Bakearen eta elkartasunaren Aberri Eguna

Patxi Zabaleta Jean Mixel Galant
2011ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Aurtengo Aberri Eguna laster egingo ditugun hauteskundeen eraginpean dator, krisi ekonomiko oso sakon bat pairatzen ari garela; behin betiko egonkortuko den bakearen zain ere badago euskal gizartea. Aralarrek eta Abertzaleen Batasunak Aberri Egun anitza aldarrikatu nahi dugu alderdi abertzaleontzat hain garrantzitsua den data berezi honetan.

XXI. mendeko euskal gizartea anitza eta aldakorra da. Euskal Herria herritar guzti-guztiok osatzen dugu, eta guri dagokigu, euskal gizarteari, gure burua abertzaletzat dugunoi eta bere burua abertzaletzat ez dutenei ere bai; independentista sentitzen garenoi zein ez garenoi; Aberri Eguna guztiona da.

Euskal Herria abertzaleona baino ez dela pentsatzea errealitatearen aurka egitea da, etorkizunaren aurka egitea, eta, batez ere, demokraziaren aurka egitea. Aberria aniztasunaren eta elkarbizitzaren garapenean eraiki behar dugu. Aberri Egunaren ospakizunak herritar orori irekiak behar dute izan, Euskal Herriko gizartearen osotasunari.

Euskararen eta euskal identitatearen garapena askatasun demokratikoetan oinarrituta eraiki nahi dugula aldarrikatzeko aukera bikain baten aurrean gaude.

Aralarrek eta Abertzaleen Batasunak aniztasunaren Aberri Eguna aldarrikatzen dugu 2011ko Aberri Egun hau. Aberri Eguna modu bateratuan ospatu nahi dugu. Horretarako, beharrezkoa da ahalik eta eragile politiko eta sozial gehien ados jartzea eta deialdi zabal eta bateratzailea egitea. Baina, zoritxarrez, beste behin ere asmo horretatik urruti gaude, jarrera eta irizpide partikularrak gailendu direlako.

Erabakitzeko eskubidea herri izatearen ezaugarria eta ondorioa da aldi berean. Oinarri-oinarrizko eskubide hori gizartearen osotasunak garatu behar du, eta herritar orori dagokigu, abertzale izan zein ez izan. Horixe da, hain zuzen, erabakitzeko eskubidearen izateko arrazoia.

Erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena gizarteko talde edo alderdi bakar baten ezaugarri bezala aurkezteak bere berezko balioa murrizten du; izan ere, demokrata guztion elkargunea erabakitzeko eskubidean dagoela uste dugu. Nahi dugun etorkizuna zein izan behar den erabakitzea gizarte osoari dagokio, eta hori da, hain zuzen, izaera demokratikoaren oinarria eta froga.

Erabakitzeko eskubidearen apustua aniztasunaren foroan jokatuko da. Foro horretan galdu edo irabaziko du gure herriak etorkizunerako dauzkan aukerak. Horregatik diogu aurtengo Aberri Eguna aniztasunaren Aberri Eguna dela, nahiz eta, zoritxarrez, ez den egingo ospakizun anitz eta bateraturik.

Erabakitzeko eskubidea egun Euskal Herria osatzen duten hiru erabaki esparruetan garatu behar da, esparru bakoitzean ematen diren baldintzak eta erritmoak aztertuta, horietako bakoitzean dagoen indar korrelazioan oinarrituta.

Era berean, aurtengo Aberri Egunak balio du hainbeste behar ditugun bakea eta normalizazio politikoa gogoratzeko. Euskal nazioak Europako herrien artean lekua izateko, beharrezkoa da bakea eta normalizazioa erdiestea. Euskal gizarteak lehenbailehen lortu behar ditu elkarbizitzak eskatzen dituen baldintzak.

2010eko Aberri Egunaren harira Aralarrek eta Abertzaleen Batasunak plazaratu genuen manifestuan jasotako aldarrikapenetan aurrerapauso nabarmenak eman dira; besteak beste, Gernikako Akordioan jasota daudenak. Gure kezka eta erantzukizuna da akordio hori bere osotasunean betetzea, bakegintzarako eta normalizazio politikorako ibilbide-orria dela uste baitugu.

Horretarako, ETAri jarduera armatua aldebakarreko erabakiz behin betiko uztea exijitzen diogu, horixe delako bere amaiera duin bakarra. Halaber, Espainiako eta Frantziako estatuei exijitzen diegu eskubide zibil eta politiko guztiak errespetatzea, giza eskubideetan oinarrituta, eta horretarako, legedi eta epaitegi bereziak indargabetzea.

Bakeak, aldi berean, biktima guztien aitorpena eta erreparazioa eskatzen du, eta preso politikoen errespetua zein beren egoerari konponbidea bilatzea. Baina, batez ere, euskal gizarteak barne baketze sakona behar du. Jazarpen, eraso, mehatxu eta gorroto ororekin amaitu behar dugu, elkarbizitzak oinarri sendoak izan ditzan.

Aberri Egunaren ospakizunak elkarlana eta indarren metaketa bilatzea exijitzen digu, euskal gizarteak dituen arazoei eta kezkei erantzun ahal izateko. Krisia (ekonomikoa, soziala, energetikoa, ingurumenekoa…) modurik latzenean pairatzen ari direnak ezin ditugu ahantzi, batez ere langileak eta langabezian dauden pertsonak, edozein herri eraikitzeko oinarria beraiek osatzen dutelako.

Elkartasun soziala aldarrikatzen dugu, nazioarte mailan zein gure herrian. Independentistak eta abertzaleak gara, baina argi dugu herri hau gure artean bizi nahi dutenekin batera eraiki behar dugula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.