaiotzen ziren umeak bere amaren nebekin, amaren ahizpekin eta amaren ahizpen seme-alabekin bizitzen ziren.

Etxeari dagokionez, gurasoek oinordetzan alabari ematen diote etxea. Beste arrastoa etxekoandrea dugu, emakume horrek etxeko ekonomia kudeatzen du, eta etxekoei esaten die zer egin behar duten etxekoek ongizatea lor dezaten.

Sinesmenetan Mari dugu, ama-lurraren irudikapena baino gehiago da, bizitza ematen duena da, eta euskaldunon jatorrizko sinesmenak dira Mariren aginduak eta Mariri egiten zaizkien otoitzak. Mariren maitalea Sugar dugu, harreman horretatik sortu ziren eguzkia eta ilargia, horrek euskaldunen pentsamolde filosofikoa zein den adierazten digu. Igarotze-errituak ere baditugu, atsolorra euskal jaiotza erritua, gazte dantza, neska dantza, mutil dantza, hil-lorra; eta laneko ekoizpen arloan auzolana, batzarra, auzo-lorra, besteak beste.

Bizimodu matrilinealak sortu zuen gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna, emakumeak eta gizonak botere berdina zeukaten, gizartea igualitarioa zen. Eta berdintasun hori euskaran agertzen zaigu, adibidez, laguna, umea, haurra, maitalea hitzetan ez dugu bereizten generoa.

Bestalde, neolito garaien indo-europarren inbasio patriarkalak egon arren, euskaldunek bizimodu matrilinealarekin jarraitu zuten.

Baina, Alexandro Aita Santuak 1179an Europako Herri matrilinealei gerra santua egitea agindu zuen, bizimodu patriarkala inposatzeko. Horretarako, Elizak inkisizioa eta deabruaren teoria sortu zituen, eta jazarpena bururaino eraman zuen Europar herri matriarkalen aurka. Testuinguru hartan Europako herri asko desagertu ziren eta euskaldunen populazioa gutxitu egin zen. Jakina, gerra santuak jarraitu zuen, eta 1515ean Julio Aita Santuak agindu zion Gaztelako Koroari Nafarroako konkista militarra egiteko. Konkista militarra egin ondoren, inkisizioak indarrean jarri zituen sorginkeriaren akusazioak legean bizimodu patriarkala inposatzeko. Horrela, Elizak inposatu zuen maiorazkoa, talde pertenentzia aita biologikoarena izatea, emakumea menpekoa bihurtzea, gizon matrilinealak autoritarioak eta bortitzak izatea, eta katolikoak izatera derrigortzea.

Oraindik, XXI. mendean euskaldunok kolonizazio prozesuan jarraitzen dugu. Eta norbanako asko bizimodu patriarkalak kutsatuak egon arren, adibidez, gizonak baserria galtzen dutenak apustuan, edo emakumeak gizon patriarkal bezala funtzionatzen dutenak, matriarkatuaren jatorrizko arrastoak indarrean daude gure herrian. Euskaldunok ez gara espainiarrak ezta frantziarrak, jatorrian amaren taldeko pertenentzia dugu, gure ezaugarri propioak ditugu, gure ama hizkuntza euskara matrilineala dugu, eta jatorriz Europako azken herri matrilineala gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.