Bakea eta demokrazia Kolonbian eta EHan

Patxi Zabaleta, Rebeka Ubera
2016ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Kolonbiako bake itunaren sinadurak, alde bien borondate politikoaren erakusle diren adierazpen eta baieztapen zoragarriak bezain hunkigarriak utzi dizkigu, betaurreko politiko zein giza betaurrekoekin irakurriak ere: «Haber logrado un acuerdo con las FARC no significa que haya existido claudicación mutua» —H. de La Calle—; «La Paz dialogada no da espacio para vencedores ni vencidos. Gana Colombia. Pierde la muerte»—Ricardo Tellez—. Txalogarria Kolonbia!

Euskal Herrian eta Espainiako estatu osoan ere urte eta urte luzeetan elkarrizketa erantsi eta batu izan diogu bakeari. Elkarrizketa munduan zehar behin eta berriro ikusten da gatazken konponbide sakon, zuzen eta demokratiko bezala eta Kolonbiakoa horren eredu da. Ez bakarrik euskaldunok baizik eta Espainiako benetako demokrata gehienek elkarrizketaren balioa aitortu eta goraipatu izan dute urte eta urteetan; adibide bezala aski da Ernest Lluchen hiletan bere alabaren hitzak gogoratzea.

Kolonbian hamarkadetako sufrimendu, odol-jario, desplazamendu, indarkeriaren eragile nagusiak, munduari eta gainontzeko eragile politiko zein agintarien aurrean, adibiderik hoberena izan dira ikusteko, borondate politikoa dagoenean dena dela posible. Zailtasunak, eta oztopoak gutxietsi gabe, eta oraindik ere etorriko diren makilakada eta borondaterik ez dutenen trabak ahantzi gabe. Orain dela urte batzuk, Euskal Herrian, bakerantz urratsak ematen hasi ginenean, nork esango zukeen gu baino lehenago lortuko zutenik? Eta ez dugu hori esaten, euskaldunok azkarragoak garen sentimendutik; izan ere, gatazka bien ezaugarriak ezberdinak dira, eta kasu bakoitzean bere zailtasunak zeuden, baina han elkarrizketaren abantaila lortu dute, eta hemen ez. Euskal gatazka politikoak gatazka politikoa izaten jarraitzen du, eta elkarrizketarik eza Madrileko eskuin muturreko gobernuaren eta PSOEren zati handi baten koldarkeriaren errua da. Elkarrizketarik eza ez da euskaldunon errua, eta ezta ETArena ere. Alderaketa eginez gero, azaletik bada ere, nabarmena da Kolonbiako gatazka, gurearen aldean askoz ere konplexuagoa izan dela, eta haren ondorioak ere, kopuru hutsetan geratuta ez direla aldagarriak. Miresgarria Kolonbia!

Orain, Kolonbiar herriaren esku geratzen da, bi aldeek lorturiko bake ituna erreferendum batean berrestea edo ez. Benetan goresgarria. Zalantzarik gabe, 2016ko abuztuak 24, zinez gogoangarria. Aurrera Kolonbia!

Kolonbian eragile nagusiek, gizarteko hainbat eragile, ordezkari eta nazioarteko adituen babes eta sustapen lanarekin, elkarrizketa eta negoziazio ibilbidean erakutsi digute, borondate politikoa badenean, benetan zerbait lortu nahi denean, oztopoak gainditzen direla, formen eztabaida antzuak alboratzen direla eta akordioetarako hitzak, beharrezkoak diren edukiak eta neurriak bideratzeko aukera dagoela, horien zerbitzura ezarriaz gehiengo eta gutxiengoen indar korrelazioan oinarritzen den demokrazia eta horren ordezkariak diren erakunde eta legediak, eta ez alderantziz. Izan behar den bezala. Eredu Kolonbia!

Kontziente gara, bidea, igarotako bidea eta iragan beharko dena ez dela samurra izan eta ez dela sastraketatik salbu egongo, baina, hala ere, eredugarria izan da Habanan bereziki, garatua izan den urteetako elkarrizketa, eta eredu gobernu zein gerrillaren jarrera. Eutsi Kolonbia!

Gogoeta honetan, ordea, azterketa xume eta labur bat behintzat egin beharrekoa da elkarrizketa politikoari jarri zaizkion oztopoez. Zergatik hainbesteko zailtasun elkarrizketari? Ez al da ba elkarrizketa bizikidetzaren demokraziaren eta zibilizazioaren beraren ezaugarria? Galdera horien erantzunean ez da aski gorrotoa, erra edo biktimen erreakzio ulergarria aipatzea; gainera izan badira biktimak elkarrizketaren alde argi eta garbi eta ozenki adierazi direnak. Elkarrizketa ukatu izan da herri nortasuna ukatzeagatik, eta, ondorioz, erabaki eskubide demokratikoa ukatzeagatik.

Eta orain datorrena, gogorrena eta malkartsuena izanik ere, zeinen erronka liluragarria, ausarta eta eskuzabala jokatzen dakiten goi mailako eragileentzat, dena delarik haien ideologia. Interes kolektiboa, herri oso baten interesa, interes partikularraren gainetik jartzen dutenentzat. Herritarren esku utziaz, azken hitza. Normaltasunerantz, pertsona guztiak, ideia guztiak, proiektu guztien joko zelaira jauzia egin aurretik. Gora Kolonbia!

Bitartean, hemen Euskal Herrian, eta elkarrizketarik ezean, gatazkak gatazka izaten jarraitzen du. Gatazka soilik politikoa eta bide soilik politikoetatik jokatu eta irabazi —edo galdu— behar dena. Estatuko indar politiko argienek eta aurreraturenek jakin badakite XXI. mendeko demokrazia garatu batean kontraesanezkoa dela erabaki eskubidea ukatzea, baina hemen Euskal Herrian oraindik badaude indar politikoak ez direnak foruen trikimailuzko hezurduratik irten. Nola ituna hitzartu, erabakitzeko eskubiderik gabe? Nola subiranotasuna partekatu subirautzarik izan gabe?

Zenbat daukagun Kolonbiatik eta beste hainbeste tokitatik ikasi beharra!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.