Kolonbiak bizi dituen garai zail hauetan, hauexek dira bake prozesuari buruzko nire gogoetak egoera desblokeatzen laguntzeko. Gogoeta hau nire esperientziatik abiatuta egin dut: Kolonbian, arlo diferentetako gerrako biktimekin egin dut lan azken 22 urteotan, Eliza katolikoarekin, giza eskubideen elkarteekin, biktimen elkarteekin eta Nazio Batuekin. Halaber, egin dut lan hainbat Egiaren Batzordetan eta Latinoamerikako hainbat bake prozesutan, betiere, egia, justizia eta erreparazioaren perspektibatik begiratuta, gizarteko ehuna berriz josi eta herrialde diferentetan bizi izan den gizarte polarizazioaren fenomenoan ere lana eginda, Euskal Herrian barne. Eskarmentu horietatik eratorritako gogoeta da honako hau:
Biolentzia, polarizazioa eta bake prozesua Kolonbian
Kolonbian, azken urteetan, gizarte ehunean gero eta gogorrago jo du indarkeriak, eta neke eta distantzia bat ere sumatu da gatazka horren inguruan. Biktimei eta bakeari buruzko eztabaidaren erdian, gizarte polarizazioa handituz joan da. Habanan bake negoziazioek aurrera egiten zuten heinean, Kolonbiako gizartearen zati handi batek prozesua eszeptizismoz ikusten zuen, informazio falta agerikoa zen, eta distantzia psikologikoa zeukaten prozesuarekin. Zoru hori egokia izan da Habanan sumatzen zirenaldaketak eta aurrerapenak Kolonbiako gizartera ez iristeko, eta gerratik bakerako paradigma aldaketa gizartean ez txertatzeko.
Aintzat hartu behar da gerrak, batez ere azken hamarkadan, landagunean eragin duela, eta sektore askorentzat indarkeria periferiako arazoa zen. Horiek, praktikan, gerrari bizkar emanda bizi izan dira, aparteko eraginik gabe bizitza sozialean eta pertsonalean. Testuinguru horretan, herritar multzo horrek ez ditu bakearen onurak ikusten. Ikuspegia bestelakoa da jendeak gehiago sufritu duen eremuetan eta beren bizitzan aldaketa bat gertuagoikusten dutenengan. Kolonbian ez dago bakearen onura globalen inguruko ikuspegi partekatu bat sektore diferenteen artean, eta, are gutxiago, bakea lortzeko aldeek albo batera utzi dituzten eskaeren inguruan.
Errealitatearen argazki fidagarririk gabe, begiradak eraldatu edo gutxieneko kontsentsuak lortzeko aukera asko murrizten da. Erreferendumaren emaitzaren ostean egoeraren blokeo bat ikusten da. Ezezkoak irabazi du, gutxigatik. Azken batean, jarreren arteko berdinketa egon da ia-ia.
Ezetzaren eta baietzaren arteko alde ñimiño horrek ezin du errealitate zabalago bat ezkutatu: a) herritarren gehiengoak ez du botoa eman. b) Boto kopuruan ia berdinketa egon da, eta baiezkoaren aldeko zenbait eskualdek zailtasunak izan dituzte botoa emateko (eguraldi aldaketa bortitzengatik) d) Gerrak eragin duenaren arabera, Bai edo Ez bozkatu duten eskualdeen arteko zatiketa handia izan da, e) Kontsentsu handiagorik gabe, prozesua aurrera eramateko ezintasuna egon da.
Bakerako oinarria onartuz
Egungo akordioa lortzeko prozesua aktore nazional eta nazioarteko ugarik lagundu dute. Azpimarratu dute prozesu berritzailea zela. Lehen aldiz, biktimek parte hartu dute horrelako prozesu batean, eta gizarteko hainbat sektorerekin kontsulta egiteko tresnak baliatu dira, ez bakarrik gobernuaren eta FARCen artean. 50 urtetik gorako gatazka bat da, eraldaketak behar ditu, eta posizio politiko diferenteak dituzten agendek bakeari buruzko begirada despolitizatu behar dute.
Gerrak, halaber, izan du eraginik indarkeria justifikatzeko mentalitatean, izularria inbisibilizatu da, biktimen sufrimendua mespretxatu da, gatazka armatuaren gainbehera erakutsi da. Eraikitze prozesuaren parte da gizarte haustura horiek gainditzea. Minaren eta sufrimenduaren enpatiarik gabe ez dago bestearen aitortzarik, ezta eustea dagoen prozesurik eta kohesio sozialik ere bizikidetza eraikitzen laguntzeko.
Egungo egoera aldatzeko honako oinarriak beharko lirateke:
1. Habanako prozesua zilegi jotzea eta akordio hori oinarritzat hartzea edozein prozesurako. Aurrerapenak onartu eta balioetsi behar dira, abiapuntu gisa hartuta desadostasunak eztabaidatzeko.
2. Guztiek baztertu behar lukete gerrara itzultzeko alternatiba. Bakerako helburua oinarrizkoa da, ez bakarrik epe ertain edo luzera begira, baizik eta gertakizun historiko baten gisan, egun babestua izan behar duena.
3. Adostasuna zabaltze aldera, negoziazio berri batera txerta daitekeen edozein aldaketak «hiru aldeek» proposatutako aldaketen mende egon behar du: Estatua, Ezetza ordezkatzen dutenak eta FARC. Ezin da bakarrik egin Ezetzaren alde daudenak erakartzeko.
4. Aurkezten diren alternatibek adostasun handiagoa lortu behar dute, ez dagoena baino gutxiago.
5. Bakearen aldeko lengoaia behar da, inposiziotik gertu dauden kontzeptuak saihestuz. Alde guztiek onartu behar dute hori.
6. Eztabaidak edukiei buruz izan behar dute, ez eslogan politiko bihurtu. Ahaleginak egin behar dira eztabaida babesteko debate publikora jauzi egiterako.
7. Ezetzaren edo Baiezkoaren aldeko kanpainetan dauden argudioak akordioan oinarrituta izan behar dute, eta ez horiek manipulatuta.
8. Akordioa egiteko bi aldeek alboratu dutena argi azaldu behar da, Estatuak utzitakoak azalduta, eta presidente ohiek utzitakoa ere bai, ez bakarrik FARCek utzitakoa. Justiziari buruzko eztabaida publikoki parte guztiei buruz planteatu behar da, ez bakarrik parte bati buruz.
9. Euren taldeetan erreferente diren eta negoziatzeko gaitasuna duten solaskideak hautatu behar dira, azal dezaten zein elementu aldatzeko prest dauden. Orain arte negoziazioetan bi aldetatik egon den kontzeptuen bilakaera eta garapena azaldu, eta alde guztien posizio aldaketa behar dela onartu behar dute.
10. Aldeek konpromisoa hartu beharko lukete komunikazio prozesu bateratu bat egiteko, izu moralak saihestuz. Egiaztatze eraginkorrerako tresnak ezarri beharko lirateke hiru aldeentzat bermeak egon daitezen.
Kolonbiak bizi duen une historikoak erronken mailako erantzun adostuak behar ditu. Are gehiago orain, ziurrenik luzatuko delako egoera. Iragandako garaien eta egungo egoeraren aurrean belaunaldi berrien aroa dago jokoan. Erantzukizuna, sentsibilitatea eta ezberdinen artean akordioak lortzeko gaitasuna dira oinarriak itxaropen partekatua izateko Kolonbian barruan, eta kanpoan.
( Erredakzioan itzulia )
Bakerako jarrerak, kontsentsu berriak eta Habana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu