Baketik: hasiera data?

Sabin Arana Bilbao
2011ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Bagaude, benetan, aro politiko berri batean? Galdera hori Euskal Herri osoan dabil dantzan. Ezker abertzaleak duen politika berriaz norberak izan dezakeenmesfidantza edo ilusioa alde batera utzirik, egia da berak berrireki duela bakea, demokrazia eta erabakitzeko ahalmena lortzeko bideari buruzko eztabaida.

Gaur Baketik-ek plazaratu duen proposamena aipatuko dut: Berradiskidetze-prozesu bat modu partekatuan kokatzeko eta bultzatzeko oinarri-proposamena. Dokumentua Arantzazuko ekitaldian pasa zuten, eta, haien webgunean eskuragarri dagoenez, idatzi hau irakurtzen duenak badu sartzea, behar liratekeen egiaztapenak egin ahal izateko.

Uste dut bertan ideia interesgarriak daudela, baina pentsatzen dut adiskidetze kontzeptua Baketik-ek esaten digun baino problematikoagoa dela. Halere, helmuga idiliko horretara iristerik ez bagenu, gutariko asko pozik egongo ginateke ireki berri den prozesu politiko honetatik demokrazia zabalagoaz eta eskubide zibil gehiagoz horniturik aterako bagina.

Deigarri gertatzen zait, alabaina, dokumentuen egileek kontuan ez izatea Errepublikaren aurkako matxinadak eta ondorengo berrogei urteko diktadurak izan duten (eta duten) garrantzia. Nire ustez, gertaera horien eragin sozial eta politikoak erlatibizatzea eta erantzukizunak ahaztea ez dira lagungarri adiskidetzerako bidean, baizik eta askok eta askok ireki nahi genukeen bake-prozesua pikutara bidal dezakeen oztopo bat.

Nolako gertaerak diren kontuan hartuta, herri baten ordenamendu demokratikoaren kontrako matxinada eta ondoko berrogei urteko diktadura ezin dira prozesutik atera anekdota bat bailiran, interpretagarri izan daitezkeen gertaerak bailiran; ezin dira baztertu, gero zera planteatzeko: «Euskal auzian, 1960ko hamarkadaren hasiera izan daiteke gutxi gorabeherako hasiera-data». Eta ezin da hori egin XX. mendeko nazi eta faxisten ideologiek, bai eta ezarritako erregimen diktatorialek ere, su eta gar zapuztu zutelako askatasuna, demokrazia, eta gizateriaren aurkako krimenak eragin zituztelako, eta azken hauen erantzukizuna ez da iraungitzen.

Aurreko guztia nahiko argudiorik izango ez balitz jazoera horiek ez baztertzeko, gure kasuan, gainera, ETA diktadura garaiko askatasun aldeko borrokaren baitatik sortu baitzen. Erregimen frankista amaitu zenetik ETAk erabili duen borroka armatuaren kritiko zorrotzak izan arren, aipatutakoa zalantzan jarri ezinezko gertaera da eta ez dugu ahaztu behar.

Eta aurrekoak beste angelu bat aipatzera narama. Guztiok dakigu zein den gai horretaz espainiar eskuin osoak duen jarrera: «Bi alderdien arteko erruaren banaketa» gehien jota. Trantsizioa negoziatu zuten partidu espainiarrena, berriz, hauxe: «Hura pasatuta dago; orain, ahazteko eta eskuzabal izateko garaia da». Horrek 1977ko Amnistia Legea bedeinkatzea suposatzen du, hau da, frankistek eragindako hilketa, tortura eta abarren erantzule politiko, juridiko eta militar guztien zigorgabetasuna, euren eginkizun eta boterea ere errespetatzen zizkielarik. Baina bi talde horiei, eskuinekoari eta partidu negoziatzaileei, honako arazo hau sortu zaie: zigorgabetasunaren aurkako eta oroimen historikoa berreskuratzearen aldeko herri-deiadarra gero eta ozenago entzuten da.

Baketik-en ekimenaren aurrean, beste alderdi bat aipatu nahi nuke. Bi tendentzia politiko horiek isiltzen duten arren, hogeita hamar urte geroago oraindik faktura pasatzen ari zaigu hain bitxia izan zen trantsizio haren ondorioetako batek; diktadura garaiko aparatuen garbiketarik ezak, hain zuzen. Estatu honetako politika eta politikarien «bananerismoa», hau da, egunkari eta irratiak ixtea, jazartzea eta kartzelara kondenatzea kultura-gaiengatik, partidu politikoak debekatzea eta jendea atxilotzea kontzientzia eta adierazpen arrazoiengatik, nazioarteko erakundeek behin eta berriz salatutako tortura mantentzea, eguneroko ustelkeria maila guztietara zabaltzea eta abar horren lekuko dira. Bai eta epaile bat auzipetzea ere frankismoaren zulo beltzean ikertu nahi izan duelako, nahiz eta epaile hori salbuespen epaitegi bateko kidea zen (Audiencia Nacional) eta urte hauetan zehar euskaldun askok jasan dituzten injustizien arduradun zuzena. Edota Meliton Manzanasen kasua, adibidez: espainiar erarako demokraziak torturatzaile sadiko hori kondekoratu zuen ETAk 1968an hil zuelako, baina berak torturatu zituenen epaiketak balio gabe utzi ez.

Badakigu jende askori interesatzen zaiola aipatutako guztia «iraganeko gai» gisa uztea; horrela, «euskal arazoa» ETAren terrorismoa da bakar-bakarrik: talde honek hiltzeari uzten badio, bukatu egin da arazoa. Historiaren irakurketa desitxuratu horrek, ezer ez azaltzeaz gain (eta arazoa ulertu gabe ezin da konpondu), bidea ixten dio edozein adiskidetze-prozesuri eta bake egonkor eta iraunkor bat eraikitzeari. Oroimen historikoa berreskuratu gabe, frankisten zigorgabetasuna amaitu gabe eta beraiek eragindako biktimen alde egin gabe, ez da benetako justiziarik egongo, eta berau gabe ez dirudi adiskidetzerako aukerarik egon daitekeenik.. Zail samarra baldin bada adiskidetzerako pauso sendoak ematen ari zirela sinestea ETAren aktibismo militarraren berraztertze kritikorik gabe (gatazkaren ondorioak sozializatzeko politika, atentatuak, aukeratutako hilketak eta albokoak...), sinestezina izango da baita beste aldekoena ere, arazoaren funtsezko oinarrietakoak diren gerra eta diktadura desagerrarazteko saioa mantenduz gero eta frankismoaren biktimak Espainiako Estatuaren eta haren administrazioen egiteke duten betekizunari uko eginez gero.

Baketik-ek, adiskidetze-prozesua errazteko bere saioan, ezin du arlo horretan huts egin. Eta espero dut ez duela egingo, zuzentasuna eta bakea maite dituzten pertsona ororen ahaleginak beharko direlako guztiok lortu nahi dugun etorkizun burujabeago, bidezkoago eta adiskidetuagorantz pauso seguruz aurreratuko bagara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.