Europa berrarmatzeko garaia omen da. Horretan bat datoz Europar Batasuna, estatuak eta baita populazioa ere. Horrela ematen du, behintzat, hedabideei erreparatzen badiegu. Dirudienez, Ameriketako Estatu Batuek abandonatu gaituzte. Donald Trumpek ez gaitu defendatuko, babesgabe gaude, eta guri dagokigu orain ardura hori hartzea. Gauzak horrela, (gure) bakea eta segurtasuna bermatzeko egin behar den guztia egin behar dugu. Bestela, inkontzienteak edo inozoak izango ginateke; are okerrago, idealista hutsak.
Errealista izateko garaia omen da, ordea. Eta 2024an, Europar Batasuneko kideek defentsan gastatutako 325.000 milioi euroak (Espainiak, 30.000 milioi) nahiko ez direnez, itsulapikoa ireki behar dugu. Ahalik eta lasterren, gainera. Beste 800.000 milioi lortzea proposatu du Ursula von der Leyen Batzordeko presidenteak. Eta estatu kideetako agintariak hori azkar onartzeko prest ageri dira. Trump poztuko da asko. Alde batetik, aspalditik eskatu dielako NATOko kideei defentsa gastuak nabarmen handitzea. Eta, bestetik, gaur Europak erosten dituen armen %65 jada estatubatuarrak diren arren, bertako enpresek soberan dutelako saltzeko. Ukrainako gatazkan bitartekari lanetan aritzeak bakezale sutsu bihurtu omen du Trump, eta dagoeneko ez dago negozioetan pentsatzen. Munduko bakea du orain kezka nagusi. Bestalde, ozeanoaren alde honetan, besteak beste, Frantzia, Alemania, Italia eta Espainia (eta horiek babesten dituzten beren armamentu-enpresak), alai ere. Lau estatu horiek urtero agertzen dira munduko hamar arma esportatzaile nagusien zerrendan, eta berea irabaziko dute. Azkenik, Europar Batasunak barne kohesioa eta bereganatu nahi duen protagonismoa lortuko ditu berrarmatze europar horrekin, estatu kideetan (gerra) ekonomia eta enplegua sustatzeaz gain.
Armen bidez, bakea prestatzeko garaia omen da. Lelo zaharrak esaten duenez, Si vis pacem para bellum, hau da, bakea nahi badugu, prestatu behar dugula gerra. Disuasioa eta kontrola, esaten dute batzuek, berriro. Beldurra eta mesfidantza, esaten dut nik. Benetan bakea lortzeko gerra da prestatu behar duguna? Gerra prestatuz gero, gerra izango da eskuratuko duguna. Hemen edo han, hurbilago edo urrunago, baina gerra izango dugu emaitza. Ez dago zalantzarik. Militarismoak eta gerrazalekeriak indarkeria, menderatzea, giza eskubideen urraketak eta gerrak sustatzen dituzte. Mina eta txikizioa. Benetako bakea nahi badugu, bakea da prestatu behar duguna. Zenbat diru, denbora, energia, formakuntza, interes eta diskurtso jarri dira historian (eta orain) militarismoaren alde? Zenbat, ordea, bake-kultura sendo bat eraikitzearen alde? Ez da kasualitatea batak eta besteak duten garrantzia gure pentsamoldeetan, gure egunerokotasunean eta baita gure politiketan ere. Militarismoak kolonizatu gaitu.
Zerbaiten garaia bada, ausartak eta sortzaileak izateko garaia da; politika sozialak eta bizitza zainduko duten politikak defendatzeko garaia; elkarbizitza, elkartasuna eta ongizatea sustatzeko garaia. Hortik bai benetako bakea. Egunerokoa, etengabekoa eta tokikotik globalera, gainera.
Bide batez, ez, ez dut ahaztu, hemen ere badugula gurea. SAPA, Sener, Tecnalia, Satlantis eta armak fabrikatzeko katean, modu batean edo bestean, parte hartzen duten hemengo enpresak ere pozik daude. Are gehiago, Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ekonomia sailburu (kasualitatea izango ote da?) Mikel Torres entzun ostean. Otsailaren hasieran, «arma-industriari» ez zaiola «beldurrik izan behar» esan zuen, foro ekonomiko batean. Handik hona, gobernuko beste kide batzuek ere mezu bera zabaldu dute. Horiek bai, adierazpen arduragabeak!
«Gerra hemen hasten da» esan zuen aspaldi Euskal Herriko mugimendu feministak, eta bueltan esan dute aurtengo Martxoaren 8an. Izan ere, hemen ekoizten eta esportatzen dira munduan erabiltzen diren hainbat arma. Ni banaiz armen beldur. Agian gatazka armatu baten testuinguruan bizi izan naizelako (egun M-23 talde armatuak erasotzen dien Kivuetan, Kongoko Errepublika Demokratikoan), eta badakit zer dakartzaten armek. Gerrak biztanleriarengan dituen ondorioak gertutik ezagutu ditudanez jada, (benetako) bakea sustatzea nahiago dut orain.