Barack Obamarentzat

Adolfo Perez Esquivel
2011ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Barack estimatua:Honako gutun hau idazten dizut, senidetasunez, eta, halaber, adierazteko kezka eta haserrea eragin didala ikusteak suntsiketa eta heriotza erein dutela hainbat herrialdetan, «askatasunaren eta demokraziaren» izenean, eta, azkenean, erailketa justifikatu egin dutela, kirol ikuskizun bat izango balitz bezala ospatzeraino.

Haserrea eragin dit hainbaten jarrerak —AEBetako populazio sektore batzuek, Europako zenbait estatuburuk eta beste herrialde batzuetakoek agertutakoak—, aldeztu egin baitute Bin Ladenen erailketa, zure gobernuak zure oniritziarekin agindutakoa, ustez justiziaren izenean.

Ez zuten hura atxilo hartu eta epaitu izan nahi, eta horrek are zalantza handiagoa sortzen du; hura erailtzea zuten helburu.

Hildakoek ez baitute hitzik egiten, eta, justiziatuaren beldurrez —AEBei komeni ez zitzaizkien kontuak esan baitzitzakeen—, erailketa etorri zen, zera bermatzearren: «Hil da mandoa, eta ahitu da errabia»; kontuan izan gabe, ordea, hura areagotu baino ez dutela egin.

Bakearen Nobel saria eman zizutenean, horren saridun baikara biok ere, beste gutun bat igorri nizun, eta hauxe niotsun: «Barack, zeharo harritu nau Bakearen Nobel saria zuri eman izanak, baina orain, nobeldun zarenez, herrien arteko bakearen zerbitzura erabili behar duzu saria. Horretarako ahalbide osoa duzu; gerrak amaitzeko ez ezik, zure herrialdeko eta munduko egoera larria lehengoratzen ere hasteko».

Hala ere, areagotu egin duzu gorrotoa, eta jan egin dituzu hauteskunde kanpainan herriari hitzemandako printzipioak, hala nola Afganistango eta Irakeko gerrak amaitzea, eta ixtea Guantanamoko kartzela eta Abu Graibekoa (Iran). Ez duzu hitz bat bera ere bete. Aitzitik, beste gerra bat hastea erabaki duzu: Libiaren kontrakoa, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak lagundurik eta NBE Nazio Batuen Erakundearen erabaki lotsagarriak babesturik.

Gogora ekarri nahi dut maisu mistiko bat, nire bizian eragin handikoa: Thomas Merton monje trapatarra, Kentuckyko Getsemani abadetxekoa. Mertonek dioenez, «gure garaiak badu premia nagusi bat: garbitzea gure gogoa, zabor mental eta emozional pilaz trabatua baitugu, masen gaixotasun bihurtzeraino edozein bizitza politiko eta sozial. Etxea garbitu ezean, ezin ikusi hala izango dugu; eta ikusi ezean, ezin pentsatu ahalko dugu».

Artean oso gaztea zinen, Barack, Vietnamgo gerra garaian; agian ez zara oroituko, baina Ameriketako Estatu Batuak gogotik ahalegindu ziren gerra haren kontra.

Hauxe esan zuen behin Tomas Mertonek, iritsi berri zen posta marka baten aurrez aurre: «The U.S. Army, key to peace (AEBetako armada, bakerako giltza). Inongo armada ez da bakerako giltza. Inongo nazio ez da ezertarako giltza, ez bada gerrarakoa. Botereak eta bakeak ez dute inolako zerikusirik. Zenbat eta handiagoa izan gizakien botere militarra, orduan eta gehiago urratzen eta suntsitzen dute bakea».

Ibilia naiz Vietnamgo gerrako beteranoekin batean, eta haiek laguntzen; bereziki, Brian Wilson eta haren kideak, gerra haren eta gerra guztien biktima izan baitziren.

Zera horixe dauka biziak, ustekabea bezain harrigarria izatea; halakoxea egin zuen Jainkoak gizaki guztiontzat, eta bere hartan zaindu beharra daukagu, etorkizuneko belaunaldietakoek bizi justuagoa eta senideartekoagoa izango badute.

Erantzun egin behar dugu, eta gaur egungo egoera aldatu, hantustekeria suizidak jota herriak ez daitezen zokondo ilunetara herrestan joan, itxaropena galtzeraino. Erantzun ezean, nekez irten ahal izango gara, argia ikustera; jomuga hobea merezi du gizateriak.

Nire ustez, Barack, okerreko ibilbideari jarraitu izan diozu orain arte, eta labirinto batean galduta zaude, irtenbidea aurkitu ezinik, indarkerian eta ziurtasunik ezean gero eta hondoratuago, menderakuntza botereak irentsita, korporazio handiek eta industria-konplexu militarrak herrestan eramana, eta uste duzu botere ahalguztiduna duzula eta mundu osoa AEBen oinpean dagoela, armen indarraz baliatzen direlako, eta bateko eta besteko herriak inbaditzen dituzu zigorgabetasun osoz. Errealitate mingarria da, baina hortxe dago boteretsuen aurrean amore ematen ez duten herrien erresistentzia ere.

Satan haragi-gorritzat hartu zuten Bin Laden, Dorre Bikien kontrako erasoaren ustezko egile ideologikoa; mundua izuarazten omen zuen, eta zure gobernuaren propagandak «gaizkiaren ardatz» jo zuen, eta hori baliatu dute nahitako gerrak deklaratzeko, industria-konplexu militarrak bere heriotza produktuak koka ditzan.

Badakizu, irailaren 11ko zorigaiztoaren ikertzaileek ohartarazia dute: atentatu hark asko omen du «autokolpetik», hala nola Pentagonoaren kontrako hegazkinak, eta dorreetako bulegoak aldez aurretik hustu izanak. Atentatu hark eman zien Iraken eta Afganistanen kontrako gerra abiarazteko arrazoia orduan, eta Libiaren kontrakoa, orain. Gezurra eta boterearen harrokeria baliaturik, argudiatzea hori guztia herria salbatzearren egiten dutela, «askatasunaren eta demokrazia aldeztearen» izenean; eta zinismoraino jorik, esatea «zehar kalteak» direla emakume eta haurren heriotzak.

Hitza duen balioaz eta edukiaz gabeturik, erailketari heriotza deiturik, eta adierazirik azkenean AEBek Bin Laden «hil» dutela. Ez dut hura justifikatu nahi, inondik inora ere. Terrorismo mota guztien kontra nago: hala talde armatu horiek darabiltena izan; nola zure herrialdeak munduko hainbat lekutan darabilena, diktadoreak babesturik, eta base militarrak eta esku hartze militarrak ezarririk, indarkeriaren eta izuaren bidez munduko boterearen ardatzean irauteko. Bakarra al da «gaizkiaren ardatza»? Nola deituko zenioke?

Arrazoi horrexegatik ote daude AEBak «gaizkiaren ardatza» deitzen diotenen errepresalien ezinago beldur? Ezin justifikatuzkoa justifikatu nahiaren sinplekeria eta hipokresia.

Bakea, bizi-dinamika bat da, pertsonen eta herrien arteko harremanetan. Bakea ez da opari ematen, egin egiten da, eta horixe falta zaizu, gizona: kemena, zeure egiteko herriarekin eta gizateriarekin duzun erantzukizun historikoa.

Ezin bizi zara beldurraren labirintioan eta AEBak gobernatzen dituztenen mende, aintzat hartu gabe nazioarteko hainbat gobernuk sinatutako tratatuak, itunak eta protokoloak.

Nola hitz egin dezakezu bakeaz, ez baldin baduzu ezer bete nahi, ez badira zure herrialdearen interesak?

Nola hitz egin dezakezu askatasunaz, pertsona errugabeak baldin badituzu preso Guantanamon, AEBetan, Iraken eta Afganistanen?

Nola hitz egin dezakezu giza eskubideez eta herrien duintasunaz, haiek etengabe urratzen baldin badituzu ?s

Begiratu zure labirintoaren goiko aldera, Barack, eta baliteke izar bide-erakuslea aurkitzea, nahiz eta jakin ezin iritsizkoa dela, Eduardo Galeanok ederki adierazia duenez.

Koherente izan beharra daukazu, zure esanetan eta egintzetan, horrela baino ez baituzu lortuko iparra ez galtzea. Biziaren desafioa duzu.

Bakearen Nobel saria lanabes bat da, herrien zerbitzura dagoena; sekula ez, banakoen harrokeriarako.

Indar betea eta itxaropen handia opa dizut, eta izango ahal duzu kemena okerreko bidea zuzentzeko eta bakearen jakinduria aurkitzeko.

(Gaurko egunez, duela 34 urte, hegaldi bat egin nuen heriotzarantz, Argentinako diktadura militarraren garaian, AEBen babespean; Jainkoari eskerrak, bizirik iraun nuen, eta goiko aldetik irten behar izan nuen labirintotik, etsialdiari gain harturik).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.