Barcina eta Santamaria bortitzak

2011ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Berriz ere ikusi ditut iazko txupinazoko istiluei buruzko bideoak, ikurrin erraldoi bat Udaletxe plazan sartzea lortu zutelako. Hasteko, nik ez dut uste bideo horiek manipulatuta daudenik, eta, haietan beraietan nabarmenki ikusten dena da,udaltzainek eta kaleko jantzia duten beste gizonezko batzuek, kapela gorriz kamuflatuta daudenek, nola praktikatzen duten indarkeria batere lotsarik gabe, bultzaka eta borraz joaz, jaietan ari diren milaka pertsona eta grabatzen ari diren hamaika kameraren aurrean, eta, horrek dakartzan arrisku guztiekin. Irudi horiek ez dute engainatzen, ez dute gezurrik esaten. Jendartera, astapotro eta astakirten moduan sartzen diren bakarrak, udaltzainak eta beren konplizeak dira, zakur amorratuak baino okerrago.

Hortaz, burua pixka bat erabiliz honako hauxe ikusten dugu: nor da udaltzainen eta beren konplizeen erantzule nagusia? Simon Santamaria Cebada Iruñeko udaltzainburu jauna. Eta nor dago Santamaria jaunaren gainetik? Yolanda Barcina Angulo, garai hartan Iruñeko alkate andrea. Beraz, nor dira udaltzainen praktika bortitz horien erantzuleak, azken batean? Ba, beren arduradunak, hau da, Barcina eta Santamaria jaun-andreak. Ondorioz, esan daiteke, jaun-andre hauek bortitzak eta indarkeria zaleak direla. Beraiek ez zuten hatz bakar bat ere mugitu, baina agindu zorrotzak eman zituzten, gertatu zena gerta zedin. Bai, oso indarkeria eta bortxakeria sofistikatuak praktikatzen dituzte, alajaina! Jotzaileak eta agindu emaileak santuak omen dira, eta jipoiak hartutakoak, berriz, gaizkileak eta deabruak. Oso demokrazia ederra batzuentzat, bai jaun-andreok!

Azken kontu batzuk: epaitutako gazteek oso ongi galdetu dieten bezala UPNkoei, esan dezatela ea non dagoen ikurrina erakustea debekatzen duen legea edo agindua. Ikurrina bandera konstituzionala da, erabat legezkoa Euskal Autonomia Erkidegoan, eta Iruñeko udaletxeko balkoian ere behin baino gehiagotan egon da zintzilik, modu normalizatuan, bere garaian. Badakigu Barcinak eta Santamariak gorrotoa digutela euskaldunoi (gauza bitxia, inondik ere, Barcina andrea Burgosen jaioa izanda, ama Portugaletekoa, eta, gainera, azken hori, Joxe Migel Barandiaranen ahaidea omen!), baina gorroto horrek ez die eskubiderik ematen jokatzeko beraiek nahi duten bezala. Sanferminetan, mundu zabaleko makina bat bandera ikusten dira Iruñeko udal plazan eta beste nonahi, Aragoi, Errioxa, Burgos, Kantabria, Txile, Venezuela, Katalunia, Andaluzia, Japoniakoa, eta abar. Zergatik ez diete egiten maila bereko erasorik? Normal ikusiko al lukete Barcinak eta Santamariak Bilbo, Donostia, Gasteiz, Baiona, Donibane Garazi edota Mauleko jaietan, bertako poliziak indarkeria praktikatzea, Nafarroa Garaiko bandera ateratzen delako? Ez, horrelakorik ezin da sartu buru osasuntsu batean!

Bukatzeko, hiru gogoeta: lehena, aintzakotzat hartu behar da ikurrina Nafarroa Garaiko jende askok oso estimatua duela; bigarrena, iazko istiluetan, PSNk sostengua eman ziola UPNri; eta hirugarrena, joan den urtean, udal plazan inork delituren bat egin izan balu ere, Udaltzaingoak ezin al zuen jokatu modu zibilizatu batez? Inork debekatzen al die?

Artikulu hau bukatu baino lehen jakin dut Katalunian mutil sumindu bat hil egin dela, Kataluniako plaza husterakoan bertako polizia autonomikoa. Era baketsuan protestan ari zen mutil bat, poliziek gibela eta birika bat leherrarazi zizkioten. Poliziaburuak esan zuen, bere mutilek erabateko proportzionaltasunez jokatu zutela. Oraindik ez du inork dimititu, eta, albistegi nagusietan, oraingoz ez dut entzun berri hori; ezkutatu egin dute. Nik neronek Interneten bidez jakin dut.

Gora, ba, agintari baketsu berri horiek!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.