Baserritarra naiz eta harro nago

2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Ixidro deunaren jaia ospatzen dugu gaurko egunean, eta aitzakia honetaz baliatu nahiko nuke baserritarrok eta baserriak egungo gizartean betetzen dugun eta duen funtzioa aldarrikatzeko, eta baserritarrak eta baserria balioan jartzeko.

Aspalditik gabiltza esanaz gure ogibidearen funtzio nagusia elikagaiak ekoiztea dela, eta horretan dihardugu buru-belarri gure egunerokoan, elikagaiak ekoitzi eta merkaturatzen, zirkuitu laburrean nahiz distribuzioaren bitartez, ahaztu gabe, bestalde, baserritarrok basoak kudeatuz ekoizten dugun egurra.

Aspaldikoa da ere gure ogibidea ez dela besteak bezalakoa, ez hobea ez okerragoa, ezberdina, berezia, elikagaiak eta egurra ekoiztean, herriaren elikadura osasuntsurako produktuak eta, altzariak edo etxegintzarako egurra ekoiztearekin batera, modu banaezinean, natura zaindu eta lurraldea kudeatzen dugulako.

Gure mahaietara iristen diren esnea, eztia, fruta, barazkiak, okela, arrautzak, gazta, sagardoa eta txakolina ekoiztean, lurra zaindu eta elikatzen dugu, lurra emankorra eta eskuzabala izan dadin; belardiak eta basoak kudeatzean, gure herriak hainbeste maite duen paisaia moldeatzen dugu; berezkoak diren arrazak eta elikagaiak ekoiztean, biodibertsitateaz gain Euskal Herriaren ezaugarri nagusietarikoa den gastronomia bermatzen dugu; eta eguneroko jardunean natur baliabideekin elkarbiziz, gure herriarentzat hain beharrezko diren uraren, airearen eta lurraren zaintzaile lanak egiten ditugu, gizarte osoaren onerako.

Hau horrela izanik ere, baserritarrok elikagaien salmentatik bizi nahi dugu, eta hortik aurrera, datozen diru-laguntzak ondo leudeke, betiere, elikagaiak eta egurra ekoizteaz gain egiten ditugun gizarte osorako onura publikoengatik, eta ez elikagaien prezioa merkatzeko edo haien balioa gutxiesteko. Baina egiari zor, horretarako behar-beharrezkoa dugu gizarte osoaren babesa eta elikagaien katea berrantolatzea, gardenagoa, justuagoa eta orekatuagoa izan dadin.

Gizarte osoaren babesa aldarrikatzean ez gaude limosna bila, gizarte osoaren onerako egiten ditugun gainontzeko lanak balioan jarri nahi ditugu, eta, bide batez, gure bizilagunei eta kontsumitzaileei ohartarazi baserritarrak babestuz baserritarrek egindako onura publikoak babesten ari direla, hau da, beren onerako ari direla.

Baserritarrok umiltasun osoz baina ozen diogu oso harro gaudela baserritarrak izateaz eta egiten dugun lanaz, baina aldi berean ere diogu, berandu baino lehen, garai konplikatuak eta nahasiak bizitzen ari garenez, gizarte osoaren babesa behar dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.