BBK-ko, Kutxako eta Vitaleko administrazio-kontseiluek bedeinkatu egin dute erakunde horien arteko fusio hotzaren proiektua, elkarte anonimo bihurtzeko helburuaz. Eraldaketa horretarako arrazoirik azaldu gabe, agerpen hutsala egin dute, bankua goraipatuz gaur egungo kapital eskakizunei aurre egiteko tresnarik eraginkorrena balitz bezala. Baina gehien urduritzen gaituena pribatizazioaren bultzatzaile horien lotsagabekeria da, asmatu nahi duten bankuari gizarte-arima ikus diezaiogun nahi baitute; arima iheskorra, antza, helburu horietarako hiru urtetako konpromisoa ezarri dutelako.
Nahita ahaztu dute Euskal Herrian gutxienez kutxek duten kontrol publikoak ez diela eraginkortasunik kendu. Diseinu horren muina erakunde berriaren administrazio-kontseilu ahalguztiduna izango da, eta gure produkzio eta enpresa-sarea horren esku uzteak ez dio ezer onik ekarriko gure herrialde txikiari. Adituek dioten bezala, kontrol pribatua askoz arriskutsuagoa izaten da erakunde publikoen kontrola baino, bankako direktiboen eta politikari neoliberalen arteko adostasunak direla eta.
Nabarmena da banka-modelo horrek hutsik uzten dituela kutxen erakunde fundatzaileak eta aginte-organo guztiak, BBKko, Kutxako eta Vitaleko Biltzarrak barne. Nork erabakiko du, eta noiz arte, kutxen jabetzakoa den bankuaren akzioak besterenganatzearen inguruan?
Nahikoa da hurbileko ispilu batean begiratzea, BBVAn, esaterako, ikusteko nola finantzario handien eskutara igaro den, erabakitze-guneak deslekutuz eta gure lurraldea deskapitalizatuz. Berriro ere guztion interesen gainetik botere-talde jakin batzuen berehalako interesak gainjartzen dira; dirudienez ez dugu eskarmentatu, eta ez daukagu buruan hainbeste denbora ez dela Bilboko eta Bizkaiko Bankutik erreta atera zirela.
Oso harrigarria da arduradun politikoek ez bultzatu izana kutxen bankarizazioari buruzko eztabaida serio eta garden bat. Are gehiago, zur eta lur utzi gaitu teorikoki behintzat ezkerrekoak edota sindikalistak diren buruzagiak bankarizazio horren alde jarduteak, eta kudeatzaile profesional neoliberalen burutazio guztiak irensteak, beti ere eurek zerbait ateraz gero. Kolaboraziorako joera gaizto horrek eta aukera aurrerakoien defentsa faltak langile asko lan-merkatutik kanpo utzi ditu. Gizarteko sektore asko ere berez murritzegia den babes-sistema sozialik gabe geratu dira, gizarte ekintzen eta ongintzako ekintzen beharrean. Hirugarren sektore deritzon hori, ikusitakoa ikusita, kutxek sortzen duten dibidendu sozialetik kanpo geratuko da laster.
Banku eta kutxa izenen artean nahita sortutako dikotomia ez da banka pribatuaren eta publikoaren arteko berbera. Azkenaurrekoa ezinbestekotzat jo nahi dute, eta azkenengoa kaltegarritzat, eta horrek aurrezkiaren sektorean berregituraketa latza egitea ahalbidetu du. BBKko, Kutxako eta Vitaleko presidenteei lehenago galdetu izan baliete, agian desadostasuna ez litzateke bitartekoan egongo—bankua ala kutxa—, zeren eta, azken batean, fitxa bankario bat edukitzeari suposatzen zaizkion «bertute» guztiak onartuko balira ere, funtsezkoa erabakitze eta kontrol ahalmenaren izaera da: pribatua ala publikoa.
Arrazonamendu horiek duela gutxi aurkeztu zaizkie Fernandez eta Iturbe jaunei, jarrerak argitzeko asmoz eta eztabaida faltsurik egin ez dadin. Hemen ez dago, alde batetik, mugikortasun faltaz kutxen izaera besterik gabe mantendu nahi duen pertsona tematirik eta, bestetik, hanka sekula sartu gabe argitasun osoz komeni zaiguna dakien jakitun finantzariorik. Jokoan dagoena da noren zerbitzura egiten diren proiektuak. Tira, alemaniako kutxen modeloak behintzat arrazoia ematen digu.
Tamalez, aurrezki kutxen requiem-a abestea suertatzen bazaigu, etorkizuneko gizarteak haien antzeko tresnaren bat edo banku publikoren bat asmatu beharko du Euskal Herriaren independentzia ekonomikoa eta politikoa erdiesteko.
Bankuaren arima iheskorra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu