Bakterio frankistak

2023ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Suitzako gasnarikfamatuenetako bat, emmentala, alegia, mundu osoan ezagutzen dugu barneandituen zulo handieta ugariengatik. Zulo horien arrazoia da prestatze lanetan S. themophilus, lactobacillus eta P. shermanii bakterioak dituzten kultiboak gehitzendizkiotela. Horiek, ondoren, ontze prozesuan, barrutik jan eta karbono dioxidoa ekoizten dute, azken horrek gasna-begiak sorrarazten baititu.

Norberak pentsatzen du, arrazoi osoz nire irudiko, Estatu espainiarreko gaurko erakundeak (monarkia, gobernua, polizia, armada, botere judiziala) emmental gasna baten modukoak direla. Izan ere, demokrazia izenekora iristeko unean, bakterio sorta oso bat (borbonphilus, francocillus, bacillusbeneméritus...) oparotasunez injektatu zioten eta horiek haren barruan esparru opaku eta toxikoak sortuz joan ziren, gero beti agertzen direnak, inork erakunde horien azala pixka bat marruskatzen duen aldiro.

Albiste freskoa da. Arturo Espejo guardia zibileko teniente zena, 1985ean, Intxaurrondoko kuartelean, Mikel Zabalza torturatu eta hiltzeagatik inplikatua, erakunde horretako kupula eratzen duten bortz teniente jeneraletarik bat dugu (bacillusbeneméritusmáximus). Izuen kobazulo hartan orduko nagusia RodriguezGalindo komandantea zuen, ondoren brigada-jeneral kargua erdietsiko zuena. J.A. Lasaren eta J.I. Zabalaren bahiketa eta erailketagatik 2000. urtean 75 espetxe-urtera kondenaturik, lau espetxe-urte soilik bete zituen,Espetxeetako Erakundeak osasun arazoak zituela errekonozitu ondoren (bacillusreinserciophilus).

1978ko sanferminetako poliziaren eraso kriminalaren ondotik, orduko Barne ministroak, Rodolfo Martin Villak (francocillusperennis) Jose Sainz Poliziaren zuzendariorde nagusia igorri zuen gertatutakoa aztertzera. Lan horretarako ez zuen garrantzirik izan bere curriculum luzeak, salaketaz beterik tortura basatiak gauzatzeagatik, 60ko eta 70eko hamarkadetan Gipuzkoan eta Bizkaian egon zen bitartean. Haren azken txostena apartekoa izan zen: «Dena oharpenen interpretazio desegokiaren ondorio izan zen, edo aginduen transmisio okerraren ondorio eta/edo erabaki operatiboaren bideratze akastunarena, nagusi zen tentsio giroaren eragin garbia zuena». Amen.

1982an, demokrazia konstituzional erdi-erdian, Brigada Politiko-Sozial frankistaren (BPS) kide ohiek zuzentzen zituzten Estatuko Poliziaren hamahiru Zuzendaritza Nagusietatik bederatzi. Inguruan, bakteriaje kriminal frankistaren onen-onena zebilen:Roberto Conesa, Creix anaiak, Saturnino Yagüe, Heliodoro Rodríguez, Martín Ballesteros, Martínez Torres, Benjamín Solsona... Baina hori ez zen UCDren gobernuekin bakarrik gertatu. Felipe Gonzalezena ere ez zen batere ahalketu, eta Santa Cruz de Tenerifeko komisario probintzial izendatu zuen J.A. Gil Rubiales, 1981ean Joseba Arregi ETAko militantea torturatu eta erailtzeagatik kondenatuetako bat.

1991tik 2017ra, torturengatik kondenatutako 39 polizia, mosso eta guardia zibili indultua eman zieten Alderdi Popularraren (26) eta PSOEren (13) gobernuek. Horrekin batera, arra bakterioek erabat zulatutako epailetzak fidelki lagundu du torturarekiko zetazko tratu hori zuritzen. Duela gutxiko adibideak dira EAEko eta Nafarroako gobernuek Kriminologiako Euskal Institutuari enkargatutako txostenak. Institutuak ziurtatu ditu 5.212 tortura kasu Euskal Herrian 1960tik 2015era bitarte, togadun jaun-andreak eta fiskalak ez direlarik deusetaz jabetu.

Badakit behin eta berriz ari naizela kontu berarekin baina beharrezkoa da. Espezie txarreneko azeri batek babesten du gaur giza eskubideen oilategia Estatu espainiarrean. Pedro Sanchezek, Espainiako historiaren gobernu progresistena deiturikoaren presidenteak, Auzitegi Nazionaleko epaile izandako Grande-Marlaska Barne ministro (ukiezina) izendatu zuen. Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiak hamaika aldiz kondenatu du Estatu espainiarra Auzitegi Nazionalean salatutako torturak ez ikertzeagatik, eta kasu horietarik seik izan zuten Grande-Marlaska instrukzio epaile. Baina hor jarraitzen du Barne ministro, eta Melillako sarraskirenbatek ere ez dezake auzitan paratu.

Memoria Demokratikoaren 2022ko Legea kritikagarria da frankismoaren krimenak salatzen dituztenei Justizia eskuratzea galarazten dielako (Amnistiaren Legea, nazioarteko araudia zuzenean ez aplikatzea...), baina, horrez gain, urraketa haien erantzuleak babesten segitzen duen mantuagatik ere. Alde positibora joz, frankismoaren biktimei dagokienez, legeak urrats ukaezin eta goragarriak eman zituen aitortza eta ordainaren eremuan. Alabaina, ateak itxi zizkion krimen haien biktimagileen beharrezko identifikazioari, haiei ikusezintasuna bermatzen baitzaie, eta, orobat, inpunitatea.

Norabide berean joan da Informazio Sailkatuari buruz gobernuak aurkeztutako lege proiektua, hura baitzen Sekretu Ofizialen lege frankista ordeztu behar zuena. Haren edukia erabat kritikatu dute zenbait instantzia ofizialek (Gardentasun Kontseilua, Fiskal Nagusia, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia...), talde profesionalek (artxibozainak, ikertzaileak, kazetariak...) eta, aho batez, mugimendu memorialistak. Hori ikusita, gobernuak bazterrean utzi du bere proiektua, eta lege frankista zaharrak indarrean segituko du. Horrekin batera, diktadurako, trantsizioko eta ondorengo hamarkadetako krimenek zigorrik gabe jarraituko dute. Hori, nonbait, gobernuari ez zaio axola, guztiz kontrakoa baizik.

Hastapenera itzul gaitezen. Trantsizioan gaurko erregimenaren erakundeei (monarkia, gobernua, epailetza, polizia, armada) oparotasunez injektatu zizkieten bakterio frankistek burbuila handi eta orokortuak sorrarazi dituzte erregimenaren baitan, erabat toxikoak direnak giza eskubideetan, demokrazian eta justizia sozialean oinarritu gogo duen jendartea eraikiko badugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.