Antropologia Sozial eta Kulturalean lizentziaduna

Balizko gehiengoaz, irinik ez

2024ko maiatzaren 1a
05:00
Entzun

Gasteizko Legebiltzarrean «gehiengo subiranista» omen dago; «gehiengo ezkertiarra» ere ei da. Aldiz, denok dakigunez, hautetsien biltzar horretatik aterako den gobernua ez da subiranista, ezta ezkertiarra ere izango. Kontraesan hori bideratzen ahalegina egin du EH Bilduk, baina ezinezkoa da. Besteak beste titulu gisa erabilitako «gehiengo subiranista» eta «gehiengo ezkertiarra» leloek errealitateari heltzen ez diotelako.

Hedabideen lerroburuetatik egiten diren etiketa errazak baino askoz konplexuagoa da jardun politikoa. Esaterako, Asier Blas politologoak esan du EAJ sektore guztietan botoak lortzeko taldea dela. Beraz, bere xedea nekez sailka liteke izen bakar baten bidez.

Blasek esan ez badu ere, EH Bilduk jeltzaleen eremura hurbiltze-prozesuan mekanismo berbera erabili duela ematen du. Talde subiranistak Ibarretxismotik Ezker Konfederalera doan eremu osoa bereganatzeko kanpaina egin zuen eta. Hortaz, etiketatzea zaila.

Hauteskunde ondorengo zenbaki-dantzan, bota diezaiegun begirada bat beste momentu historiko jakin batzuei: 1987 (Ajuriaeneko Itunaren bezperan) eta 2001 (Lizarra-Garazi ondokoa). Globalizazioaren aurrehistorian, eta, hortaz, inondik inora garaikideak.

1987an Hego Euskal Herrian hauek izan ziren emaitzak: EAJk 274.000; HBk 238.000; EAk: 210.000; EEk 130.000. Hots, EAJtik ezkerrera 578.000 boto; 304.000 gehiago Sabin Etxekoek baino. Haatik, PSOE azaldu zen jeltzaleei laguntzera.

2001ean (EAE delako eremuan), Ibarretxek, koalizioan, 604.000; Batasuna prozesu-osteko EHk 143.000; Madrazoren Ezker Batuak 78.800; PP eta PSOEk 580.000. Mayor Oreja lehendakaritzara eraman nahi izan zuten hartan, abstentzio oso apala izan zen, %21,5ekoa. Inoizko mobilizaziorik handiena.

Ikusi dugunez, emaitzetan ere gorabeherak asko, konplexuagoak dira lerroburu sinpleak baino: «hauteskundeak irabazi ditu, lehengo aldiz garaile»...

Bi une historiko horiek beste modu batez kudeatu ahal izan balira, oso bestelako errealitate batean biziko ginateke. 1987ko egoera hartan Xabier Arzalluz-Felipe Gonzalez bikote NATOzaleari desmilitarizazio prozesu batekin erantzun ahal izan bagenie?; Leitzarango autobidearen auziari Eli Galdos eta EAJrekin proposatutako tartekaritza onartu beharrean Ekologismoarekin eta Imanol Muruarekin egin izan balira? EAJk izan duen azkeneko lehendakari abertzaleari, Ibarretxeri, ezkerreko independentismotik ondorio guztiekin lagundu izan bagenio? Tartekaritza eskaini zuten eragileen aholku sistemikoak entzun beharrean, tartekaritza eraldatzailea proposatu zutenei entzun izan baliete?… Baina lehortutako errekak ere ez du errota mugitzen, eta garai hartako Euskal Herria behin betiko igaro da.

Hori dela eta, saia gaitezen aztertzen egungo mapak zer-nolako etorkizun posibleak zabaltzen dituen.

EH Bilduk, EAE eremuari lehentasuna emanez, estrategia bakarrera eraman du bere jardun nagusia. Otxandianok adierazi zuen EAJ eta PSErekin akordio batera doan ibilbidea dela iparrorratza. EAJ ukituta, ez ordea hondoratuta, bere burua berrasmatzeko oso trebea baita talde jeltzalea; PSE apal, baino oso eraginkor, benetan zentralitatea lortu duena talde hau baita, EAJk eta EH Bilduk beraiei dagokiela uste duten arren. Izan ere, oraingoz EAJ bidaide aukeratu arren, hain urrun ez dagoen etorkizunean EH Biduri lehendakaritza eskuratzen laguntzeko eska liezaioke PSEk.

Ezker Konfederala, birrinduta. Zenbait arrazoirengatik, baita bere eremua Otxandianok bereganatu nahi izan duelako ere. Eta PP, anekdotikoa.

Gauzak horrela, EH Bilduk eremu baten hegemonia eskuratu duelarik, bere burua mugatu du. Ibilbide-orri horretatik jarraituz gero, hurrengo urrats posible bakarra arerio politikoekin hitzarmena lortzea da eta.

Aitzitik, Ipar Irlandako gatazka armatua bideratzeko beharrezko izan zen kabriola estrategiko hura, ez du ematen geurean, garai historiko berrian, atarramendu handirik lortzeko eraginkorra izango denik.

Tempusak

45 urte igaro dira Gernikako Estatutua onartu zenetik; frankismoa bera baino luzaroago, alegia. Jeltzaleek tarteka gogoratzen dutenez, bete gabe dagoen akordioa.

Oposizioa izatetik alternatiba izatera igarotzea aurrerapauso itzela da; aldiz, sistema errotik aldatu gabe gobernu alternatiba izatea aldarrikatzen hasten denean, ondorioak oso bestelakoak dira. Balizko akordio hori lortze aldera, demagun, bi legealdi erabili beharko balira, eta akordioa indarrean jartzeko Gernikako Estatutua garatzeko adina urte beharko balira, non kokatuko ginateke? Alderdi politikoen egitura profesionaletik at, nork izango luke ilusio txikienik horrelako ibilbide batean buru-belarri laguntzeko?

Egungo munduan, non ziurgabetasuna nagusi bilakatu den, oso arriskutsua da norabide bakarreko estrategia bati baino ez heltzea. Oso arriskutsua da ere kontrakoa, norabide gabe ibiltzea. Ekintzen ekologiaren printzipioa ezinbesteko lanabesa dugu itsaso zakarrean ibiltzeko, eta euskal independentismoak ekintza independentistak behar ditu printzipio horrek aldaketa erakargarriagoak sor ditzan.

Gidoi alternatiboak behar dira, Euskal Herri osorako, Euskal Herri berriarentzat, Euskal Herriak etorkizuna ukan dezan. Gehiengo subiranista eskura dezagun.

Ezkerreko independentismoaren sektore nagusia ibaiaren beste ertzera igaro da. Denboraldi baterako hor arituko dira, eta asko hor geratuko dira; ertzaren beste aldean kudeaezina den anabasa dago, eta nekez sortuko dira beharrezkoak diren alternatiba gauzagarriak, epe laburrean bederen. Zubiak ere egongo dira, zubigintza maite dugunok hor ibiliko gara kantari, ziur baikaude beste momentu batean, hauteskundeetan eta hauteskundetik landa ere, ezkerreko independetismoak programa subiranista eta eraldatzaile batez indar sistemikoei aurre hartuko diela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.