Bakearen kultura politikoa: erabakitzen ik(h)asten

Oier Errementeria eta Zelai Nikolas
2020ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Aurreko astean aurkeztu zen euskal emakume politikarien Ahotsak plataformak (2002-2006) landu duen txostena, Bartzelonako Escola de Cultura de Pau katedrarekin batera. Txosten horretan aztertzen da emakume horiek zer-nolako ekarpenak egin zituzten euskal gatazka demokratikoki bideratu eta bortxa gainditu zedin.

Euskal Herriko mugimendu feministak ere, bortizkeriarik gabeko bizitzak lortzeko bidean, justizia feminista eta autodefentsa feminista beharrezkotzat jotzen ditu, eta horren inguruko gogoeta sakonak bultzatzen ditu bortxa gizarteko edozein esparrutatik desager dadin.

Euskal Herrian, mundu osoan bezala, indarkeria oso errotuta dago eta indarkeria estrukturala pairatzen dugu bizitzaren arlo askotan. Indarkeria gizartean aspalditik datorren jarrera bat da. Historian zehar botereaz baliatzeko tresna nagusia izan da, eta gaur egun indarkeriaren ondorioak jasan eta bizi izan ditugunok oraindik ere gure jarreretatik ez dugu guztiz baztertu. Euskal gizartean eta erakundeen politiketan indarkeriarik gabeko jarrerak eta azterketa kritikoak eskatzen zaizkie indarkeria justifikatu izan duten pertsonei edo taldeei (eta ez guztiei exijentzia maila berdinarekin). Konforme, baina ez da sustatzen bakearen aldeko kultura sakon bat, ezta justizia feminista baten aldeko politikarik ere.

Bakea ez da gatazkak ukatzea, horrek tiraniara eramango gintuzkelako. Bakea ez da gatazken aurrean axolagabekeriaz jokatzea, ezta beste alde batera begiratzea ere. Gatazkak bizitzaren parte dira, eta gure kontraesan eta interesen gainetik jokatzen jakitea eskatzen du. Gatazken arrazoiei sakon begiratzeko gaitasuna lantzea dakar,iritzi desberdinekin enpatizatzea,bakoitzaren arrazoien inguruan eztabaidatzen jakitea, eta adostasunak lortzea. Horrek guztiak ematen digu gizarte askeago, elkartuago eta sanoago bat eraikitzeko aukera. Era berean, gatazkak ez bideratzeak ezintasunak eragiten ditu eta ezintasun horrek berriz elikatu egiten du indarkeriaren gurpil zoroa.

Bakearen kultura sakon bat ez da soilik jarrera indibidualetan oinarritzen, baizik eta botere-harremanakulertzeko eta erabiltzeko moduari estuki lotuta dago. Euskal Herrian ustez egon beharko luke oinarri indartsu bat bakearen kultura gure artean partekatzeko eta lantzeko, aintzat hartuta euskal gizarteak bere baitan pairatu dituen bortxa ezberdinak. ETAk borroka armatua utzi zuenetik hamar urte igaro diren honetan, oraindik ez dugu bakearen kultura sakon bat garatu. Badira errelato ezberdinak gertatu denaren inguruan, adostasunerako aukerak eta esparruak eraiki gabe. Badira, oraindik ere, Espainiako armadako arduradun ohi batzuek milaka lagun erailtzeko proposamenak partekatzen dituztenak whatsapp bidez. Badira gure artean ezinezko ikusten dutenak bortxarik gabe gizarte justu eta aske bat lortzea.

Horren aurrean, Hannah Arendtek dioena dakargu gogora: «Bortxak beti suntsi dezake boterea; arma baten kanoitik agindu eraginkorrenak sortzen dira, obedientziarik bat-batekoena eta beteginena determinatzen dutenak. Baina hortik aterako ez dena boterea da. Botereak ez du justifikaziorik behar, legitimazioa behar du».

Euskal Errepublika posible ikusten dugunok bidean bakearen kultura landu nahi dugu. Libre erabaki nahi dugu eta horretarako baldintzak sortu behar ditugu, bortxarik gabe eta errepresiorik gabe askatasunez erabakitzeko.Euskal estatua enpatian, elkartasunean, duintasunean eta askatasunean oinarritu nahi dugu. Xaloak ez gara, ordea, eta badakigu orain arte estatu berri ia guztiak bortxan eta odolean eraiki direla. Gure gizarteak pairatu duen bortxaren historiak lagundu beharko gintuzke are irmoago izaten bidegabekeria guztien aurrean, edonondik datozela ere. Herri-gaitasuna landu beharko genuke bakea sendotzen jarraitzeko. Erantzun eta adostasun kolektiboak beharko dira, jakinda jarrera militaristei aurre egin beharko diegula eta horretarako autodefentsa gisa desobedientzia zibilari ere heldu beharko zaiola, elkarrizketa eta negoziazio izanik gure arma bakarrak.

XXI. mendean gaude eta posible da Europan estatu berri bat edo batzuk azaltzea giza eskubideetan oinarritutako kultura batean. Euskal Errepublika zilegitasunean oinarritu behar da, eta horretarako boterea modu desberdin batean erabiliko dugula bermatu behar dugu estatugintza prozesuan parte hartzen dugunok. Hori, ordea, ez da gertatuko gure gaitasunetan sinisten ez badugu, eta orain arteko bizipenetik ateratako irakaspenak partekatzen ez baditugu belaunaldien artean. Garrantzitsuena da Euskal Errepublika eraikitzeko bidean egiten diren urratsek demokratikoki behar duten zilegitasuna izan dezatela zaintzea eta bermatzea.

Ortzi-muga horretara heltzeko berriz, herritarrok eskura dugun tresna garrantzitsuena kultura politiko demokratikoan sakontzea da. Deliberazio eta parte hartzeko gaitasunak bereganatu eta partekatu behar ditugu. Erabakitzen ik(h)asi behar dugu. Gainditu behar dugu Francoren esaldi famatu hura: «Haga como yo; no se meta en política». Guk politikan parte hartzea aldarrikatu nahi dugu. Ik(h)asi nahi dugu deliberatzen eta politika publikoak erabakitzeko prozesuetan parte hartzen. Gure artean gizarte-ereduak eztabaidatzen ik(h)asi nahi dugu, gure artean adostasunak lortzeko eta erabaki zilegiak bideratzeko. Utz dieziogun bizitza osoan zimaurra jaten duen euli bat izateari, eta bilaka gaitezen lorez lore, herriz herri, eskuz esku bere komunitatea hobetzen eta denen ongizatearen alde lan egiten duen erle.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.