Gainean dugu urte berria eta eliztarrok Bakearen Eguna ospatuz hasiko dugu; aurten, gure herri eta gizartean bizi den giro baikor eta itxaropentsua lagun dugula. Izan ere, duela bi hilabete, urriaren 20an, jaso zen Euskal Herriak aspaldian irrika zuen berria: ETAk bere jarduera armatua bukatutzat ematen zuela, alegia. Herriaren lasaitasun eta pozerako albistea, dudarik gabe, poz betea ez bada ere oraindik, bakea oso hautsita bizi izan baita gure herrian eta makina bat herritarren artean. Halaber, armak isiltzeak bizikidetzarako eta jarduera politikorako bake-giro itxaropentsua indartzeko egokiera ekarri dio gure herriari: aurrerantzean denon artean garatzen eta sendotzen saiatu behar dugun bake-giroa.
Zenbait pauso garrantzitsu eman beharrean gara, oraindik, bake sendoa eta zuzena iritsi ahal izateko. Lehen-lehenik, berrogeita hamar urteko borroka armatuak eragindako hainbeste eratako biktimez oroitu nahi dugu: ETAk hildakoak, zaurituak, bahituak, familia hondatuak, estortsioak eta mehatxuak nozitu dituztenak eta, orobat, ekintza polizial eta parapolizialetan hildakoak, torturatuak, preso sartuak, urrutiratuak eta zigorraldia luzatu zaienak eta horien guztien familiak. Giza-eskubideen ukapenetik eta sufrimendutik ateratzen eta giza duintasunez bizitzen lagunduko dien onarpena eta errekonozimendua eskaini behar die gure gizarteak, orobat gure kristau elkarteek. Eta, hein batean, ari da gertatzen ezagutza hori gizarteko zenbait gunetan.
Ezagutza eta onarpen horrek, bestalde, egiazko adiskidetze-bidean aurrera egiten lagundu behar dio gure herriari. Adiskidetzeak ez du esan nahi gaizki egina ahaztea, egindako kaltea gogoan ez izatea; kalte egin izana aitortzea eskatzen du eta, ahal den neurrian, erreparatzea, hau da, justiziazko konpentsazioa ematea, baina berriz ere kalte eginez erantzun gabe eta, etorkizunari begira, gogorkeria erabiltzeko asmo guztiak baztertuz. Gainditu beharra dago gaizkiaren etengabeko katea, bizikidetza berritu eta baketsuari bide emateko. Horretarako, ezinbestekoa da, ezer baino lehen, pertsonaren izatea eta duintasuna edozein ideia, egitasmo eta helburu politikoen gainetik jartzea. Ideia bat aurrera ateratzeko edota egitasmo bat betetzeko pertsona zapaldu beharra badago eta norbait prest badago izugarrikeria hori egiteko, berriz ere bortxakeriaren zurrunbiloan sartu eta bakea zapuztuko dugu.
Giza duintasuna lehenestea eta aitortzea ezinbestekoa dugu bakealdi hau zinezko bake bihur dezagun. Indarkeriaren bukaera ez dago erabakitzerik egokiera edo estrategia edo eraginkortasun politiko hutsagatik: giza duintasuna errespetatzeak eskatzen du. Printzipio etiko hau ezinbestekoa da. Egiazko zuzentasun- eta bake-kontua da pertsonaren eskubideak onartzea beste ororen gainetik, indarkeria zuztar-zuztarretik ukatzeko eta haren amaiera erro-errotik justifikatzeko.
Hori guztia gogoan dugula, bada kontuan izan beharreko beste gai bat ere, baldin eta bake sendo eta zuzena eraiki nahi badugu: berrogeita hamar urtez gure herriak jasan duen gatazka lazgarri eta deitoragarri horren jatorria. Izan ere, hainbeste sufrimendu, neke, odol eta heriotza ekarri duen gatazka ezerezetik sortu ote zen? Interpretazioak era askotakoak izan litezke, baina ez da zalantzarik interpretazio horien azpian arazo oso sakona datzala.
Horrela, gure gotzainek urte askotan argitara emandako beren idatzietan, arazo larri eta ilun horren erdian argi egin nahirik, bortxakeria eta heriotzak zorrotz gaitzesteaz bat, gatazkaren arrazoia eta jatorria ere kontuan izan beharreko gaiak direla esan izan digute. Eta jatorri hori aurkitzeko, kontuan hartzekoa da Euskal Herriak azken berrehun urte honetan nolako gerrateak nozitu dituen. Ez dago ukatzerik ETA ez zela hutsetik sortu. Francoren diktadurapean jaio zen eta hilketen bideari ekin zion, mundu zabaleko hainbat herrialdetan marxismo-pentsaerako mugimendu iraultzaile armatuak sortzen ari ziren aldi eta giroan. Ez dago ukatzerik ere ETA sortu baino lehenagokoa dela euskal auzia, izaera historikoa eta politikoa duela eta ETAren bukaerak ez dakarrela, besterik gabe, gatazka politikoaren konponketarik, ez bukaerarik. ETAren jarduerak, izatekotan, atzeratu egin du gatazkaren konponketa elkarrizketatua, politikoa eta demokratikoa.
Pertsonarentzat bizitzeko eskubidea oinarri-oinarrizko eskubidea den neurrian, herrientzat oinarri-oinarrizkoa da izateko eskubidea. Gizakiaren eskubideak herrien eskubideetara hedatu dira; eta gizakiarentzat egia dena halaxe da herriarentzat ere. Bakea ez da giza-eskubideen errespetuan bakarrik oinarritzen, baita herrien eskubideak errespetatzean ere. Horregatik, nazioartearen zuzenbidearen arabera, Estatuek herri bakoitzaren erabaki-eskubidea errespetatu beharra dute; hala dio Elizaren doktrina sozialak. Kristau garen aldetik, Euskal Herriak izateko eskubidea duela pentsatzen dugu; bai eta bere buruaz erabakitzeko eskubidea ere. Eskubide hori gauzatzeko akordio berria erdietsi beharra dago, aipatutako elkarrizketa politikoaren bidez eta printzipio demokratikoak betez. Herriari eman behar zaio hitza eta gehiengoak erabakitzen duen akordioa bete, betorik jarri gabe: ez gorago jotzeko, ez beherago geratzeko. Horrela uste dugu irits gaitezkeela egungo bakealditik egiazko bakera.
Eta, orobat, kristau garen aldetik, sinesten dugu zinezko adiskidetzea eta baketzea Jainkoak ematen digula eta eman digula jada, Jesukristo gure Jaunak bere gurutzeaz lortua baita. Horixe esan zigun San Paulok: «Orain, berriz, Kristo Jesusenak eginik, garai batean urruti zinetenok, hurbildu egin zarete Kristoren heriotzari esker. Izan ere, Kristo da gure bakea. Bat egin ditu berak bi herriak bereizten zituen etsaigoaren hesia deseginez. Bere gorputzean baliogabetu egin du legea bere agindu eta arauekin, eta bi herriekin gizadi berri bakarra sortu du haren baitan, bakeak eginez. Bi herriak Jainkoarekin adiskidetu ditu eta gurutzeko heriotzaren bidez gorputz bakar batean elkartu, beraien arteko etsaigoa suntsituz.» (Ef 2, 14-16)
Baina, halaber, badakigu Jainkoak emandako bake hori guri, gizakioi, dagokigula gauzatzen eta elkarrekin eraikitzen jakitea. Ezinbestekoa dugu, beraz, adiskidetze-bidean eta bakegintzan dugun erantzukizuna benetan hartzea, ikuspegi eta jarrera ezberdinekoen artean elkarrizketa bultzatuz, pertsonaren eskubideak gauza guztien gainetik defendatuz eta Euskal Herriaren izatea eta eskubideak aitortzeko bideak irekiz.
Eguberriak une berezi eta egokia ditugu bakegintzarekiko geure konpromisoa bizkortzeko. «Errege bake-emailea» deitzen dugun Jesukristoren jaiotza ospatzeak bakea egitera eta bakean bizitzera eragitea da gure gogoa eta, horrela, Jainkoak gure artean egin nahi duen bakea onar dezagula. Gau hartan Belengo zeruan entzun zen oihu pozgarria gure herrian eta munduan entzuteaeta onartzea!!nahi genuke: «Aintza zeruan Jainkoari eta bakea lurrean berak hain maite dituen gizon-emakumeei.» (Lk 2, 14).
Bakealdia zinezko bake bihurtu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu