Barandiaranen itzala

2016ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Hogeita bost urte bete ziren joan den abenduaren 21ean Ataungo Perune zaharreko seme gazteena hil zenetik. Mende luze pasako bizitzan, uzta oparoa utzi zigun Joxe Migel Barandiaranek (1889-1991). Garai oso desberdinak egokitu zitzaizkion, Europa, eta oro har, mundua goitik behera eraldatu zutenak. Antropologia diziplina gisa sortu berria zela etorri zen mundura, eta diziplinaren bilakaeraren lekuko eta partaide izan zen. XX. mendearen hasieran jatorria —izan izaki bizidunena, zein hizkuntza, kultura edo giza taldeenak— zientziaren jomuga nagusia zen. Nazioarte mailan, euskaldunak interes bereziko gizaki bilakatuak ginen ordurako, hizkuntzalarien ondotik, antropologo fisikoen arreta Euskal Herrian jarrita baitzegoen aspaldian. Barandiaran ikerketa lanetan hasi zenerako, marko kontzeptual jakin horren mugetan mugitu zen.

Gizon txiki eta iharra, pausatua baina indar handiko izaera zuen. Sotanarekin batera, txapela jantzita ibili ohi zen toki guztietan. Horixe da akaso euskal iruditeria garaikidean gelditu zaigun Barandiaranen irudi errotuena. Gutxi batzuk besterik ez dute ezagutu mahoi urdinezko buzoz jantzita, indusketa lanetan. Apaiza eta ikerlaria, Europan gaindi ibilia zen ataundarra. Euskal Herria bere osotasunean ikergai hartu zuen ikerlari nekaezina. Seminarioan ikasia, nazioarteko adituekin harremanak mantendu zituen. Euskal antropologiaren bultzatzaile nagusia, gizon polifazetikoa zen dudarik gabe, Joxe Migel Barandiaran.

Ataungo etxeen tipologia aztertu ondorenean —bere lehen lanetariko bat izan zen-, Lapurdiko baserri tradizionalaren itxuran eraiki zuen muga pasaz geroztik hil arte bizitoki izango zuen Sara etxea. Gerra hasi berritan, Urtiagako kobazuloan agertutako bi buruhezur maletan zituela gelditu zuten Gasteizko tren geltokian. Gerra garaian Jaurlaritzarako informeak egiten ibilia. Nazioarte mailan, luzaz euskal antropologiari buruzko erreferentzia ukaezina. Antropologo natiboaren eztabaida sortu aurretik, praktikara eramana zuena. Itxuraz bakartia baina era berean lan taldeak osatzeko eta zuzentzeko gai izan zen ikerlaria. Zientoka idazlanen egilea. Euskaltzalea.

Grabagailurik ez zegoen garaian, lekukotzak xehe jasotzeko gai izan zen antropologoa, zehaztasunez, eta bere garaikide zenbait ez bezala, zentsuratu gabe. Bilketa lanean, beste arlo batzuetan bezala, zorrotza baitzen Barandiaran.

Saran pasa zituen urteak ikerketa alorrean bereziki oparoak suertatu ziren. Orduko Europako ikerlarien lan moldeak gureganatu zituen: Galdetegi espezializatuak: bilketa sistematikoa, eta atlasak hartu zituen lan tresna, konparaketa helburu eta urgentziak bultzatuta. Bilketa izan baitzen, ezbairik gabe, Barandiaranen lanaren motorra.

Mundu zaharraren desagerpenaren lekuko gisa ikusten zuen bere burua, gizarteak aldatzeko duen gaitasuna eta beharrari erreparatu gabe. XIX. mendeko Europako folkloristei jarraiki, betirako desagertzen ari zen gizartea altxor moduan irudikatzen zuen, eta hura urgentziaz biltzeko premia nabarmena. Bere ikerketa lanaz harago joan beharra ikusi zuen ere. Langintza horretarako prestatu bide zituen Etniker taldeak, Euskal Herria osoko etnografia atlasa osatu asmoz. Ikerlari boluntario eta profesionalen uztarketa ezohikoa eratu zen proiektu horren abaroan, Euskal Herrian unibertsitate formazioa gorpuzte bidean zen garaian. Lan taldeak eratu eta formatzen paper berezia izan zuen Barandiaranek

Barandiarani zor diogu euskal mitologiaren lehen ikuspegi orokorra eta berau osatzen dituzten elementu nagusien identifikazioa eta bilketa sistematikoa. Berari zor diote hainbat euskal herritarrek izena (Urtzi, Hodei, Amalur, beste askoren artean, Euskaltzaindiak izendegian onartu dituenak). Barandiarani zor diogu ere euskal kultura tradizional gisa ezagutzen dugunaren hainbat elementu gizarteratu izana: herri jakintza desberdinen balioestea, aurretiaz beste ikerlariek egindako lanen aitortza eta sakontzea, izan ahozko literaturan, zein etnografian.

Baserria gertutik bizitu zuen, bai eta industrializazioaren eragina bete betean ezagutu ere. Goierriko orduko errealitatean, baserritarrak fabrikara lanera bizikletaz joaten ziren. Aldaketa sakonen aroa bizitzea egokitu zitzaion, iragana aurretiaz inoiz ez bezala goratzen eta goraipatzen zen garaian. Bere lanetan orainaldi etnografikoa iraganarekin nahasten da, historiaurrearekiko agertu zuen interesak erakusten duen moduan. Zer zatekeen euskal antropologia landa eremuari ez ezik, Barandiaranek orduko Goierriko industrializazio prozesua zehatz deskribatu izan balu, Ezkerraldea, meatzarien bizimodua, hizkera, pentsamoldea arakatu izan balitu, Bilboko jauntxoen sozietate eta ezkontza ohiturak Sarako etxeen bilakaerarekin egin moduan, zorrotz aztertu izan balitu?

Zoritxarrez, orduko antropologiak ez zuen hiria azterketaren jomugan. Gertutik ezagutzen zuenari erreparatu zion Barandiaranek. Bere hitzetan, «norberak bizi ez duena interpretatzea gaitza da». Ataunen jasotako Jentilen akabera mitoan bezala, bere begietan XX. mende haserako eraldaketa sakonek mundu berri baten atarian jarri zuten euskal gizartea. Ordutik sortutako euskal mitologia eraberritua aztertzea dagokigu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.