Bakearen prezioa, errendizioa

2022ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
PSOEk Mendebaldeko Saharako herriari egin dion traizioak eta Ukrainako inbasioaren oinarrian dauden gertakari batzuek erakusten digute autodeterminazio eskubidea dela subiranotasun arazoak konpontzeko bide bakarra, eta haren ukapena, gatazkak endekatzeko modurik onena. Errusiak jakin beharko luke Ukrainak eskubidea daukala nahi duen bezalakoa izateko, eta Ukrainak jakin beharko luke Donbassko herritarrek ere eskubide berbera daukatela.

Oro har, estatuek —eta are gehiago inperialistak badira— nekez ulertzen dute herri guztiek, edonongoak direlarik, eskubidea daukatela beren burua gobernatzeko, beren lurraldean bakean bizitzeko, eta nahi dutenekin harremanak izateko. Txinak ez du ulertu nahi Taiwanek, Hong Kongek edo Tibetek eskubidea daukatela subirano izateko. Errusiak ez du ulertu nahi Ukrainak eskubidea daukala, Errumaniak edo Letoniak beste, subirano izateko. Europan gauza bera gertatzen da: Espainian, Katalunia, Galizia edo Euskal Herriarekin; eta Frantzian, Bretainia, Korsikarekin, eta abar. Israelek ez du ulertu nahi Palestinak eskubide osoa daukala behingoz herri libre bat izateko, eta abar, eta abar.

Lurralde horietan guztietan sortzen diren eta sortuko diren gatazka batzuek zerikusia daukate lurralde horiek guztiek aske eta beren buruen jabe izateko duten gogoarekin. Estatuak ente artifizialak dira gehienetan, konkisten eta oinordekotzen ondorio, eta maiz hainbat herrik osatzen dute estatu hori. Herriek estatu baten barruan antolatzeko eskubidea daukate, eta handik banantzekoa ere bai: erabakitzeko eskubidea praktikan jarriz, autodeterminazio eskubidea egikarituz. Badakigu, ordea, apenas estaturik dagoela munduan eskubide hori aitortzen duenik. Eta, aitortzen ez denean, gatazka ekidinezina izan ohi da.

Gatazkak ez du beti indarkeria esan nahi, indarkeria ez da beti armatua. Edozein moduz, herri bati nahi duen bezala gobernatzeko eskubidea ukatzen zaionean, herri horrek dauka, eta ez beste inork, bere burua nola defendatu nahi duen erabakitzeko gaitasuna. Lehen erantzukizuna eskubidea aitortzen ez dutenena da. Norena litzateke (da) erantzukizuna Mendebaldeko sahararrak beren izateko eskubidea (alegia, bizitzeko eskubidea politikoki) armez defendatzen hasiko balira?

Gaur egun gure artean ez dago ondo ikusita herriek, beren burujabetasuna aldezteko, armak hartzea, baina autodefentsa lotuta dago agresioarekin, eta herri bat inbaditzen denean, adibidez, arrazoiak arrazoi, armetara jotzea ia ekidinezina izan ohi da; tamalez halaxe da, gauzak elkarrizketa bidez konpontzea desiragarriagoa den arren.

Bakea eta jendea bizirik mantentzea da egoerarik onena. Gerrak eztanda egiten duenean, eta batik bat inbasio forma hartzen duenean, sortzen da dilema. Pazifismoak orokorra eta salbuespenik gabea izan behar duela esaten ari dira batzuk. Gerrak eztanda egiten duenean, borondate oneko usteek eta konbikzioek (bizitzaren balio absolutua, adibidez) ez dute asko balio: alde edo kontra jarri beharra dago, bati edo besteari lagunduz (intelektualki bederen). Errealak imajinarioa deuseztatzen du. Ahaztu egiten zaigu bakeak, bake izateko, justua izan behar duela; hala izan ezean zapalkuntza onartzea baita, boteretsuaren aginteari men egitea.

Badago Ukrainako sarraskia ekiditeko, bizitzak oro salbatzeko modu seguru bat: errendizioa, ukrainarrek amore ematea, Errusiaren esanetara jartzea (Mendebaldeko Sahara Marokoren pean bizitzea, euskal herritarrok betiko espainiarrak edo frantziarrak izatea onartzea). Kataluniako politikoek, aitortu dutenez, estatuaren biolentzia ekiditeko, bertan behera utzi zuten independentzia gauzatzea. Prezioa: beren buruaren jabe ez izatea. Horixe da eskatzen dena: munduko herri guztiek beren buruaren jabe izateko daukaten tresna baketsu eta justu bakarrari uko egitea: autodeterminazio eskubideari uko egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.