Azken egun hauetan Nafarroako Erakunde batek Josep Borrelli sari bat eman dio eta sari hori jasotzera etorri bide nabarrean Europari buruzko bere ideia atzerakoi eta arriskugarriak bota ditu. Komunikabideek azpimarratu duten mezua zera da, Europak «batuagoa» izan behar duela baldin eta etorkizunik izanen badu.
Borrellek mezu hori arrazoitzeko erabili dituen argudioak izan dira «Europa ez dagoela munduaren gogortasunari aurre egiteko prestatua». Mezu horrek oinarri militarista dauka eta zuzen-zuzenean bat egiten du Ukraina-Errusia gerratean behin eta berriro politikari espainolista sutsu honek eman izan duen gomendioarekin eta egin dituen ahaleginekin; hain zuzen ere Errusia erasotzeko baimen eta ahalbide gehiago eman behar zaizkiola Ukrainari. Guk ordea uste dugunez, horixe da Europak munduan duen paperaren eta jokatu beharko lukeen joeraren etsairik handiena.
Bakezaletasuna egiazkoa izatekotan orokorra eta koherentea behar du. Errusiaren eraso militarra txartzat ematekotan Ukrainako 2014ko estatu kolpea eta ondoreko gerrateak ere errefusatu behar dira. Ezin daitekeena da bakezaletasunaren izenean NATO eta NATOren gudarosteak eta jokabide militaristak eta gastu militarrak edo/eta negozio eta baldintzapen ekonomiko-inperialistak babestu, adibidez, Bardeako negozioarekin egiten den bezala, guri dagokigunez.
Europak zer egin behar zuen eta zer egin beharko luke berari guri denoi dagozkigun gerrate eta genozidio ankerretan esku hartzeko? Batez ere diplomaziaren eta negoziazioaren bideak jorratu eta horretarako bakezaletasunaren autoritatea erabili.
Datorren abenduan bukatuko zaio Borrelli bere bost urteko Europako diplomazia agintea eta ez du ezer lortu izanen. Zergatik? Borrellen obsesio antidemokratiko bat autodeterminazioaren aurka jokatzearena delako. Borrell eta bera bezalako politikari espainiarrek, batzuk alderdi sozialistakoak, autodeterminazioaren aurka jokatzea bihurtu dute beren xede eta ezaugarri nagusi; horrekin, ordea, militaristak eta bakezaletasunaren kontrakoak bihurtu dira praktikan. Hara nola esate baterako Espainiak ez duen Kosovo estatuaren aitorpena ontzat hartzen, bere independentzia aldarrikapena alde bakarrekoa izan zela argudiatuz, nahiz gaur egun Europako Batasuna osatzen duten estatuen herena hola izan.
Gauza berdintsua gertatzen da Palestinako genozidio ikaragarriarekin. Norbaitek uste bazuen Gazaren aurkako erasoak Hamasen ekintza terroristaren ondorio hutsa zirela, Zisjordaniako erasoek argi eta garbi uzten dute agerian kontrakoa. Europak, eta zehazki Alemaniak —bai Schultz-ek nola Merkelek—, argudio faltsu eta arriskugarri bat bere egin dute; zera alegia, juduak, holokaustoa nozitu zutenez gero, eta Israel babestu egin behar direla. Hori sionismoaren argudio faltsuetako bat da eta ez ditu aintzat hartzen Palestina eta palestinarrak.
Europak armetan diru gehiago gastatu —edo xahutu— behar duela esatea, Borrellen hitzetatik jariatzen den bezala, guztiz arriskugarria da. Europak bere ekoizpen gordinaren %2 gastatzen baldin badu armagintzan, Trumpek aldarrikatzen duen bezala Europaren koloniak izan direnek zergatik ez.
Azken finean NATO eta antzeko antolakunde militarrak inperioaren tresna hutsak dira eta inperio bakoitzaren agintaria beti bat bakarra izaten da; kasu honetan Amerikako Estatu Batuak, AEB, eta haiek nahi dutena eta agintzen dutena —zuzen edo oker— egingo du beti NATOk.
NATOren historiak frogatzen du militarismoak beti giza eskubideen eta demokraziaren aldeko ahaleginak zapuztu eta ezabatu egiten dituela. Ikuspegi horretatik aztertu behar dira beti Mendebaldeko inperioaren eremuetan gertatzen diren gatazkak; adibidez, gaur egun gori-gorian dagoen Venezuelakoa eta beste. Hauteskundeetan garbitasuna aldarrikatu eta frogatu beharraz gainera gudaroste edo ejertzituei egiten zaizkien deiak dira arriskugarrienak demokraziarentzat. Gai honetan ere, beste gai gehien-gehienetan bezala, Borrellek oker jokatu du.
Egiazki Montesquieuk irudikatutako estatuko aginteen zatiketa eraberritu beharra dago eta aginte judizialaren buruzagitzak nazioarteko maila beharko du etorkizunean; esate baterako giza eskubideen arloan Europan pixkanaka eraikitzen ari den moduan. Baina bitartean arriskugarrienak militarismoari egiten zaizkion deierak dira. Bakezaletasuna da Europako ezaugarri eta mezuetan helduleku politikorik garrantzitsuena; bai Kurdistango nola herrialde arabiarretako nola gure gerrateak aztertu eta bideratzeko ahaleginetan. Arazoa da AEBek Guantanamoko espetxea eta antzeko adibideak dituztela agerian.
Europaren nortasunak giza eskubideen eta demokraziaren defentsa osoa —autodeterminazioa barne— aitortu behar du ezaugarritzat. Soilik horrela ez lirateke Sahara eta sahararren aurkako jokaera lotsagarriak gertatuko. Izan ere, sahararren autodeterminazioa defendatzea Marokoko hiritarren eskubide demokratikoen aldekoa da.
Laburbilduz, herritarren Europak herrien Europa izan beharko du eta helburu horrek militarismo guztiak, NATOkoa barne, gaitzetsi eta errefusatu beharra dakar. Benetako bakezaletasunak gaitzetsi egin behar ditu ez bakarrik Errusiaren eraso militarrak baizik eta baita ere NATOren erantzun militarrak. Kontraesanetan erortzen dira bakezaletasuna defendatzea eta militarismoaren aterabideak lehenesten dituzten jarrerak.
Euskaldunei eta zehazki nafarroi ez zaigu arrotza dialektika guzti hau. Horrekin bat egiten baitu Europako aire-indarren entrenamenduko azken eremu militarrak, hain zuzen ere Bardeak. Nafarroako Gobernua UPNren esku zegoen garaietan, 2003an, maltzurkeria juridiko baten bitartez erabiltzaileei aitortu baitzien jabetza, nahiz mila urteetan nafar guzti-guztion ondaretzat edukia izan bazen ere.