Abuztuaren 8an, ETB2ko Por fin, viernes saioan, kustodia partekatuaren legearen gaia izan zuten hizpide. Nik ikusi nuen zatian, behintzat, aurkezleak argi utzi zuen ez zela oso kapaz horren mintzagai korapilatsua ganoraz gidatzeko. Hain krispatuta dauden gaien inguruko eztabaida mediatikoak bereziki zailak dira eta ideien nahasketa elikatzeko arriskua dute edo, hori baino txarragoa oraindik, estereotipo sozial ezkorrak indartzekoa. Banantze eta dibortzio ondorengo guraso-zaintzaren kasuan, esperientzia hori derrigor gatazkatsua eta traumatikoa izatearen ideia erreproduzitzen da gehienetan. Bigarren maila batean gelditu ohi da, gainera, daturik garrantzitsuena: gatazka larririk gabeko egoerak gehiengo absolutua direla. Beste kontu bat da zaintza hori noraino den partekatua.
Dena den, banandu ondoren zaintza partekatzen dutenak egon badaude, gutxiengoa badira ere eta hedabideetan apenas agertu arren. Esperientzia horiek ikusgarri egitea nahitaezkotzat jotzen dut dibortzioaren gerraren irudi sozialari aurre egiteko eta ideologia horren aurkako irakurketak eta praktika alternatibo ezberdinak zabaldu ahal izateko. Azken batean, dibortzioaren gerraren uste hori sexuengerraren narrazio sexistaren aldaera bat baino ez da: sexuen artean leudekeen ezberdintasun bateraezin eta aldaezinek etengabeko borrokara kondenatuko lituzkete emakumeak eta gizonak. Maitemintzea izango litzateke menia bakarra, behin-behinekoa betiere.
Nire adiskide bat, unibertsitate-ikasketak bukatu bezain pronto, mutil-lagunarekin bizitzera joan zen, seme bat eduki eta denbora gutxira banandu egin zen. Banantzeaz bat oso era parekidean antolatu zuten umearen zaintza: semea denbora erdia egoten zen guraso bakoitzaren etxean eta berari zegozkion erabakiak bien artean jarraitu zituzten hartzen. Haiei esker, gazte-gaztetatik ikasi genuen lagunok hori posible dela. Eskerrik asko, Kontxa.
Zeintzuek lortzen dute zaintza partekatua? Erantzuna, orokorrean bederen, sinplea da, ez dago misterio gehiegirik: banandu baino lehen umeen arreta partekatzen dutenek, banandu ostean ere, umeen arreta partekatuko dute, edozein dela familia mota (heteroparentala edo homoparentala). Zenbait eragile badaude tartean, dena den, bai gizonei baita emakumeei dagokionez ere.
Orokorrean, haien umeez arduratzen diren gizonek argi dute parekidetasuna hurbileko emakumeekiko gauzatu behar dela eta ez bakarrik sozialki. Horrek esan nahi du bikotekidearen denbora eta proiektuak norberarenak bezain garrantzitsuak direla sinesten dutela. Honekin loturik, zenbat eta genero aldetik apalago izan, hobe; hau da, gure gizarteak gizonei esleitzen dizkien genero-abantailei uko egiteko prest egotea berme bat da.
Emakumeen kasuan ere badago faktore bat partekatzea samurtzen duena: umeen jabetzaren ideologia malgututa edukitzea. Umeak ez dira gurasoenak, amenak ere ez, gurasook maileguz edukitzen ditugu, besterik ez. Baieztapen honek begi-bistakoa izan beharko luke baina ez da onartzeko erraza. Banaketa prozesu bat bizitzen ari zarenean, kezka ezberdin asko sortzen dira, nola ez, baina alaba-semeekin zer gertatuko den pentsatzea nagusietako bat izaten da. Emakumeek umeekin geratzearen tentazioa izan ohi dute, pentsatzen baitute galduko dituztela edo umeak beraiekin hobeto egongo direla edota ezin dutelako irudikatu euren burua seme-alabarik gabe. Ama den edozein emakumek, tarteka, bere umea beti aldamenean ez edukitzearen ariketa egin beharko luke: jarduera osasuntsua, zalantzarik gabe.
Zein ariketa egin beharko lukete gizonek? Beraien zaintza-denbora zenbatekoa den neurtzea. Zure denbora, modu iraunkor batean, bestearena/besteena baino nabarmen txikiagoa bada, zerbait ez dago ondo. Izan zaitezke munduko pentsalaririk, artistarik, kirolaririk, sindikalistarik, profesionalik edo dena delakorik onena, baina zure umeei eskaintzen diezun denbora, urteetan, proportzionala ez bada, merezi al duzu gizartearen begirunea? Badakit lan-baldintzak ez direla beti aproposenak gizon askorentzat, baina uste dut ulertzen zaidala. Nik, esate baterako, gero eta gutxiago jasaten ditut haien seme-alabak zaindu ez, edo gutxi, baina, hori bai, mundua aldatzearen enpresan buru-belarri aritzen direnak. Zergatik ez zaie itsusten gizonei jokaera hori?
Nire inguruan badaude, bananduta egon zein ez, euren umeen kargu egiten diren gizonezkoak, etxafuegorik eta exhibizionismorik gabe, modu xaloan, naturalean, baina irmo: Adolfo, Alfredo, Edorta, Igor, Iñaki, Iñigo, Jesus Mari, Josemari, Josu, Txemi... Esan daiteke dagokiena ari direla egiten, baina noiz edo noiz publikoki gure aitortza adieraztea beharrezkoa dela uste dut, parekidetasuna eta zaintza konpartitzea bidezkoa, egingarria eta aberasgarria dela egunero baieztatzeagatik.
(Banandu ondoko) guraso-zaintza partekatuaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu