Bakearen prezioa

2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Euskal Herriaz ari garenean, jakinaren gainean gauden arren, gauzak errepikatu egin behar izaten dira sarri, eta ahal bada didaktikoki idatzi erraz ulertzeko eran, batik bat, euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez dutenentzat. Euskaldunok zer izan ginen, zer egin ziguten (konkista eta genozidioa), egun nola gauden eta nora goazen (helburuak) argi eduki behar dugu. Abertzale egiten gaituen tradiziozko herri kontzientzia daukagu gehienok, baina gure historiaz jabetzeak eta berau barneratzeak beste bultzada bat emango liguke.

Euskal gatazka deitzen dioten horrek 500 urteko historia du. Ez zen ETArekin jaio, horrela saldu nahi diguten arren. Arazoaren jatorria aspaldikoa da. Euskal Herria (Nafarroako Erresuma) Europako Estatu librea eta subiranoa izan zen bere garaian, eta Gaztelako (Espainia) tropek, indar bortitza erabiliz, independentziarekin batera dena lapurtu ziguten: euskal identitate nazionala, biziraupen kulturala, erabakitzeko eskubidea, bakea... Beraz, etorkizunean benetako bakea lortu nahi bada eta Estatu espainolak estabilitate politiko iraunkorra eduki nahi badu, ezinbestekoa zaio Euskal Herriari dagozkion eskubideak onartzea. Eskubideak eta bakea ezin daitezke banandu, lotura estua dute bien artean, amaren haurdunaldia zilborresteak lotzen duen bezala.

Bakea hitza sinplea den arren, bertsio asko ematen zaizkio bakoitzaren interesen arabera. Hona hemen kontakizuna: bakearen eta Jainkoaren izenean, bakean bizi diren herriei bakea hautsi, gerra eginez, eta dena suntsituta garaile atera ondoren, beraiek nahi duten bakea ezarri. Argi eduki behar dugu inposiziozko bakea indarkeria dela. Historiari begiratzen badiogu, horixe da hain zuzen Euskal Herriari gertatu zitzaiona. Espainiaren egungo «Una, grande y libre» hori euskal herritarren odolez gorrituta dago, batzuen zorionerako eta euskaldunon kalterako tamalez. Fernando errege Katolikoak (1512) nahiz Mola eta Franco jeneralek (1936...) Jainkoa inplikatu zuten, bakearen izenean herriak okupatuz herritarrak hiltzeko eliza hierarkiaren babesaz.

Niri beti gustatu izan zait gauzen zergatia jakitea, hori delako ondo ikasteko biderik onena. Denok dakigun bezala, bizikidetzarako plana eginda dago, eta hastear egon daiteke. Indarkeria sufritu duten biktimak eskoletan izango omen dira beraien bizipenak kontatzeko eta gehienbat indarkeria mota bat deslegitimatzeko, ETArena alegia. Nik, neure aldetik, errespetu handia adierazten diet biktimei. Baina, hemen dena kontatu behar da, eta ez pelikularenamaiera bakarrik. Bakerik ez egoteko hona ekarri gaituen historia ere bai.

Nork jarri behar dio bakeari prezioa?... Gogoko izaten dut gogoratzea boteretik egiten diren adierazpenak. Espainiako gobernuei (Aznar, Zapatero) maiz entzun izan diet honelakoak esaten: «Bakea bai, baina ez edozein preziotan», «Ez da inolako ordain politikorik egongo», «euskal nazionalismoak inoiz ez ditu bere helburuak lortuko, ETArekin edo gabe»... Beraien bakearen izenean, gure bakeari prezioa jartzen dioten merkatari hauek daude zerrendan: Gobernua, polizia, fiskalak, magistratuak, Auzitegi Nazionala, boterearen hedabideak, politikari unionistak, jaka aldatu dutenak, Espainiako Apezpikuen Batzarra... eta bai garesti ordaindu ere, eta ordaintzen: atxiloketak, inkomunikazioak, torturak, bizi osoko espetxe zigorrak, ilegalizazioak, hilak, desagertzeak, iheslariak...

Demokrazia batean inola ere ezin da onartu, gutaz hemengoa ez den beste gizarte batek (Espainiak gure kasuan) erabakitzea. Uste dut ez dagoela eroso bizitzerik eta ez bakerik geure herria libre ikusi arte. Menpekotasuna beste barik onartzen bada, ezingo gara inoiz pozik bizi. Estatu espainolaren jokoaren tranpa boteretik behin eta berriz errepikatzen den leloan datza: «Espainian ideia politiko guztiak defendagarriak dira». Zertarako?.. Zer lortzeko?Beste 500 urte egon behar al dugu ba zain, eta oraingoan gure ideiak defendatzen? Herri honen eskubideak ez daude gehiengoaren jokoaren menpe ipintzeko.

Eskubide historikoak berreskuratu esaten denean, ez da erosi edo saldu behar den zerbait, edo parlamentu bateko aritmetikak erabaki behar duena, herri honi lapurtu zitzaiona (independentzia eskubidea) itzultzea baizik, beraz, jabetza berak du soilik, eta ez beste inork. Printzipio demokratiko naturala da.

ETA duela 50 urte sortu zen. Egun, ahots anitz dira behin betirako armak uzteko eskatzen ari zaienak. Hala izatekotan, adostutako amaiera izan beharko luke, nire ustez, eta ez polizialki garaitu nahi izatea, umiliatuz, gero trofeo gisa politikoki erabiltzeko. Bide horretatik ez dator soluziorik eta ez bakerik. Komunikabideen aurrean maizagertzen zen Zapateroren Gobernua, esanez: «ETArekin hitz egiteko lehenik hiltzeari utzi behar dio». Iritsi da garaia, tokian zaudete.

Egun, politika giroan, geldiezin bilakatzen ari diren mugimendu anitz ematen ari dira: ETAren su- etenaren iragarpena -protagonismoa herriarena izan behar duela esanez- Bruselako adierazpenarekin konpromisoa hartuz, Gernikako bakearen eta elkarrizketaren aldeko akordioa, Bilboko manifestazioa, Donostiako Miramar Jauregian sinatutako Autodeterminazio eskubidearen aldeko manifestua, Iruñeko independentziaren aldeko martxa berdea, Torturarik ez lelopean Donostian egindako azken manifestazio erraldoia... Tren honi ezin diogu ihes egiten utzi. Beraz, independentisten (subiranisten) batasuna ezinbestekoa da une honetan, demokratikoki Estatuari aurre egiteko.

Autodeterminazio eta independentzia eskubideak aldarrikatzen ari gara urteetan, eta beraiek esan beharko lizkigukete ukazioaren arrazoiak. Beraien demokraziak ez, baina historiak arrazoia ematen digu. Bakearen prezio bakarra herri honi dagozkion eskubideak onartzea da. Luze joango da,gogorra izango da, baina iritsiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.