Barkamenak

2013ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Iragan hurbileko eta gaurko Euskal Herriko historia laburbilduko bagenu, balantzea eginez, hainbat datuz baliatuko ginateke. Ekonomian bezalaxe, bi kontzeptu jarriko nituzke, hau da: hartzekodunak eta zordunak; eta antzekotasunean jarraituz, sosen (diruak) ordez, barkamenak.

ETAk behin betiko jarduera armatua amaitutzat iragarri zuenetik, bakea ekarriko digun prozesua aldarrikatzen ari gara: bizikidetza, errespetua, justizia, eskubideak, memoria historikoa, kontakizuna…

Duela berrogeita hamar bat urte, euskarazko egutegi batean irakurri nuena gelditu zitzaidan buruko burmuinean betiko sartuta. Honela zioen: «Bakea ez da gerra edo indarkeriarik eza, benetako bakea justizia da. Justiziarik ez badago, ez dago bakerik». Jakintsu askoren artean inor ba ote dago niri justizia zer den esplikatuko lidakeenik? Eza zer den badakit, oso argi daukat, ba, nik oraindik bakerik ez dut ezagutu.

Herri honetan «bakezaleak» diren horiek exijentzia guztiak norabide bakarrean jartzen dituzte beti, garai bateko «zuek, bekatariok» etortzen zait burura, hemen gertatu izan den guztia ETAri eta ezker abertzaleari leporatuz.

Kausa baten ondorenak sortutako gatazkan bizi gara, eta emaitzak hauek: hainbat hildako nahiz bateko eta besteko, milaka atxiloketa, espetxeratu, torturatu eta torturapean hilak, iheslariak, espetxe politika hiltzailea, ilegalizazioak, egunkarien itxierak... eta gehienak, hala izan ez diren arren, dena «ETA da» tesian baliatuz. Bizitzen ari garen gatazka politiko honetan ETAk badu bere erantzukizuna, baina estatuak are handiagoa oraindik, berak egin dituen mota guztietako giza eskubideen urraketak, delituak izan arren, zigorgabetasunean eginak izan direlako; beraz, estatua bera da gaizkilea. Hor daukagu erakusgarri argi bat justiziarik ezarena. Zerbitzari publikoak direnek torturatu izan gaituzte, magistratuek eta epaileek albora begiratzen zuten bitartean eta forentseek begiak itxi. Nork nori eskatu behar dio barkamena? Nortzuk dira barkapena hartzekodunak eta zordunak? Nortzuk biktimak?

Hainbat lege eta dekretu eta justiziarik batere ez. Frankismoko garai beltzak etortzen zaizkit burura. Zer aldatu da? Ezer gutxi. Errepresiorako egindako legeekin ez dago justizia egiterik. Fiskalek, magistratuek eta epaileek irizpide politikoekin eta ez juridikoekin baliatu izan dira auzipetuak kartzelatzeko, eta horrela diraute, ustelduta dagoen justizia deitzen dioten horrekin. Zer da justiziarik eza? Amaigabeko mendekua. Hor daukagu indarrean, Parot doktrina, euskal preso politikoen sakabanaketa, oso gaixorik daudenak kartzelan edukitzea eta, hitz batean esanda, bake prozesua oztopatzea eta atxiloketak egiten jarraitzea.

Euskal gatazka honetan ETA dela arazo bakarra esateak abertzaleen artean ere metamorfosi ideologikoa ekarri du, ba, auzi honek bostehun urte daramatza. Meliton Manzanas eta Carrero Blanco hiltzeak abertzale denek ospatu zuten, EAJ-PNVek ere bai. Horiek ere heriotzak izan ziren. Etxerik etxe eta aterik ate ibiltzen ginenean euskal erakunde armatuarentzat dirua biltzen, jeltzale askok borondatezko ekarpenak egiten zituzten, asko enpresariak ere izaten baitziren. Gazte armatu haiek heroiak ziren,eta, Franco hil geroztik, terroristak. Urteetan borrokatutako helburuak hor diraute. Norentzat?

Jaime Balmesek (Espainia. Apaiza eta filosofoa 1810-1848) idatzitakoa datorkit burura: «Herri bati autonomia eskaintzen zaionean, subiranotasun faltsua ari zaio ematen». Euskal gatazkaren zergatia eskubide historikoen ukapena da, independentzia eskubidea. EAJ-PNVrentzat autonomia estatutua izan da benetako askatasuna, eta akabo.

Espainiako Gobernuek behin eta berriz esan izan dute demokrazian ideia guztiak direla defendagarriak, independentzia ere bai. Hemen dago iruzurra. Nola defenda daiteke ideia hori gero beraien legediak hura gauzatu ahal izateko, hala nahiko balitz, ate guztiak itxita badaude? Kataluniako parlamentuak subiranotasuna aldarrikatu zuen; hau da, ideia edo asmo bat gerora begira; ba, Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu du Epaitegi Konstituzionalean ideia horren aurka. Dirudienez, pentsatzea ere galarazita dago. Euskal Herrian, ordea, bake biderako egoera ezin hobean gaudenean, oraindik ere politika egiteagatik torturatu eta kartzelatu egiten gaituzte.

Lotsagarria iruditzen zait jeltzaleen jarrera atxiloketen aurrean, PPkoak bezalaxe mintzatzen dira. Ondarroan, ertzainek Urtza Alkorta atxilotuta eraman zuten kartzelara. Mundu guztiak ikusi zuen nola izan ziren gertakizunak, beltzez mozorrotutako «herri zainak» diren horiek herritarrak jipoitzen eta iraintzen. Niri lotsa emango lidake alogera horrela irabazi behar izateak. Diruaren truke edozer gauza egiteko prest daudenekin, kontuz, eta are okerrago oraindik, Espainiako Auzitegi Nazionalaren esanetara egotean. Bake prozesura barik, gerrakora eraman nahi gaituzte.

Euskal preso politikoei buruz, birgizarteratze formula aipatzen ari dira jeltzaleak behin eta berriz, gobernu espainiarrak bezala: biktimei barkamena eskatzea, damutzea, kalteak egin izana aitortzea, bere izaerari uko egitea, eta «agian», bere lagunen bat salatzea. Estatuko gaizkileak birgizarteratzeko formularik egon al da? Non daude kartzelan egon beharko luketen estatuko gaizkile horiek? Kalean, lasai asko. Hauxe da, bada, daukagun demokrazia, justizia eta hipokresiaren balantzea.

Biktimek, denek, errespetua eta aintzatespena merezi dute, eta gatazka honetan, asko izan gintezke barkamena hartzekodunak eta zordunak. Logika erabiliz, auzi historiko honek elkarrizketa eta negoziazio orokorra eskatzen du eta ez banakako soluzioak eta inor belaunikaraztea. Gure balantze historikoa bakerik gabeko tragediaz betetakoa da. Bostehun urtez menperatuak baina ez garaituak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.