Orain bezala, urria zen 2000. urtean,eta larunbatarekin elkartu ginen Donostian mordoxka bat. 19 urte nituen orduan, eta Joxepa nire Donostiako lagunarekin joan nintzen Emakumeen Mundu Martxa zela-eta egin zen ekimenera. Ez zen ekimen oso originala izan, baina bai beharrezkoa, Euskal Herri mailako manifestazioa, egun osoko egitarauarekin batera. Euskal Herritar ugari elkartu ginen, eta pobrezia eta indarkeria sexista salatzeari ekin genion. Gogoan dut urduri iritsi nintzela bertara; Azpeitiko eta Azkoitiko emakume taldeko feministekin elkartu ginen han. Urola Kostako Koordinadora feministan ezagutu nituen hauek, eta ilusioa egin zidan batere ezagutzen ez nuen jende multzoaren artean eskualdeko feministekin elkartzeak. Urte haietan hasia nintzen martxan, azalean sentitzen nituen amorrua eta inpotentzia Sorginak Zarauzko talde feministako kideekin konpartitzen astero-astero.
Niretzat ez zen feminista izendapenarekin bat egitea zaila izan, kontrakoa, barne-korapilo ugari argitzen lagundu zidan aldaketa nahiari heldu nion, ordurako martxan ziren herriko feministekin batera. Feminismoak harrapatu egin ninduen orduan, edo nik heldu nuen bera, ez dakit. Kontua da 2000. urteko urriaren 7an Donostian egin zen manifestazio horren ondotik nire bizitzak norabidea hartu zuela. Nire gorputzeko zelula guztiak martxan jarri ziren, aldaketarakomartxan, ez zen atzera bueltarik.
Martxak badu zirrara berezi bat, guztiok bustitzen gaituena eta amesten dugun aldaketa hori gertuago sentitzen laguntzen duena. Bost urtetik behin, emozioz beterik dator eta badoa, eta gure gorputzek munduko emakume eta feministekin sarean nahiz konexioan sentitzeko plazera izaten dute. Bakoitza bere lekutik, bere aldarrikapen, kolore, adin eta errealitate konkretutik borroka berean bat. Euskal Herriko, auzo, eskola, herri nahiz baserrian dauden feministak, Europako hainbat herrialdetakoak, kontinente ezberdinetakoak, guztiok bandera moreak airean ipintzen ditugu elkartasunez. Borroka lokalak global bilakatuz, herrien eta herritarren aitortza aintzat hartuz. Elkartasun honek ere ez du atzera bueltarik: azken Martxa hauetan sentitu dugunak indarra eta boterea ematen digu egunero aldaketarako martxan jarraitzeko.
Hamabost urte igaro dira eta martxan jarraitzen dugu. Ez da makala bidean eraiki duguna: Euskal Herriko Plataforma, erailketen eta indarkeria sexistaren kontrako protokoloa, Euskal Herriko Emakumeen Karta, greba deialdietan etxeko nahiz zaintza lanen lan uzterako deialdiak, dantzaldiak herriko plazetan, mural koloretsuak Euskal Herriko txoko anitzetan, munduko emakumeekin batera, jositako manta, hazi landaketak, hazi trukeak Europako feministen artean, bidaiak Kongora, Brasilera eta Portugalera, hitzaldi, tailer, kontzertu, abesti eta gozamenerako une ugari. Herri gisa ere lortu genuen, eta badugu Europa eta mundu mailako Martxaren antolaketan ordezkaritza; Euskal Herriak badu bertan hitzerako eta erabakitzeko eskubidea besteen pare. Lortu dugunak ez du atzera bueltarik, ez.
Urte batzuk beranduago, aurten ere plazera izan da Martxaren zirrara odolean barrena sentitzea. Eskualdeko feministekin elkartzea, zumaiarrak, azpeitiarrak, zarauztarrak batu eta elkarrekin lan egiteko aukera izateak berriz ere bete nau. Gurekin batera, Euskal Herriko txoko anitzetan lanean ari zirela jakitea, argazkiak, landaketak, dantzaldiak ikustea eta Kurdistanik barrena zetorren furgonetari ilusioz harrera egitea.
Hizkuntza, kultura, sexu identitate, arraza... aniztasuna dugu bertute, eta horren kudeaketa kontziente eta landua dugu garaipen. Adostasunak batzen gaitu, eta desadostasunetatik ikasiz goaz martxan. Bost urtetik behin igarotzen den karabana, autobus, bizikleta martxak bere ondarea uzten baitu gugan, baita gure herriko mugimendu feministaren gain ere. Indibidualismoa eta etengabeko pribatizazioa garaitzen ari den XXI. mendean, prozesu kolektibo honek hauspotzen gaitu eta indartzen; borrokatzeak, elkartzeak, gure gorputzetan erroturik dauden zapalkuntza sistema anitzen jabe izateak; indibidualki zein kolektiboki burujabe izateko aukera ahalbidetzen digu.
Bihar, Bilbon, feministok egindako lana ospatzen arituko gara, Kurdistandik martxoan abiatu eta urriaren 17an Lisboan amaituko den laugarren nazioarteko ekintzan, Euskal Herriko 25 herri igaro ondoren erreleboa Galiziako emakumeei pasatzeko elkartuko gara. Badugu zer ospatu eta ez da faltako dantza, martxa eta saltsa. Uxue Alberdik idatzi eta Perlak musika taldeak hots ederrekin abesten duen moduan, «guk mundua ipini nahi dugu martxan, eta gorputzak elkarren onduan dantzan, dantzan!». Zatozte martxara. Martxan, denak aske izan arte.
Bandera moreak airean!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu