Bakearen alde eta gerraren kontra egonda, sufritzen dutenak ditugu lehenik gogoan, eta haientzat da eta izan behar du gure elkartasunak. Hiltzen, zaurituak izaten, sufritzen eta etxerik, hiririk eta gizarterik gabe gelditzen eta ihes egiten ari diren ukrainarrak dira giza elkartasuna merezi eta behar dutenak. Bai, egia da eta badakit yemendarrak, siriarrak, libiarrak eta beste hainbeste eta hainbeste hor daudela, baina beti bezala azkenekoak ditugu orain gertuen eta hurbilen ikusten.
Vladimir Putin jauna! Geldi ezak gerra hori! Eten ezak erasoa! Buka ezak txikizio ikaragarri eta samin hori berehala! Hori duk eskatzen, aldarrikatzen eta exijitzen diadana eta diaguna. Soilik eta bakarrik giza eskubideen eta zibilizazioaren eta etorkizunaren izenean mintzatzen gaituk, baina bakezale izan nahi diagun eta izan nahiko genukeen guztiok oharpen eta madarikapen hau egin nahi dizuegu: okerrago izanen duk errusiarrentzat gerra hau irabazten baduzue!
Jakin, badakit eta badakigu Putinek ez duela mezu hau ezagutuko, eta, ezagutuko balu ere, ez lukeela aintzat hartuko. Aurrera jarraituko du konkistarekin, horretarako hiriak, etxeak, ondasunak eta batez ere, batez ere pertsonak eta bizimoduak suntsitu beharko baditu ere. Tamala! Ikaragarria!
Izan ere, Ukrainako gerra gurea ere bada; Yemengoa, Siriakoa, Libiakoa eta Afganistangoa eta beste hainbeste ere gureak baziren eta badiren bezalaxe. Denoi dagozkigu, klima aldaketa edo poloen berotzea dagokigun bezalaxe.
Gakoa da Putinek ez duela gerra militarra galduko; aitzitik, irabazi eginen du segur aski. Eta gainera, ez du gerra ekonomikoa ere galduko; hori ere segur aski irabazi eginen baitu. Baina, nire ustez, Putinek galdu lezakeen eta galduko duen gerra bakarra gerra ideologikoa da. Soilik gerra ideologikoa.
Gerra ideologikoa bakezaletasunak eta bakezaletasunetik irabaziko diote Putini. Horregatik, Ukrainako gerran lehialari onenak —gudariak ez esate arren— Errusian bertan ari dira izaten. Han ari dira gertatzen atxilotu, jazartu eta epaitu gehien-gehienak; gerraren aurka borrokatzen diren bakezale errusiarrak, alegia.
Ez da inolaz ere NATO erakundea bakea ekarriko duena; orain, gainera, NATOren baliorik eza agerian gelditzen ari da. Hego Euskal Herriak ezezkoa eman zion, izan dugun azken erreferendumean; eta horri errespetua zor zaio herri honen baitan.
Bakezaletasunak koherentea eta orokorra izan behar du, ordea, borroka ideologikoak irabaztekotan. Gerrako garaiak dira, eta alde batetik zailenak bazaizkigu ere, beste aldetik emankorrenak gerta litezke. Koherentziaren izenean galdetu beharra dago, non daude orain indarkeria guztiak, edonondik datozela ere, gaitzetsi egin behar direla esaten zuten haiek? Eta zer pentsatzen dute misilen eta tanke ultramodernoen aurka granadak eta metrailetak bidaltzen dituztenek, bakearen eskakizunen aurrean?
Asko eta asko dira gure artean pentsatzen eta idazten ari direnak ukrainarrek defendatzeko eskubidea daukatela. Aipatu dituzte eraso injustuaren eta gerra justuaren aspaldiko teoriak. Errespetagarriak dira hein batean haien iritziak —nola ez?—, bainaaztertu dezadan Intifadan hildako mutiko eta neskatoen historia samingarria. Palestinako herriak defendatzeko duen eskubidea ezin da ukatu, baina tankeen kontra harriak botatzera joan ziren eta erailak gertatu ziren ume haien erantzukizuna lehenik hiltzaileei dagokie, eta bigarrenik hiltzera bidali, txalotu edo joaten utzi zietenei.
Esan bezala, gainera, koherentea ez ezik, bakezaletasunak orokorra izan behar du sinesgarria izatekotan, eta NATOren aldeko jarrerak edo industria militarraren aldeko aldarrikapenek orokortasun hori kentzen diote. Gaur egun armetan egin litezkeen inbertsioek ez dute Ukrainako gerrarako ezer balio, eta ez diete erasoak izaten ari direnei batere laguntzen; eta, horregatik, arma industrien ugazabentzat diru-laguntzak besterik ez dira.
Europak eta europarrok munduari eta gizateriari giza eskubideen, demokraziaren eta bakezaletasunaren mezua lehenetsi behar diogu, eta Europaren barruan Errusiako eta Ukrainako gizarteak ere egon behar dutela pentsatu behar dugu. Nola irudikatu San Petersburgo gabeko Europa bat? Ezinekoa da, ezinezkoa den bezala Bartzelona gabeko Europa.
Ukrainako gure gerra honek ondorio asko eta anitzak eragingo eta utziko dituela ez dago zalantzarik. Batzuk ekonomikoak izanen dira; besteak sozialak; besteak politikoak; eta segur aski luzarora garrantzitsuenak, ideologikoak.
Ezin da ahaztu gerra honek badaukala muga bat, aldi berean mehatxua dena; zeharka bada ere, behin eta berriro aipatzen den arrisku nuklearra alegia. Gizateriak bere buruaz beste egin dezake, eta ez bakarrik eztanda nuklearren bitartez, baizik baita ere eztanda ekologiko geldoaren edo eztanda sozial bortxazkoaren bitartez. Eta, gainera, gizateriak autosuntsitze hori egiteko gai izateari distentsioa bezalako eufemismoak jarri dizkio; baina beldurra hor dago, subkontzientean bada ere.
Zeinen zaila baina zeinen itxaropentsua den bakezaletasuna, batez ere gerra anker eta saminaren garaietan!
Bakezaletasuna gerra garaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu