Balio galduak

Juan Jose Ibarretxe Markuartu.
2011ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Columbiako Unibertsitatean nago egun hauetan, Nueva Yorken. Jose Antonio Lehendakaria irakasle izan zen unibertsitate berean. Agirre Lehendakariaren belaunaldiak jakin zuen balioak, osotasun morala erbestean gordetzen. Eta orain hemen entzuten eta ikusten ari naizenaren aurrean, nola ez konparatu belaunaldi haren jarrera eta oraingo estatubatuarrena! Nola geratu isilik nire ustez onartezina den zerbaiten aurrean!

«Justizia egin da». «Mundua gaur seguruagoa da». Esaldi zirraragarriak dira, Barack Obamak behin eta berriz esan dituenak, munduari jakinarazi ostean armada amerikarreko elite talde batek, isilpeko operazio batean, Osama Bin Laden garbitu zuela inoiz entzun gabe genuen Pakistango herri batean. Hilik zegoen terroristarik bilatuena, Al-Qaidak irailaren 11n eginiko atentatuen ustezko antolatzailea. Ez dirudi munduko terroristarik ezagunena errugabea zenik, baina pertsona guztiek, doilor eta gaizkile handi izan arren, epaiketa justu bat izateko eskubidea dutela uste dutenetakoa naiz.

Zer gertatzen ari den ikusita, badirudi Obamak esandakoa sinbolikoa dela, erreala baino areago. Agian gaizkile bat gainetik kenduko zuen munduak inolako trabarik gabe, baina ez da batere kontu ziurra gaur Bin Laden hil bezperan baino seguruago gaudenik. Areago, AEBetan eta gainerako herrialdeetan ere zabaldu da zerbait larria gertatuko delako psikosia, atentatu terrorista baten psikosia. Al-Qaidak mehatxu egin du malkotan utziko dituela estatubatuarren eta munduko gainerakoen ospakizunak; eta mehatxu hori sinesgarria da. Batez ere Ipar Amerikako trenbide-sarean, jakin baitugu Bin Ladenek asmoa zuela tren-konboi bat leherraraziaz oroitarazteko irailaren 11ko atentatuak.

Dallaseko auzorik aberatsenetakoa hustuarazi dute, metroko bidaiariek poliziari jakinarazi ziotelako bi pakete susmagarri aurkitu zituztela. Dirudienez zama handiegia zeraman gizon batek beste bati pagatu nahi izan zion pakete horiek trenera igotzen laguntzeko; eta horrek alarma sortu zuen Mockingbird-eko geltokian. Alertaren ondorioz, hiru orduz egon ziren etenda bi linea, lehergailu-teknikariek behar izan zuten denbora paketeak arakatu eta jabeari galdeketa egiteko. Herrialdearen beste aldean, 20 urteko gazte bat aspertu egin zen World Trade Center eta New Jersey lotzen dituen trenaren zain eta oinez ekin zion hiru kilometroko bideari. Norbaitek tuneletik irteten ikusi zuen eta poliziari deitu zion. Reymundo Rodriguezi gauza hoberik bururatu ez, eta bonba-paketea utzi zuela bidean esan zien. Izugarrizko kolapsoa gertatu zen. Azken egunotan AEBetan gertatutakoen bi erakusgarri besterik ez dira.

Nueva Yorkeko dorre bikien edo Madrileko atentatuen ondoren, zuzeneko eragina jasan zuten herrialdeek, herrialde garatuek, erabaki behar izan zuten nola egin bateragarri pertsonen askatasuna eta eskubideak eta Zuzenbide Estatua oinarri duen bizikidetza demokratikoa batetik, eta segurtasuna bestetik. Segurtasuna izan zen garaile; beraz, galdu egin dira Mendebaldeak horrenbeste aldarrikatzen dituen askatasunaren balioen zati on bat. Betiko? Denborak esango digu, baina, zantzuen arabera, ez du ematen epe laburrean berreskuratuko ditugunik segurtasunaren izenean galdutako askatasun-balioak.

Urte batzuk lehenago hasi ginen, ordea, balio hauek galtzen; Leon Panetta, CIAko zuzendariari, laster Defentsa Idazkari (ministro) izango denari, duela egun gutxi galdetu zioten zein izan zen giltza Bin Laden aurkitzen lagundu ziena. Bere erantzuna izan zen «informazio iturri ugari» izan zituztela eta hauxe gaineratu zuen: galdeketa teknika hertsagarriak erabili zituztela atxilotutako batzuekin. Gauzak zehazki izendatuaz, horrek esan nahi du onartu zuela torturatu egin zituztela Guantanamon atxilotutako pertsonak edo agian edozein herrialde «adiskide»-tan inolako agindurik gabe atxikiak. Ez dakigu ez nola, ez noiz eta ezta zenbat pertsona torturatu dituzten ere.

Bushen asalduzko legealdien ostean erreferentzia etikorik gabe zegoen munduak AEBetako beste edozein presidente baino entusiasmo handiagoz hartu zuen Barack Obama. Erreforma sorta baten bultzatzaile gisa iritsi zen Etxe Zurira, eta mundu justuago bat lortzeko ilusioa berreskuratu zuten askok. Hain zuzen, agindutakoetatik ezer egiteko astirik izan aurretik eman zioten Bakearen Nobel Saria. Promesa horien artean zegoen Guantanamo ixtea. Lehen legealdia amaitzear dela, egoera lehengoan da, okerrago ez bada.

Zalantzazkoa baita Bin Laden garbitzea Justizia ekintza denik. Mendeku ekintza izan daiteke, baina ez justizia. Egindakoagatik ordaindu beharraren adibidetzat ere har daiteke, nahi izanez gero. Baina, hala ere, ez da Justizia. Mendekua saihesteko sortu baitzen Justizia, eta horrexegatik ditu oinarri pertsonen funtsezko eskubideen begirunea eta babesa. Gizarte modernoan Justizia dugu gure kontradikzioak eta gatazkak konpontzeko bidea eskaintzen diguna. Askatasuna eta Zuzenbidea, bizikidetza bermatzeko Demokrazian. Zuzenbide hitzak zer esan nahi duen begiratzen badugu, ikusiko dugu latinezko «directum» hitzetik datorrela, «arauarekin, legearekin, erregelarekin bat datorrena», horren araberakoa dena, alegia. Edo, beste modu batera esanda, ez alde batera eta ez bestera desbideratzen ez dena. Norantz desbideratu du Obamak Zuzenbidea?

Bin Laden atxilotu zezaketen, baina ez zuten hala egin. Adierazgarria da bere familiaren aurrean eta desarmaturik zegoela hil izana. Baina hori bezain adierazgarria da nola hartu duten berria munduko gobernuek, jarrera akritikoarekin. Horrenbesterainokoa al da segurtasun beharra, gizartean gizon eta emakumeen arteko bizikidetza zuzentzen duten balio eta arau funtsezkoak galtzeko prest egoterainokoa? Erantzuna argi dagoela dirudi: Bai. Prest gaude segurtasunaren izenean balio horiek galtzeko! Dagoeneko galdu ditugu batzuk. Besteak ere galduko ote ditugu? Al-Qaidagainbehera doa. Hala erakusten du herrialde arabiarretako errebolta demokratikoetan hutsaren hurrengo eragina eduki izanak. Bin Laden, beste garai batzuetan AEBek berek goraipatu zuten lider saudi karismatikoadesagertzeak ziurtasun bakarra uzten digu, eztabaidaezina dena. Ez da zalantzarik Al-Qaidarentaldeek eta, oro har, talde yihadistek ez dituztela beren ekintzak etengo. Hortik aurrerakoa idazteko dago oraindik. Baita GALen historia ere. Arrazoi du Felipe Gonzalezek txundituta dagoela dioenean inor ez delako atera bere alde, baina guztiek babestu dutelako Obama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.