Balioen bidetik

Andoni Eizagirre, eta Ion Muñoa
2020ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Eraldaketa handiak bizi ditugu, ezbairik gabe. Lehendik ere, ordea, XX. mendean zehar euskaldunok gure pentsaera, jokaera eta sentiera sustraitik aldatu dituzten transformazio ekonomikoak, izpiritualak eta kulturalak bizi izan ditugu. Eta jakin izan dugu pertsona burujabearen tradizioari eutsi eta gure hitzaren eta lanaren jabe izaten.

Era batera eta bestera, euskal ekonomian produkzio-egitura, enplegua eta lan merkatua bestelakotzen ari dira. Eraldaketa teknologiko eta digitalek, gainera, hainbat berezitasun dituzte. Giza-historian eraldaketak ohiz-kanpokoak izan dira, eta prozesu oso luzekoak. Esate baterako, XVII. mendean hasitako transformazio industrialak, mentalitate analitikoak eta enpresaburuen kultura inbertsoreak lau mende luze behar izan zituen goren-unera iristeko, eta aurrena Ingalaterran, gero Europan eta Ipar Ameriketan, eta beranduago Japonian hedatu zen. Gaur egungo eraldaketek izaera oso ezberdina dute: modu hiper-azeleratuan gertatzen dira, ziklo oso laburrak dituzte, globalak dira (tradizio kultural eta ekonomiko oso ezberdinetan aldi berean gertatzen da), eta mundu-mailako konbergentzia teknologikoak manufaktura eta zerbitzu aurreratuetako lehiakideak ugaritu ditu; gaitasun finantzario, inbertsiogile eta teknologiko handikoak dira, gainera.

Bestalde, eraldaketa teknologikoak produkzio-sistema ez ezik, sozializazio eta komunikazio-sistemak ere eraldatu eta balio-sistemaren, interakzio pertsonalen, komunikazio sozialaren eta kultur kontsumoko patroien aldaketa ere azkartu ditu. Gurea bezalako herri txikientzako produkzio- eta komunikazio-sistema eraldatzeak sustraiko aldaketa esan nahi du; eraldaketak gure kapital sozialean eta herrikideen subjektibotasunean bete-betean eragiten baitu.

Alde horretatik, ehun produktiboaren garapenari dagokionez, bistan denez, erakunde ezberdinak arlo askotan ari gara gure egiteko moduetan berritzen. Neurri horien artean, hezkuntzari eta formazioari loturikoak aipatu daitezke; esate baterako, pertsonen gaitasun zientifiko-teknikoak hobetzea eta orokortzea, etengabeko prestakuntzarako estrategiak garatu eta inplementatzea, tokiko jarduera ekonomikoa berrituko dituen eskaintza eta ibilbide formatiboak eguneratzea, edota mundu digital, global eta lehiakorrean aritzeko gaitasunak eta abileziak lantzea, besteak beste. Guztion eskuzabaltasuna, konpromisoa eta ausardia eskatzen dituzten neurriak dira, zalantzarik gabe. Hezkuntza arautuan bikaintasuneko profesionalak formatzea garrantzitsua bada ere, nahitaez begirada zabalagoarekin aritu behar dugu, ordea. Izan ere, gizalegez arituko bagara, gizakiaren eta herrigintzaren kontzeptu bat lehenetsi beharrean gaude, eta gutako bakoitzaren kontzientzian (zer naiz ni eta zer nahi dut) balio jakin batzuk landu behar ditugu.

Bestela esanda, pertsona bere lan-jardunean zein herrigintzako beste arloetan erantzukizunez eta bestearekiko esker onez eta eskuzabaltasunez arituko bada, erakundeen artean (enpresak, finantza-entitateak, herri-erakundeak, ezagutzako zentroak, gizarte zibila) elkarlaneko dinamika egonkorrak sustatuko badira, edota gure bizitzako helburuen horizontea zabalduko badugu (gizabidea eta etorkizun gizatiarra ipar izatea, alegia), kasu horretan nahitaez prestakuntza teknikoan eta profesionalean ez ezik, pertsonak kondizio subjektiboan ere hezitzea beharrezko dugu. Dudarik gabe, pertsonak balioak etxean eta auzoan jasotzen ditu, baina horien pisua ahultzen ari da, beste sozializazio-eragileena handitzen ari den bitartean, eta ez preseski gogobeteko bizitzari dagozkion kultura herrigilea eta burujabea eskutik hartuta. Jakina, balioetan hezteak dimentsio kognitiboan, emozionalean eta moralean lan egitea eskatzen du. Esate baterako, gaur egunean enpresan pertsonek zer-nolako testuingurutan lan egiten duten ezagutzea eta praktika errealen bidez norberaren kontzientziaz jabetzea eta erantzukizunari buruz hausnarketa egitea. Eguneroko praxiari lotua dago hezkuntza etikoa.

Pertsonek eta belaunaldiek guztia berrasmatzeko ohitura izaten dugu, eta gure aurrekoei esker oneko izatea kosta egiten zaigu. Baina gure iragan hurbilari erreparatuz gero, jabetuko gara euskaldunok lehenago ere mundu berriei aurre egiten jakin izan dugula. Pentsatu besterik ez dugu 1960ko hamarraldian baserritik herrira jaitsi, fabrikako lanari ekin edo enpresak, lanpostuak eta aberastasuna sortu zituzten pertsonek zer nolako errealitate soziala, kulturala eta ekonomikoa topatu zituzten. Nekez esan dezakegu haien egoera gurea baino samurragoa izan zela. Alabaina, etxean jasotako barne-bizitza aberats, sinestun eta sakonari jarraipena ematen jakin zuten. Horrek esplikatzen du pertsona haiek krisi garaiari emaniko erantzun eredugarria: enpresak sortu eta aurrezkiak birkapitalizatuz, lankidetzako egitasmoen bidez finantza-baliabideak herribideratuz, edota modu eskuzabalean herri-erakundeekin elkarlanean bizi-horizonte indibidualak eta kolektiboak ireki eta aberastuz. Horri zor diogu, esate baterako, Lanbide Heziketak gurean izaniko garrantzia eta etengabe berritzeko bokazioa, bai eta ere tradizio industrialari eutsi eta berritzeko apustua, edo langileek enpresaburuekin ahalegina partekatuz pentsio osagarria izateko sistema. Gurean kooperatiba industrialek duten pisua da aipagai dugunaren beste adibide egokia.

Aurretik ere, beraz, jakin izan dugu pertsona burujabearen gure tradizio etiko-kulturalari eusten eta eraldaketei modu gizatiarrean erantzuten. Hala sinetsita aritu ziren Joxemari Korta eta haren belaunaldiko hamaika gizon eta emakume. Iturri hartatik edanda dihardu BIDETIK Fundazioak bere ahaleginean, eta ipar hori dugu abiapuntu BIDETIK Fundazioarekin Lanbide Heziketako arlo teknologiko-industrialean ikasleen formazio integralerako lantzen ari garen egitasmoan ere. Eta bide horrek, desiragarria, posiblea eta arrazoizkoa dela iruditzen zaigun heinean, gure unibertsitateen eta gainontzeko erakunde, enpresa eta herritarren elkargune ere izan behar du. Balioen bidean urrats bakoitza elkarren onerako aurrerabidea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.