Bakearen Nobel saria Europar Batasunari?

Haizpea Abrisketa
2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Europar Batasunari Bakearen Nobel saria emango ziotela jakin nuenean, ezin nuen sinetsi. Europan sei hamarkadaz bakea eta adiskidetzearen alde, demokrazia eta giza eskubideen alde egindako lana premiatu nahi izan omen ditu Norvegiako Komiteak. Bakearen Nobel saria bake justu eta iraunkor baten alde borrokan dihardutenei ematen zitzaiela uste nuen inozoki.

Europar Batasuna krisi ekonomiko eta politiko sakon batean murgilduta dago. Azken sei hamarkadetan izan duen larrienetakoa. Instituzioa bera arriskuan dago; ekonomia, finantzak, moneta, bere barruan dauden estatu egiturak kolokan daude etengabe. Kanpo politika NATOren mesedetara jarria du, barne politika, berriz, Nazioarteko Diru Funtsak eta Europako Banku Zentralak diktatzen dute. Lotsa gutxi dauka Europar Batasunak horrelako bidelagunekin Giza eskubideak defendatzen dituela esateko. Ikusi besterik ez dago irakaskuntzan, lan arloan, migrazio politikan edota pertsonen eskubideetan etengabe ematen diren urraketak. Pribatizazio politika bultzatu konpetitiboa izateko, pertsonen eskubideak murriztu segurtasuna bermatzeko, kanpoan gerrak sustengatu barne bakea egonkortzeko. Orwellen nobela dirudi...

Europar Batasuneko agintariek Europar egitura arriskuan ikusten dute, eta ezegonkortasunari aurre egin behar diote etengabe. Gero eta zailtasun gehiago dauzkate bere eredua gizartean onarrarazteko. Ikusi besterik ez dago Europar instituzioen artean eta oinarrizko gizartearen artean dagoen amildegia, Europar Batasuneko hauteskundeak gizartean duen arrakasta eskasa edo Europar instituzioen egitura eta funtzioei buruz dagoen desinteresa.

Bakearen Nobel saria hain justu, egoera larri honetan herritarrak nahasteko dator. Ez zaio Europar Batasunari Demokraziaren alde eta askatasunaren alde 60 urtez egindako lanagatik ematen, ez gaitezen engaina! Europar Batasuna, estatuen batasuna hobe esanda, herritar langile, nazio eta hizkuntza gutxituen, emakume, ikasle eta emigranteen aurka ari da, finantza eta monopolio handiei men eginez. Europar Batasun horri eman diote Bakearen Nobel saria bere gabeziak ezkutatzeko, bere eredua zuritzeko, Europar Troikak eskuratuko du saria mundu manikeista honetan argi gera dadin zeintzuk diren onak eta zeintzuk gaiztoak.

Nolanahi ere, Norvegiako komiteak hura aukeratu du nonbait merezi duelakoan. Europar Batasunak aukera paregabea dauka saria eskuratzeko tamaina duela frogatzeko. Egingo al du zer edo zer Euskal Herrian dagoen gatazka konpontzeko? Elkarrizketa eta adiskidetzea bultzatzeko? Eta Frantziak eta Espainiak —bere kide direnak— gatazka bide demokratiko eta baketsuetatik bidera dezaten premiatzeko? Bakearen Nobel saridun batek ez luke gutxiago egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.