Bakezaletasuna orain eta beti

Rebeka Ubera, Patxi Zabaleta, eta Inaki Irazabalbeitia
2015eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Gaur bukatuko da Elkarri-Lokarri elkarteen izatea eta jarduna. Elkarte horietako partaideak izan garenok ez ezik, euskal gizarteko emakume eta gizaseme askok geure aitorpena azaldu nahi diegu une hauetan elkarte horien bitartez eta horietatik sortutako aukerak baliatuz bakearen alde lan egin duten guztiei. Bejondeizuela eta bejondeigula guztioi.

Bakea, ordea, gizarteko baitaren arnasa bailitzan, etengabe eraberritu beharreko xedea eta premia da, baldin eta gizarte horrek bizirik eta kementsu iraungo badu. Askatasunaren zainetan bakea dago, elkartasun eta justizia ororen erroetan bakea dago, poz eta zorionaren lehengaia bakea da, elkarbizitzaren arraildura eta zaurien ukendua bakea da. Bakearen aldeko ahalegina ez zaio herriari inoiz bukatzen; izan ere, bizidun bakoitzaren arnasaldiak hurrengoaren eskaria dakarren bezalaxe, bakearen aldeko gogoeta eta ahalegin bakoitza hurrengoen deiadarrak dira.

Euskal Herrian bakezaletasuna premia larria da, eta iraun eta garatu beharrekoa da oraindik. Agian, askorentzat gaur egun bizi —eta arnasten— dugun bake egoera duela hamar urtekoa baino hobea da; baina beste askorentzat gaurko egoera honek gabezia izugarriak ditu, gabezia saminak eta krudelak; askatasunetan, berdintasunean, elkartasunean eta bizikidetzako hainbat arlotan. Euskal Herriak elkarte bakezaleak behar izaten jarraitzen du eta jarraituko du. Beste herriek bezala. Orain eta beti. Bakezaletasunaren ezaugarri oso agerikoa da, giza eskubideak salbuespenik gabe eta beti lehenestea.

Baketsua, bakegilea, bakezalea; bereizi beharreko hiru hitz eta hiru esanahi. Baketsua-k bakezko jokabidea lehenesten du; bakegilea bakea egiten saiatzen da eta, behar izanez gero, bakea egiteagatik borrokatzen da; bakezalea-k bakearen balioak —etikoak, sozialak eta ideologikoak— lehenesten ditu guztiaren gainetik, eta borrokaren bideari uko egiten dio, baita bakea egiteko izanik ere. Egia da batzuetan bakea lortzen duena ez dela bakezalea edo gutxienez ez dela bakezale soila; aitzitik, bakezaleari maiz leporatzen zaiona izan ohi da ez daukala bakea benetan lortzeko gaitasunik. Ez dago esan beharrik, halere, baketsu, bakegile eta bakezale direlakoen mugak ez direla zehatzak, askotan nahaste-borraste ezin bereizian agertzen baitzaizkigu... «Ez naiz ni gerraren zale / baizik pakearen alde / zeiñek nai duen galde / berari tira dale / bala bat sartu buruan / aspertuko da orduan!», Xenpelarren bertso zahar txundigarri hartan bezala.

Zehazki aztertuz gero, Elkarri eta Lokarri bakegileak izan dira, bakezaleak baino gehiago edo propioago. Gure artean sortu diren bake mugimenduak ETA erakundearen eraginak bultzatuta sortuak izan dira eta batzuk alde batera bakarrik begira garatu dira. Talde baketsuak zalantzarik gabe; bakegile izateko borondatea ere bai; baina bakezaletasunaren maila etiko, sozial eta ideologikora iristeko giza eskubide guztien salbuespenik gabeko eta betiko lehenespena zehazki aitortzea faltatu izan zaie.

Euskal Herrian egiten ari garen bakeak bidaia luzea dauka oraindik, baina helmuga oso agerikoa da giza eskubideek aitortzen duten berdintasunean oinarritutako elkarbizitza; askatasunean eta berdintasunean oinarritua; garailerik eta galtzailerik gabea. Azken egun hauetan bertan, Kolonbiako presidente Santos jaunak egindako adierazpenak edo duela hilabete batzuk Ipar Euskal Herriko indar politikoek Baionako Foroaren baitan adostutako agiria edo Gernikako Akordioa guztiz argi daude bakegintzaren ibilbide orri bezala; zera, indarkeria guztien biktima guztien eta preso politikoen behin-behineko eta behin betiko aldarrikapenak. Egia, aitorpena eta erreparazioa, espetxe politikaren humanizazioa eta amnistia, demokrazia sakon eta justuaren bidean.

Salatzen eta arbuiatzen dira ozenki Parot dotrina eta bizi osorako espetxea, preso politikoen sakabanaketa injustua, preso gaixoen etxeratze ukapena eta tortura ahalbidetzen duen inkomunikazioa. Baina 1976an guztiok defendatzen genuen amnistia alde batera utzi nahi izaten da, Santos Kolonbiako presidentearen jarreraren kontra. Euskal preso politiko guztien askatasuna beharrezkoa zaio berdintasunezko elkarbizitzari, salbuespenik gabeko biktima guztien onarpena beharrezkoa zaion bezala.

Legealdi honen hasierako lau sentsibilitateen argazki interesatua zaharkituta gelditu da dagoeneko. Ez zuen Nafarroarako balio eta EAJ, PP, PSOE eta EH Bilduren barruan dagoen aniztasuna eta kontrakotasuna ukatzeko asmatutako itxurakeria zen eta, orain, Podemos eta beste indar batzuen agertzearekin irrigarri gelditu da. Adostasunak salbuespenik gabe bilatu behar dira, Baionako Foroan bezala.

Benetako bakezaletasunak gero eta toki eta oihartzun handiagoa behar du eta izango du euskal herritarren artean. Ez bakarrik gure bakegintzari falta zaion guztiarengatik, baizik eta batez ere etorkizuneko elkarbizitza demokratikoak giza eskubideetan oinarritu beharko duelako. Irabazlerik eta galtzailerik gabeko elkarbizitza bakarrik izan daiteke berdintasunean oinarritua-eta.

Elkarri-Lokarrik egin duten —dugun— bidaiak itsasoko ubera bezala utzi digu markaturik, nahiz iduri berehala bizimoduko ur handiek ezkutatuko dutela. Marinel zaharrek ezagutzen zituzten ikusten ez diren itsasoko bideak eta Elkarri-Lokarriren historiak bakegintzaren norabidea markatuta utzi digu gure gizaldiari. Orain bakegileek bakezaletasunari lekukoa igaro diezaioten garaia iritsi da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.