Bakeak eta elkarbizitzak denak barnebildu behar gaitu

2015eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Data jakin batzuk ez genituzke inoiz ahaztu beharko: gaur duela lau urte Aieteko Konferentziak itxaropena ekarri zien euskal herritarrei.

Eta horrez gain, 2009ko gaurko eguna ere ongi gogoratzen dut. Zer esanik ez aurten, berriro larunbata eta berriro Donostiako kaleak zeharkatzera deituta. Urtero elkartzen zaizkit urriaren bi 17ak, zerikusia ez duten arren, eta badutelako. Indar ezberdinak biltzeko gai izan direlako, egoera eta helburu ezberdinak edukita, baita testuinguruak ere.

Baina itzul gaitezen harira. Duela lau urte garrantzi handiko urrats kolektiboa eman genuen bakearen eta elkarbizitzaren eraikuntzan; oinarri bat jarri genuen, 2011ko urriaren 17 hartan, euskal herritar guztiek etorkizun hobea izan dezaten.

Bakea eraikitzeko eta gatazka politikoari irtenbidea emateko iparra eta eginbeharrekoak marraztu genituen mota guztietako eragileok Aieten. Bide horretan, urratsak egin dira lau urteotan: bortxazko adierazpenetako batzuk desagertu egin dira; biktima guztien sufrimendua aitortzeko eta haien oroimena sustatzeko neurriak hartu dira; ehundu ditugu orain arte ezinezkoak ziruditen harremanakā€¦ Euskal jendartea bera da elkarbizitzaren bidean emandako aurrerapausoen islarik garbiena.

Baina oraindik ere, bakearen eta elkarbizitzaren eraikuntzan, eta Aieteko Konferentzian adosturiko mandatuetan, falta dira ezinbesteko katebegiak. Bortxazko adierazpenak ez dira oraindik amaitu. Biktima askok ez dute oraindik beren sufrimendua aitortuta ikusten eta haietako batzuek ahanzturaren zuloan darraite edo egia noiz argituko zain. Presoen eskubideak urratu egiten dira, baita haien senideena ere. Zubiak eraiki ditugun arren, ibaiaren beste aldekoak arrotz moduan ikusten dira oraindik behin baino gehiagotan. Eta oro har, askoz hobe egonda ere, indar politikook gaur gaurkoz ere gizartearen nahiei erantzun baikor eta praktikoak emateko zailtasunak ditugu, eta oztopoak jartzen dira gehiegitan. Alderdien arteko mahaia oraindik eratu ez izana, lekuko; edota ez dugu ezertaz hitz egin behar indar politikook?

Izan ere, bakeak eta elkarbizitzak guztiok barnebildu behar gaituzte, halakotzat har ditzagun. Aitor diezaiogun elkarri gatazkan gertatukoaz nork bere errelatoa egiteko eskubidea; onar dezagun nork bere kontakizuna eta bizipenak dituela eta denona batuz gero, egia osatuagoa eta osoagoa izango dugula. Pentsa dezagun herri gisa; konta dezala nork bere egia eta defenda dezala gauza bera egiteko auzoaren eskubidea. Eman ditzagun urratsak elkarbizitza demokratikoan: zilegi da nork bere proiektu politikoa garatu nahi izatea eta beharrezkoa da proiektu hori demokratikoki gauzatzeko benetako aukera bermatzea. Bila ditzagun adostasunak eta konpon ditzagun desadostasunak modu demokratikoan eta barne-hartzailean. Horrek aberastu egingo gaitu. Horrek kohesionatu egingo gaitu.

Indarkeriak gogor jo du Donostia. Eta halaber Donostia Aieteko Konferentziaren habia izan da. Baita, azken urteotan, sentsibilitate guztiak barne hartzen zituzten hainbat ekimenen elkargune ere. Bidea hori dela uste dugu. Eta tokian tokiko dinamikek eta ekimenek ere eragin handia izan dezaketela garapen orokorrean. Horregatik, Donostia ezin hobea izan daiteke instituzioek aitzindaritza har dezaten dinamika barne-hartzaileak abian jartzeko: denontzako bilguneak aurkitu behar ditugu non sentsibilitate guztietako herritarrak eroso sentituko diren eta bakearen eta elkarbizitzaren aldeko ekarpenak egin ahal izango dituzten. Alderdi politikoek eta instituzioek, interes alderdikoiak edo epe motzeko begiradak baztertuta, dagokien ardura historikoa bereganatu behar dute, jendartean zabaltzen ari diren dinamikak ere bere eginez. Donostia eredu izan daiteke horretan: azken urteetan adostasunean oinarrituta, garatu diren dinamikei segida ematen asmatzen badugu, donostiarrok geure alea jarriko dugu bakearen eta elkarbizitzaren eraikuntzan. Horretarako, arduraz eta ausardiaz jokatu beharra dugu.

Lau urte joan dira Aieten itxaropena piztu zenetik. Argi-ilunez betetako lau urte. Kontuan har ditzagun, noski, ilunak, baina argiei begira jar gaitezen, eta izan gaitezen baikorrak. Baikortasun-oinarriak denok barnebildu behar gaitu, benetako bakea eta benetako elkarbizitza lortzeko; eta ondorengo belaunaldiek, Donostian eta Euskal Herrian, gaur egungoek eta aurrekoek sufritutakoa paira ez dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.